Memoria historikoaren aldeko ekintzailea eta Mikel Zabalza Gogoan ekimeneko kidea

Kartzela (eta erbestea) memoria bilakatu beharko dira, ez besterik

Fermin Balentzia Mendia eta Ainhoa Bueno Munarriz
2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrenaren data biribilak, bai eta, horrenbestez, Trantsizioa deituriko garai historikoaren hasierarenak ere (1975etik 1982ra bitarteko urteak), Memoria historikoaren gaineko ekitaldi eta ariketa ugari ekarri dituzte. Aurten, halaber, Francoren heriotzaz aparte, 50 urte bete dira langileen borroka eredugarri batzuk egin zirenetik; horien mugarrietako bat 1975eko urtarrilean Potasasko meatzeetan egindako itxialdia izan zen; urte hartako apiriletik ekainera luzatu zen salbuespen egoerak atxilotu eta torturatu samalda bat eragin zuen, baita eraildako batzuk ere. Azkenik, urte hartako irailean gertatu ziren Francoren garaiko azken bost fusilamendu legalak.

Hastear dugun 2026an, berriz, beste mugarri garrantzitsu batzuk oroituko ditugu: 50 urte beteko dira Gasteizen bost langileren erailketa gertatu zenetik, martxoaren 3an; Segoviako kartzelako ihesa, porrot egindakoa, apirilean izan zen; alkate talde batek dei eginda, Bergarako ekitaldi jendetsua egin zen uztailean; hilabete berean desagertu zen Eduardo Moreno Pertur errefuxiatua... 2027an, 50 urte beteko dituzte ikurrinaren legeztapenak; Xibertako elkarrizketek; Parlamenturako aurreneko hauteskundeek; udaberriko amnistiaren aldeko asteek, errepresio bortitza ekarri zutenek; askatasunaren aldeko ibilaldi hark, udan Aratzuriko zelaietan bukatu zenak, zaldiak eta guzti erabiliz erreprimituta; eta Amnistia Legeak berak, espetxeak euskal preso politikoz hustu zituenak, hogei egunerako besterik ez! Eta halaxe, memoria ekitaldiak etorriko dira, bata bestearen atzetik, herri honen bizitzan garrantzitsuak izan diren gertaeren 50. urteurrenak gogoratzeko; eta horien artean, 2032an, 50 urte beteko dira 1982ko abuztuan Foruaren Hobekuntza promulgatu zenetik demokratikoki berretsi gabe, bai eta PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenetik ere, urte haren bukaeran. Zalantzarik gabe, oroitzapen ziklo hau abagune aproposa da herri gogoeta egiteko, ondorio partekatuen bidez gaurko eta etorkizuneko eztabaidaz eta konfrontazio politikoaz mintzatzeko, eskubideen urraketa eta sufrimendua, alde guztienak, ekuaziotik kanpo gera daitezen betiko.

Gaurko ekarpenaren muina hortxe kokatu nahi dugu. Urtarrilaren 10ean, Bilboko kaleak berriz beteko dira, enegarren aldiz, memoria ariketa batean ez baizik eta, zoritxarrez, oraindik gaurkotasun erabatekoa duen ekitaldi batean. Izan ere, gatazka batek eragindako arrazoiengatik euskal herritar batzuek, ehunek baino gehiagok, kartzelan segitzen dute, oraindik ere gatazka hori sufritzen ari garelako, eta ez diogu utziko hori gogoratzeari. Presorik gabeko Euskal Herria herriaren eskakizun bat da, mobilizatzeko gaitasun handia izan duena eta oraindik ere baduena, bai duela 50 urte bai gaur egun. Herriaren irabazien zerrendan apuntatu beharrekoa da gaitasun hori, baina eragile politiko, judizial eta instituzional baten baino gehiagoren zorren zerrendan ere bai.

Nola demontre ez gara gai izan lehenago lortzeko? Urtarrilaren 10ean, adibidez, mutil honen alde mobilizatuko gara: bere aita enpresatik kaleratu zuten Potasasko meatzariekiko elkartasun greba batean parte hartzeagatik, eta ondoren 1981eko maiatzean atxilotu zuten bere herriko zinegotzia izate hutsagatik. Semea, gure mobilizazioaren arrazoietako bat, elkartasunaren bulkadak Ameriketako herrialde batera eraman zuen laguntzera 80ko hamarkadaren bukaeran, eta herrira itzultzea erabaki zuenean han utzi zituen bikotekidea eta alaba. Gaur egun, hogeita hamar urte geroago, mutil hori preso dago, kartzelan segitzen baitu teorian gaindituta dauden salbuespen neurri batzuengatik, eta han ezagutu berriki bere biloba.

Urtarrilaren 10ean, 1975eko apirileko salbuespen egoeran atxilotu eta basakeriaz torturatu zuten beste gazte haren alde ere mobilizatuko gara, zeina herritik milaka kilometrora bizi behar baitu oraindik, gaixotasun larri batek jota, gainera. Eta mobilizatuko gara jaiotzez euskal herritarra ez den neska haren alde ere, zeina gaztetatik solidarioa izan zen eta Frantziako nahiz Espainiako espetxeetan urteak eta urteak daramatzan salbuespen politiken ondorioz... Adibideak azaltzen jarrai genezake, ehun eta gehiago baitira, eta adibide horietako bakoitza arrazoi bat izango da urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak leporaino betetzeko, xede batekin: 2025eko manifestazioa izan dadin mugarri bat, mobilizazio hau memoria ekitaldi bat bihurtu arteko atzera kontaketaren hasiera, eta hori Trantsizioaren 50. urteurren ekitaldien zikloa bukatu baino lehen gerta dadin.

Bizitzan eta memoriaren aldeko lanean esperientzia urteak bildu ditugunok ederki ikasi dugunez, modu egokian ixten ez diren gatazkak errepikatu egiten dira etorkizunean, belaunaldi berrien kalterako. Gazte-gazteak garenok guretzat eta gure herriarentzat aske bizitzeko proiektu bat eraikitzeko lekukoa hartzen dugu; oraindik indarrean dagoen gatazka behin betiko konpontzeak aukera emango digu gure energia guztiak etorkizuneko borroketan jartzeko, oraindik ezezagunak diren desafio berriei aurre egiteko. Orain da unea: preso, deportatu eta iheslarien itzulera ezin da gehiago luzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.