Hildakoen senideak eta elkarte memorialistetako kideak

Koilara ematea

Joaquin Iraizoz Vizcar, Gotzon Garmendia Amutxastegi eta Javier Ayape Zaro
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxi, 2025eko ekainaren 14an, Nafarroako zenbait pertsonak osaturiko plataforma bat Erorien Monumentuaren babes maila gutxitzearen aurka agertu zen, bertan museo kultural bat eraikitzeko. Tripartito birsignifikatzaileak bezala, badakite Memoriari buruzko 20/2022 Legeko 35. artikuluan xedatuta dagoela mota horretako eraikinak ezabatzeko derrigortasuna dagoela, eta salbuetsiak direla soilik katalogatutako ondare historiko edo artistikoaren parte direnak, Interes Kulturaleko Ondasunak (IKO), alegia; eta hori ez da Erorien Monumentuaren kasua. IKO moduan katalogatzeko Telmo Aldaz buru duen elkarteak Nafarroako Gobernuaren aurrean eta epaitegietan eginiko saiakerak, 2024ko abenduaren 17an, ukatuak izan dira. Behingoz, agerian geratu dira ikur faxista bere horretan mantentzeko ahalegin politikoak.

Eragile memorialistok badakigu plataforma horren nahia Nafarroan garatu dugun borroka antifaxista ahanzturara baztertzea dela. Hamarkada luzez Nafarroa menderatu duten hari soziopolitiko boteretsu horien presioen eraginez, birsignifikatzaile diren talde politikoetako zenbait sektore indartu dituzte. Horiek horrela, PSN bere lerro gorriak ezartzera ausartu da Erorien Monumentua nahitaez mantentzeko; eta, lerro horietara makurtuz, Geroa Baik eta EH Bilduk, gobernantza aitzakiatzat hartuta, haiek inposatutako baldintza guztiak onartu dituzte. Haien botoekin, Erorien Monumentuaren eraisketaren aukera baztertu dute. Horrekin batera, Nafarroako eragile memorialistekiko apartheida eta mespretxua ezarri dira.

Zer proposatzen du tripartito birsignifikatzaileak? Bada, arkupeen ezabatzea, eraikinaren erdialdeko gorputza mantentzea, gangaren barrualdeko pinturak ezkutatzea eta kupula kanpotik iragaztea, edo antzeko zerbait... ez baita ezer gehiagorik zehazten, ideia lehiaketaren zain. Hori gauzatuz gero, ez dirudi arazo handia izango denik plataforma horrentzat eta berau ordezkatzen duten interesdunentzat, dagokionean nahi adina baliabide politiko eta juridiko eskuratzea egungo egoerara itzultzeko.

Baina nortzuk dira birsignifikazio egitasmo horri esker mesedetuak izango direnak? Aipatu plataforma horren babesle eta hedabide aliatuak, egitura ekonomikoaren eliteak, unibertsitateetako interes taldeak, eta elkargo profesional ugariak. Finean, Nafarroako benetako botere taldeen sustatzaileak. Gure ustez, eraikina eraisteak eta enparantzaren berrantolaketak justizia ekintza bat ekarriko luke, eta maila honetan ere gure lurrean sakoneko aldaketak gauzatzen ari direla erakusteko adibide ikusgarria litzateke.

Eta, orain, Adituen BatzordeaOzen eta zabal iragarri dute eraikina faxismoaren aurkako gune gisa erabiltzeak Eusko Legebiltzarrean onartutako testua bera gainditzen duela. Alta, gure ustez, testuaren anbiguotasunak edozer egiteko aukera ematen du, eta museoan islatuko litzatekeen kontakizuna, unean uneko gobernantza politikoaren menpe geratzen da, Gasteizko Melitoniumen adibidea esanguratsua da.

Adituen Batzordeko kideetako batzuekin dugun harreman pertsonala eta haiekiko errespetua ez dira oztopo kritika serio bat egiteko, batzuentzat garratza izan badaiteke ere. Batzorde hori ad hoc izendatu izana erabateko gardentasun eta inpartzialtasun faltaren adierazgarri da, azken bi urteetako ankerkerien beste adierazgarri bat. Eraispenaren aldeko eragileok, gure bi urteko jarduera deskribatzen zuen txosten zehatza bidali genien 2025eko uztailean aipatu batzordeko hamalau kideei; lau partaidek soilik eskertu zuten bidalketa, eta inork ere ez du iritzi kontraste baterako hurbildu nahi izan. Hau da, hedabideen aurrean biktimen eta talde memorialisten parte hartzea aldarrikatzen da, baina modu maltzur eta ilunpekoan jarduten da.

Batzordeak aurkeztutako txostena tripartito birsignifikatzailearen akordiora milimetrikoki egokitzen da, beraz, txostenak tripartitoaren ildo politikoaren justifikazio eta zuriketa soila dakar. Horrela, aipatu hamalau adituek diote tripartitoaren egitasmoari esker «faxismoak bultzatutako basakeriaren froga moduan» kontserbatuko dela eraikina; eta horrekin batera, eragile memoria bultzatzaileoi aurpegiratzen zaigu, eraikinaren eraistea defendatzeagatik, gizateriaren aurkako krimenen egileei mesede bat egitea; argi esanda, belaunaldiz belaunaldi Nafarroako milaka herritarrentzat izugarrikeria eta faxismoaren gorazarrea den eta adierazten duen erorien mamu hori ezabatzeko defentsa egitean, eragile memorialistok hiltzaileak, bortxatzaileak eta haien konplizeak mesedetzen ditugula diote. Iraingarritzat hartzen ditugu hitz horiek.

1978an, PSNk jada burua makurtu zuen frankismo osteko eskuinaren aurrean, bere militantziari hobien desobiratzea gelditzeko aginduz, bi hamarkada baino gehiago iraun zuena, «elkarbizitza, adiskidetzea eta memoria partekatua» aitzakiatzat hartuta. Egun, berriro ere, Geroa Bai eta EH Bildurekin batera, birsignifikazioaren engainuarekin, Erorien Monumentuaren mantentze lanen koilara sektore politiko berari ematen dio, memorialisten kolektibo zabalaren eta biktimen sentimenduak eta iritzia kontuan hartu gabe. Bihar, azaroaren 8an, Erorien Monumentuaren eraisketaren aldeko manifestazioan izango gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.