AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea

Konplexurik gabe, harrotasun osoz

Aize Otaño Lizarralde
2025eko azaroaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oharkabean pasatzen diren gauza txiki-handiak... Ipurtargiak datozkit gogora. Intsektu txiki horiek eremu basatietan, hezeguneetan eta zingiren ingurumarian bizi dira. Haien berezitasuna da argi hotza sortzen dutela, eta ezaugarri bereizgarri horri gau-limurketa esaten zaio: emeen eta arren arteko hizketaldi konplexua omen. Ipurtargi bakar baten dirdira, akaso, ohartu gabe pasa dakiguke; aitzitik (eta ziur zuetako askori gertatu bezala), ipurtargi askoren argiak ez dira ohartzeke pasatzeko modukoak; bat baino gehiago liluratuta uzteko gisakoak dira. Nik, zorionez, ipurtargien pareko asko dut inguruan, eta ez zaizkit oharkabean pasatzen, ez horixe.

Gurean urteak daramatzagu euskararen zoko oro argiztatzen. Ikasturtero, irailean ekiten diogu lanari. Hilabete zoroa izaten zaigu, batzuetan zoramena, hilabetez baino gehiagoz luzatzen bada ere. Oso esanguratsua izaten da garai hori, zeren eta euskara argiztatzeko gure eginak zerikusi handia baitu. Herritar guztiak euskarara gerturatzeko helburuz ekiten diogu geure jardunari. Han eta hemen aritzen gara, oztopoak oztopo, kontrako haizeari aurre eginez, buru-belarri, guk dakiguna egiten. Eta abiada edo zurrunbilo horretan, ipurtargien gisako kideen lana, apika, oharkabean pasatzen da. Hori da hori marka, gero!

Euskaltegietan lanean diharduten kideez ari natzaizue. Euskal Herriaren luze-zabalean, berrehun txoko baino gehiago ditugu, Euskal Herriko mapa marrazten duten puntutxoak balira bezala. Eta horietan aritzen dira beharrean Udane, Jokin, Ane, Maialen, Amaia, Asier, Josu, Eneritz... Horien guztien esfortzuak ez du parekorik. Ikasturtero-ikasturtero, hor topatuko dituzu, irribarretsu, goxo, gertuko, euskarara hurbiltzeko pausoa ematen duten horien bidelagun izan nahian. Azpimarratu nahi dut, dena den, euskara ikasteko hautua egitekotan, azken horrek zuzenki eragiten duela; hots, garrantzitsua da ikasprozesuaren hastapenetan eta euskarara hurbiltze horretan zer ―edo, bestela esanda, nor― topatzen duzun. Bidelagunak. Eta berriro esango dut: horien guztien lanak ez du parekorik.

Egunotan, helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea ezin estrategikoagoa dugu, zalantza-izpirik gabe. Eta izpiak hizpide hartuta, horixe da euskararen geroa, horretan datza gakoa, izpiek Pizkundea sortzean. Hamaika zantzu ditugu horren erakusle, eta zentzuari edo adimenari jarraitu nahi ez diona, itsua da (horixe bera dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak). Maiz esan izan dugu: euskarak bizirik iraungo badu... Bada, baldintzak alboratzeko garaia da eta, aditz-jokoa moldatuta, joka dezagun aditz jokatuekin, tempusa orainaldian jarrita. Ez baldintza, ez subjuntibo, joder! Baldintza badakigu. Baldin eta hau egiten badugu, baldin eta neurri hauek hartzen baditugu... edo okerrago: baldin eta hau egingo bagenu, baldin eta neurri hauek hartuko bagenitu... Argi eta garbi esan genuen jada unea dela hitzetatik ekintzetara pasatzeko; ekintzak behar ditu euskarak, berehalako ekintzak, ez besterik.

Eta haria joan zait... gure sektorearen estrategikotasunaz hasi naiz idazten, eta horren inguruan jarraituko dut. Datozen urteetan herria euskalduntzeko ardatzetako bat gara, geuk bermatu behar dugu, beste hainbaten artean, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak egitea, euskal herritarrak hiztun aktibo izatea. Eta horretarako, nahitaez, egitura egonkor eta iraunkorra behar dugu; gure jardunbidea berariaz sustatu, indartu eta orokortu behar dute. Bai, dute. Haiek badakite nori buruz ari natzaizuen. Gurean badugu hori erdiesteko behar adina bulkada, gihar, gogo. Bagara nor eta, arestian esan lez, izena eta izana ditugu. Baina ez da aski.

Ezin atzendu, bestalde, oharkabean pasatzen diren bestelako ipurtargi txiki-handiak: ikasleak. Zenbatek eta zenbatek merezi duten guztion miresmenik handiena! Iraganari so, Euskal Herri euskalduna izateko bidean, lagun askok eman du euskara ikasteko pausoa, eman eta egin. Egun ere hala egiten dute batzuek, eta, aurten, beste behin ere, pozarren begiratzen diegu gure aldean euskara ikastea erabaki duten horiei guztiei. Oztopo guztien gainetik, ausardiaz eta borondate osoz, ikasprozesua eten ez dutenei, ikasprozesua hasi dutenei, edota ikasprozesua berrartu dutenei... Zeuok guztiok ere euskararen geroa pizten duzue.

Gure garaia da. Argi baino argiago esan dugu: «Euskararen etorkizuna jokoan da». Aldarrikatu dugu larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekingo diogula. Gu AEK-ko ipurtargiak gara, eta euskararen etorkizuna piztu izan dugu, pizten dugu eta pizten jarraituko dugu... Horrelako guztiengatik izango ez balitz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.