Lerroburuari lasai eta arretaz begiratzen badiogu, jabetuko gara, azken urte hauetan bizi izan ditugun hainbat aldaketak, bide berri baten atarian jarri gaituela. Ez dakit, orain arte izandako aukeretan ez bezala, aurrera begira, behar adina indarrik ba ote dugun. Zalantza onargarria da, ez baita txantxa izango datorrenari aurre egitea. Datorrenari aurre egitekotan, dugun guztia emanda ere, eskas izan daiteke, eta arrazoi nagusietako bat hau: garai bateko langileen partaidetza ez baitut ikusten behar lukeen neurrian.
Nire ustez, langile munduan ez da lehen bezala lan egiten, eta arrazoi zehatz bezain kaltegarria mahai gaineratuko dut: langile munduan epe motzeko errentagarritasuna txarra delako.
Pena da baina horrela ikusten dut. Duela ez hainbeste ezagutu dugun elkarganako babes eta solidaritate irmo hura, ahultzen doa langile munduan. Agian horregatik jendeak ez du klaseen arteko banaketaz hitz egin nahi, baina epe luzera, langile klasea da —eta izango da— aldaketarako gaitasuna agertu beharko duena.
Ez da gaurkoa, denek dakigu independentziaren aldeko iraultza ez dutela egingo ondasunez lepo dauden pertsonek, beren interesak arriskuan jarriz. Bakarren batzuek bai, eta ezagunak dira, baina gehienek ez dute hori egingo.
Beharbada —eta aurrera begira jarri garenez— poliki bada ere, gauzak aldatuz doaz, baina klaseen arteko aurrez aurreko zahar eta anker honetan —nahiz oraindik ez barneratua izan— gero eta gehiago beharko ditugunak, etorkinak dira.
Duela hamarkada batzuk bezala, gaur ere, etorkin asko sustrai argirik gabe datozen pertsonak dira, espainiarrak barne. Beren herrian zanpatutakoak, herritik, jaiotako herritik, kanporatu dituztenak. Hauek, esku zabalik jaso, beraiekin zintzo lan egin eta, kosta egingo bada ere, luzera begira funtsezkoak izango direla uste dut.
Arrazoia argia da: langilea ez da sekula aske egiten, nazio batek zapaltzen duen neurrian. Langileak, bere etorkizunaren jabe izango bada, aldarrikapen hori ongi barneratua behar du. Bere etorkizun ekonomiko-ideologikoaren jabe izan behar du. Hor, aldarrikapen nazionala.
Gaur egun —garai batean bezala— euskal burgesia txikiaren aukera iraultzaileak mahai gaineratu daitezke, baina langile munduan gehiago ez sakontzea oker handia da.
Egia da, une jakin batean burgesia txikiak eta langile klaseak abertzaletasuna osatzen zutela uste izan zen. Beste batzuek, aldiz, soilik langile klaseak osatzen zuela uste zuten. Besteek, Maok erabili zituen zenbait lerrori jarraituz, nazionalismoaren etsai nagusia oligarkia dela defendatu zuten, eta horren arabera burgesia txikiaren eta langile klasearen arteko batuketa zela prozesu iraultzaile independentista aurrera eramateko gaitasuna duena. Gaur ere —nire ustez— hortik doa gauza, baina azken fasean, bi elementu hauek lotu egiten dira.
ETAren barruan bazegoen hau garbi ikusten zuen jendea, aldiz, beste batzuek ez. Baina ideia ona eta garbia da, hor dirau eta une honetan ere baikorra da. Gertatzen dena da ez gaudela teoria lantzeko une egokian; halere, gehiago garatu genezake, eztabaida ideologiko gehiago behar baita.
Bai, bai, egia da, behar asko aipa daiteke, bale, baina gaur egun bizi dugun eraso egoera honetan, gabezia horiek saihetsezinak dira?
Politika egiteko era ere asko aldatu da azken hamarkada hauetan —batez ere XXI. mendean— eta ez bakarrik ezker abertzalearen inguruan, baina batez ere, inguru horietan. Dena dela, badira oraindik bere burua asanbleariotzat aldarrikatzen dutenak, eta, neurrian bada ere, ezaugarri, aztarna edo xehetasun asanblearioak egon badaude, nahiz garai hartako asanbladak beste gauza bat ziren.
Geroztik denbora asko igaro da, baita akats aski egin ere. Agian akats horien eraginez ezin da egoera hartara itzuli, edota —argiago esanda— akats horiek egon ala ez, ezin dugu itzuli.
Aurrerapausoak, baita atzerakoak ere ezagutu ditugu, baina hala ere, historian zehar, herriak —ez denak— askatasun handiagoa lortuz doaz. Herrien askatze prozesua ildo historikoan baitago, eta ez bakarrik herriena, gizakiena ere bai. Gertatzen dena zera baita, nazioa bera gizakiaren aldarrikapen eta dimentsioa dela, era berean.
Bertatik bertara begiratzen badiogu, gaur egun jorratzen ari garen bidea —nahiz askatasunaren tresnarik ez eduki bere baitan— aurrerapausoak emateko aukera eskaintzen duen bide bakarra da. Hori bai, lehen aipatu bezala, ez dugu epe motz-ertainean askatasun arrastorik sumatuko, baina garaipen partzialak lortzeko aukerak bai, eta horiek ditugu beharrezko aurrera begira.
Beti izan da horrela, garaipen partzialari ez zaio sekula uko egin behar, ezin dugu dena ala ezer ezdinamikan murgildu. Hor —nola uka— denon artean lortutako koiuntura zehatza eta garrantzitsua dela gaurkoa, nahiz nire izaera, koiunturarekin baino, historiarekin dagoen.
Inork ez daki, ez dakigu askatasun osoa sekula erdietsiko dugun, beraz, beti borrokatu behar izango da askatasunaren alde. Horregatik garaipenak lortzen ditugunean —nahiz partzialak izan—, horiek ez galtzeko beti egon beharko dugu borrokarako prest.
Aurrera egiteko, borondatea ez da aski izango bizi dugun egoeran. Lana, adorea, prestakuntza eta zintzotasuna dira tresnak. Diskurtso beroak, aldarrikapen sutsuak, lanari bide eman beharrean daude. Lanak eramango gaitu agintera. Beraz, langile zintzo eta trebeak nahiago, denerako balio duten buruzagi alferrak baino.