Nafarroan gobernu aurrerakoi baten sorrera ahalbidetu zuen hauteskunde emaitzak aldaketa baten esperantza piztu zuen, 2015eko maiatzaren 24an. Hamar urte geroago, ibilitako bidearen balantzea egiteko garaia dela uste dugu. Gure abiapuntuko hipotesia da aldaketaren zigilua duten neurri eta diskurtsoen multzoek ez dutela lortu botere eta aberastasun banaketan funtsezko ezer desplazatzea. Edo, bestela esanda, hamar urtean zehatz-mehatz errespetatu dela UPN-PSN blokearen funtsezko premisa: Nafarroa kapitalaren zerbitzura dagoen ekosistema gisa kudeatzea.
Hipotesia proban jartzeko, garrantzitsuak iruditu zaizkigun gaiei buruzko hainbat datu bildu nahi izan ditugu postal formatuan. Horrekin ez dugu lana amaitutzat ematen. Aitzitik, hasiera bat proposatzen dugu modu apalean. Postalekin batera https://corralitoprogre.com/eu/ webgunea argitaratu dugu, posta elektronikoz zein sare sozialen bidez komunikatzeko bideak ireki ditugu eta ikerketa eta eztabaida politikorako prozesu zabalago bat proposatzen dugu.
Nafarroa, paradisu fiskala. Azken legegintzaldietako propaganda-aparatuak eskuinetik Nafarroa «infernu fiskal» bihurtzen ari dela saldu zuen bitartean, ezkerretik gastu soziala zerga-igoerarik gabe handitzeko aukera zegoela aldarrikatu zen. Datuen arabera, 2014ko %28,9tik 2022ko %33,7ra igo da zerga-presioa, baina Estatuko (%31,4tik %38,3ra) eta Europako (%38,8tik %41,1era) batezbestekoak gainditu gabe. Sozietateen zerga-presioa %1,1etik %1,6ra igo da, EBko %2,4aren atzetik. 2014an, bilketa osoaren %36,6 PFEZarena, %36,2 BEZarena eta %6,9 sozietateen zergarena zen; 2024an, %42,9, %31 eta %9,3. Hortaz, karga zuzenaren zati nagusia langileen sorbaldetan kokatzen da. Invest in Navarra kanpainak paradisu fiskalaren irudia sendotu du: inbertitzea merkea da, bizitzea ez hainbeste.
Zerealak, txerriak eta kanala. UAGNren eta gobernuaren diskurtso ekologista jarioaren atzean, Nafarroako nekazaritza politikak kapitalaren metaketaren logikak erreproduzitzen jarraitzen du. 2015etik 2022ra landutako 335.792 hektarea ia aldatu ez arren, ustiategien kopurua %25 jaitsi da (19.230etik 14.295era). Era berean, nitrato kutsagarriak dituzten eremuak 237 kilometro karratutik 995 kilometro karratura handitu dira. Nafarroako Ubidearen makroproiektuaren bigarren fasea martxan da, agroindustria handitzeko helburua duelarik, bere kabuz sostengatzen ez den arren.
Nafarroa kapitalaren zerbitzura. 2015eko aldaketa politikoak enpresa-elitearen beldurrak piztu zituen, baina gobernu berriak aurreko politikekin jarraitu zuen, kapitalaren metaketa eremua mantenduz. 2013tik 2023ra enpresa nagusien irabaziak soldaten batez besteko igoera baino askoz gehiago igo dira. Soldata igoera inflazioak estali duelarik. Pobrezia-tasa %13,9tik %17,2ra igo da eta BPGaren %40 atzerriko multinazionalen esku geratu da. Enpresen etekinak bikoiztu diren bitartean, langile-klasearen bizi-kalitatea okertu egin da.
Mirari foralak aurrera darrai. Historikoki Eliza eta Opus Dei Foru Erregimenaren zutabe izan dira. Elizak immatrikulazioak egiten jarraitu du, Nafarroako Unibertsitatearen irabaziak 39,2 milioi euro izan dira 2024an, eta elizari lotutako entitateentzako diru-laguntzak bikoiztu dira (2014tik 2024ra Unibertsitatea 12,3 milioitik 23 milioira, San Juan de Dios 16,5 milioitik 28,2 milioira). Gobernuak Eliza eta Opus Dei indartu ditu, doako eta kalitatezko sistema publikoaren garapenaren eta hobekuntzaren kaltetan.
Paisaia hondatuak eta pobrezia. Azken hamarkadan Nafarroako landa-eremuaren gainbehera demografikoa, ingurumenekoa eta soziala azkartu da: despopulazioa, herrien desagerpena eta biodibertsitate-galerak agerian daude. Hondakinen kudeaketa neurrigabea da eta meatzaritzak eta azpiegitura handiek babes instituzionala jaso dute. Energia berriztagarrien gorakada (parke eolikoak 40tik 51ra; fotovoltaikoa 20 megawattetik 242 megawattera) ez da errentagarri izan familien ongizaterako, etxebizitza elektrifikatu ezin dutenak %2,3tik %12,4ra igo baitira.
Nafarroako Polizia Erkidegoa. Bloke aurrerakoien kudeaketak poliziaren gastua izugarri handitu du: 2014tik 2024ra aurrekontua 51,5 milioi eurotik 85,6 milioira igo da. Foruzaingoak bereziki handitu du plantilla, eta Nafarroak biztanleko polizia-ratio handiena du Estatuan. Gastu polizialaren hazkundea ez du kriminalitate-igoerak justifikatzen, krisi sozialaren testuinguru eta militarizazio korronteak baizik.
Behin-behineko ondorioak. Lerro hauen hasieran esan dugun bezala, ez dugu aldaketaren diagnostiko bat itxitzat eman nahi, baizik eta ideia bat aurkeztu eta komunikazio politikorako espazio bat ireki. Izan ere, badela garaia Nafarroan gobernantza aurrerakoiaren urte hauetan gertatu denaren balantzea egiteko.
Hala ere, argi eta garbi adierazten du eztabaidarako proposatzen dugun ideia nagusia: bloke nabarrista tradizionalak eta egungo bloke aurrerakoiak Nafarroako erregimen kapitalista kudeatzeko bi modu osatzen dituztela.
Uste dugu foru korralitoak eta korralito progreak gizendutako klase ertain eta altuen arteko ituna arbuiatzea atzeraezina dela. Aldaketa galdekatzeko beharra haustura-ziklo bat ireki behar delako intuiziotik sortzen da. Martxan gaude.