Euskal Memoriaren azken argitalpenean, Euskal Kantu Errebeldea idazlanean, ia 700 euskal kanta aldarrikatzaile entzun eta irakur daitezke. Hala ere, liburua izozmendiaren gailurra besterik ez da: azpian, milaka kanta ezkutatzen dira, historialarien, soziologoen eta politologoen aztergai ederra azken 70 urteetako euskal gatazka ulertzeko. Argitalpen horren sarreran, idatzi nuen herri baten kantutegia osasun txartel baten antzekoa dela, herri haren osasun fisiko eta espiritualaren adierazle, eta haren gorabehera historikoen isla. Gurearen moduko herri kantari eta intsumisoetan, lirikaren bidez agertzen dira politika eta salaketa soziala, eta borroken bidelagun bihurtzen da. Horixe egin zuen Gernikako arbola ereserkiak mende batez. Galdetu bestela Iparragirreri.
Gogoan izan liburu hau laburpen txiki bat dela. Entziklopedia digital bat dugu egiteko, gure historiaren etapa honetan sortutako guzia bertan biltzeko. 1959a dugu erreferente nagusia, ETAren sorrera urtea. Leherketa musikal hark gaurdaino jarraitu du, eta eragin handia izan du gazteriaren sektore zabal batzuen politizazioan, kontzientziazioan eta erradikalizazioan.
Fenomeno hori ez zaie oharkabean joan Espainiako analistei, ikusi baitute nola euskal matxinoak kantugintza ia guzian nagusitu diren: gatazka politikoaren ikusmolde ofizialetik guziz kontrako ikuspegira bi belaunaldi eraman ditu. Oro har, gure kantutegian, euskalduna Espainiak eta Frantziak zapaldutako herria da, polizia zapaltzaile eta torturatzailea arbuiatzen duena, bere hizkuntza maite duena, munduko herri zapalduen senidea, sakonki ekologista, feminista, antikapitalista eta antimilitarista. Horrek ez du eragotzi askatasun nazional eta sozialaren alde armak hartu zituztenak babestea. Kantutegian, terroristak estatua eta haren morroiak dira. Beste aldean, ñabardura guztiekin, gudariak daude, armaturiko herritarrak. Horixe goraipatzen da ehunka kantatan.
Kontrako aldean, urte hauetan sortu edo kantatutako milaka kantatan, ez dago bakar bat ere —ez behintzat guk dakigula— trantsizioa goresten duenik, okupazio indarrak txalotzen dituenik, monarkiari edo ordenamendu konstituzionalari zilegi deritzonik… Nola egon daiteke halako zuloa diskurtso politiko ofizialaren eta gure diskografia, plazak, frontoiak eta gaztetxeak betetzen dituen herri errealitatearen artean? Zer zerikusi du klase politikoaren eta komunikabide gehienen diskurtsoak euskal gazteriak entzun eta kantatzen duenarekin?
Ez da harritzekoa analista batzuk amorratzen egotea, ikusita gure kantariek (eta zer esan gure bertsolariek!) haien dogma sakratuak alde batera utzi dituztela. Jakintsu aztoratuenetako batek, David Mota EHUko Historia Garaikideko doktoreak, dio Euskal Rock Erradikala izendapenaz «joera politiko ezberdinetako taldeak» (nazionalistak, erradikalak, akratak, nihilistak, anarkistak) bildu zirela, eta Herri Batasunaren kanpaina «alai eta borrokalariek» fagozitatu zituztela, hala nola Martxa eta Borroka. «Taldeen arteko ideologia desberdinak edozein zirela ere, beren abestiek ukitu bortitz, probokatzaile eta iraingarri handia zuten, Zuzenbide Estatuaren kontrakoa».
Analista horien esanetan, joera horren errua Ez Dok Amairuk eta haren jarraitzaileek izan omen zuten. Hainbat kantautorek, adibidez Imanol, Urko edo Pantxoa eta Peio, beren abesti batzuetan «gatazka» kontatu eta ETAko kide jakin batzuen irudiak goratu zituzten. «Ez dago zalantzarik», azpimarratzen du David Motak, «Euskal Rock Erradikala funtsezkoa izan zen azaltzeko orduan euskal gizarteak, batez ere gazteek, 1970eko eta 2000ko hamarkaden artean bizi izan zuten indarkeriaren kultura». Gure analisten tesiek azken finean deitoratu dute ez egotea euskal talde baten kantu bakar bat ere ETAren biktimak esplizituki aipatu dituenik. «Musika mota horretan, ETAren terrorismoaren biktimak ikusezinak izan dira eta dira». Horixe bai egia biribila.
Orduan, galdera sortzen da: nola da posible Euskal Herrian inork, zinez inork, Espainia markaren alde ez abestea, duten botere mediatikoarekin eta egitura instituzional osoarekin? Deus ez, ez dago zortzikorik, ez bluesik, ez rockik, ezta pasodoblerik ere… Hara, zinez herri hau beste bat izango litzateke bertako sortzaile guziek, ahots eta gitarra hutsez gain, zinema handi, telesail, telebista saio edo Melitoniumak egiteko baimen eta baliabideak balituzte, kontakizun ofizialaren aldekoek dituzten moduan!
«Kantatzen duen herria ez da hilko», horixe zioten Larragako emakume jotariek. Azken 70 urte hauetako euskal gatazka aztertzean, historialari zintzoek ezin izango diote entzungor egin gure kantutegi herrikoiari. Haren bidez, ongi ulertzen da herri txiki batek nola aurre egin zion heroikoki frankismoaren jarraipenari, okupazio militar eta mediatikoari, eta noranzko bakarreko diskurtsoari.
Esklabotzaren kronikalariek kontatzen dute beltz-merkatariek beldur ziotela palenque gauari, esklabo zimarroien danbor eta abesti gauei, haien hizkuntzan kantatuei. Askatasun eremua zuten: iraganarekiko sustrai, eta etorkizunerako itxaropen. Euskal Herriak bere kantutegia lantzen jarraitzen duen bitartean, haren zapaltzaileek ezin izango dute lasai lo egin.