Idazlea

Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak

2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Gureak —Hego Euskal Herria— 2011n izan zuen inflexio puntu garrantzizko bat, noiz eta Kataluniako procés-a hasia zenean. Harrezkero, Espainiako Estatuarekiko konfrontazio politikoa behera joan da hemen, eta gora hangoa, harik eta 2017ko urriaren 1ean goia jo zuen arte, eta harrezkero, ur uharretan dabiltza nahasturik.

Martxelo Otamendik Nolako Aberri Egun bateratua izeneko artikulua argitaratu du BERRIAn (2024-04-03). Laburra da eta Kataluniakoa jarraitu behar ez den bidetzat paratzen digu: «Prozesuaren garaian, 2012tik aurrera, milioi bat lagun baino gehiago biltzen zituen urteroko manifestazioak. Ondoren, Kainek lur hartu zuen Katalunian, alderdi eta gizarte erakunde subiranistek labanak atera zituzten, eta hango egoerak eredua izateari utzi zion. Badakigu zer ez den egin behar».

Artikuluaren xedea EAJren eta EH Bilduren arteko harreman gaiztotua hobetzearen bidetik doa, eta 2025erako Aberri Egun bateratua bultzatzea proposatzen du. Beste modu batera esanda, Lizarra-Garaziko espiritu eta politikara itzultzea. Abertzale sentitzen garenontzat, borondate oneko proposamena bada, baina ez dut uste horregatik Kataluniako egoera politikotik ikasteari utzi behar diogunik. Kataluniara begiratzeak ez digu kalterik egingo. Gurean, EAEko bozen atarian, bi eredu kontrajarri omen daude, eta Katalunian? Han ere bozen atarian baitira!

Lizarra-Garaziren espiritura itzultzeko moduan al gaude epe motz samarrera? Benetako Aberri Egun bateratuak, ERCk, Juntsek eta CUPek adostu zuten prozesu nazional bateratua galdegiten du, eta EAJ eta EH Bildu urrun daude hitzarmen estrategiko nazional bateratutik. Hasteko, EAJ azken berrogei urte luzean, estatuko indarrekin bat, ezker abertzalearen estrategia politiko-militarra indargabetzen enplegatu da, eta epe ertainera behintzat, ez da ikusten aldaketa funtsezkorik gertatuko denik: jarraituko du PSE-PSOErekin elkarturik, autonomismoan, Espainia «federalagoaren» barruan halako burujabetza partekatu modukoa predikatzen, eta autonomismoa praktikatzen; eta, EH Bilduk berriz, egungo ERCren ildotik, segur aski, pazientzia predikatzen eta batez ere helburu sozialetan zentratzen: alderdien epe motzeko interesak aurretik eta aberriaren interesak atzetik, nahiz eta inkesta guztietan, alde handiagatik ez bada ere, EAEko herritarrek nahiena duten gobernu-koalizioa EAJ eta EH Bilduren artekoa izan.

Zergatik hedatu zen hain indartsu Katalunian procés-a? Hiru faktore behintzat egon ziren: bata, autonomismoaren azpian bazegoelako independentziarako gogoa azalera ateratzeko abagunearen zain; biga, autonomi estatutuaren erreforma dela-eta politikari katalanek pairatu zuten umiliazioagatik —itun fiskalaren negoziazioak porrot egitean, Artur Masek Puigdemont independentistari pasa zion lekukoa—, eta bestea, herritarrak konbentzitu ziren Kataluniak defizit fiskal handia zuela, eta horrenbestez, independentziarekin duintasun ekonomiko eta nazionala irabaziko zutela. Eta garrantzizkoena: gauza izan ziren estatuaren errepresioari iskin egin eta 2017ko urriaren 1a eredugarriro antolatzeko eta ahal zen bezala aurrera eramateko, estatuaren indar faktiko guztien —erregea buru— kontrakotasun itzelaren aurka borrokaturik. Eta behera zergatik etorri da?

Lehenik eta behin, estatuaren errepresio alimalekoagatik (armadunak, togadunak... erabiliz). Hori birritan hartu behar da kontuan. Espainiako Estatua ez da demokratikoa katalan eta euskaldunontzat. Demokratikoa da espainolentzat edo espainol bezala jokatu nahi dutenentzat. Bigarrenik, jakina denez, desberdin jokatu zuten ERCko eta Juntseko agintari gehienek. Haiek kartzelara eta hauek erbestera, bateko eta besteko salbuespenak salbu. Horrek bi bide politiko desberdinetara eraman ditu. ERCko eta Generalitateko presidente Aragonesek hauteskunde aurretik agertu duen erreferendumerako proposamena patetikoa eta gezurtia da. Badaki ondo asko ezdeusera kondenatua dagoela. Katalan independentista guztiak bat eginda joanda, eta herritarren indar handia lagun zutela lortu ez bazuten erreferendum lotesle bat erdiestea, ERCk bakarrik zera lortuko du! Hauteskunde-taktika hutsa da.

Juntsek eta Puigdemontek Alde Bakarreko Independentzia deklarazioari ezinezko iritzirik —ezinezko batez ere estatuaren kontrakotasun eta Europako Batzordearen errekonozimendu faltagatik—, iduri du iragan hamarkadako prozesuaren ildora eraman nahi dutela berriz ere politika katalana, hots, alderdi independentisten batasun nazionalera eta berriz ere kaleaz nagusitzera, erreferendun loteslea xede, alde bakarreko deklarazioari uko egin gabe. Eta Puigdemontekin desados, Ponsatík eta Grauperak-eta sortu duten Alhora alderdiak berriz, errotik eta berehala moztu nahi du 1978ko erregimenak ezarritako zilborrestea, 2017ko urrian alde batera utzitako Alde Bakarreko Independentzia aldarrikaturik.

Horrenbestez, tamalez, katalan alderdi independentistak sakabanaturik doaz maiatzeko hauteskunde aurreratuetara, eta egoera horretan segur aski PSC unionistak irabaziko ditu bozak. Bozen emaitzak azterturik, zer egingo dute? PSCk eta ERCk gobernatuko dute Katalunian, biek ere Madrilen PSOE babesturik? Abertzale independentistek ANC eta Omnium kulturalarekin eta lortuko dute ados jartzea eta beste procés bati ekitea? Zer patu izango du Alde Bakarreko Independentzia deklarazioak?

Estatuaren errepresio eta bitarteko askoz handiagoengatik, oso zail daukate eta oso zail daukagu. Eta ez gaude katalanak baino aurrerago independentziarako bidean. Gertuen ERCren jokabidetik gaude hortxe nonbait, hots, autonomismo aurrerakoitik; azpian, independentzi nahiak jarraitzen duen arren. Jarraituko ahal du!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.