Azaroa agurtu genuen Elgoibarko Morkaiko mendian zegoen gurutze frankista eraitsi zutelako berriarekin. Horrek oraindik gure artean dirauten ikur eta sinboloen zilegitasunaren inguruko hausnarketa piztu zuen. Jakitun gara denok azken garaietan ezbaian jarri dela gazteek iraganaren inguruan duten ezagutza. Begirada tentuz gurera zuzentzen baldin badugu, gure herriaren historiaren ezagutza eta atxikimendua murriztuz doazela konturatuko gara.
Baina belaunaldi eta garai berriak al dira horren guztiaren erantzule? Herri moduan zer egiten ari gara gure ondare kultural eta historikoaren alde? Gure aitona-amonen ahotsak entzuten ditut: «Zer ari zarete egiten gurekin eta gurearekin?». Haria eteten baldin bada, nork altxatuko du ahotsa gure ondorengoei ustezko historia egiazkoa transmititzen dietenean? Zein da kontatu eta mantendu nahi dugun narrazioa? Agian, Benjaminek iradokitzen duen moduan, historiaren irakurketa berriaren zeregina faxismoari erresistentzia egiteko daukagun bide bakarrenetakoa da.
Proiektu ilustratuak bultzatzen duen historizismoaren helburua gertaera historikoak eta historia bera diziplina zientifiko gisa tratatzea da, eta, horrela, dokumentuak eta artxiboak iturri historiko objektibo nagusitzat hartzea. Haatik, dokumentu eta artxibo horiek garaileen historia besterik ez dute egiaztatzen, garaileek material horiek garaileentzat idazten dituztelako. Kontakizun horiek, alde batetik, historiaren beste irakurketa batzuk isilarazten dituzte, eta, aldi berean, garaileenak iraunarazi. Egiazkotzat eman diguten iragana osatu gabe dago. Zapalduen eta erailen ahotsak falta dira, historiaren bide bazterretan ahaztuak izan direnen bizitzak. Baina nola eguneratu ditzakegu posibilitate hutsean geratu diren bizipen horiek? Nola berreskuratuko ditugu hobi komunetan, Gernikako bonbardaketan, gurea den hizkuntza eta herria babesten geratu zirenen garrasi eta bizitzak?
Benjaminen historiaren kontzeptuaren inguruko hausnarketek ez dute gaurkotasunik galtzen. Benjaminek inoiz idatzi ez dena irakurtzearen eta inoiz esan ez dena entzutearen garrantzia azpimarratzen du. Esku artean dugun egitekoa historia ilez kontra orraztu beharrarena da; isilduak izan diren kontakizun guztiak argitara ekartzearena, bidean geratu direnen borrokak eta bizitzak izendatzearena. Alde horretatik, memoriari eta historiari buruzko kezkak bi zeregin nagusi dakartza berarekin: batetik, gertaera historikoak irudikatzeko eta transmititzeko moduak zalantzan jartzea; eta, bestetik, testigantzak eta horiek iraganaren ulergarritasunean duten garrantzia kontuan hartzea.
Lekukotza orotan hutsune bat dagoela onartu behar dugu. Gugana iristen diren lekukotasunak bizirik dirautenenak dira, baina horiek kontatzen dutena zapalduen esperientziara hurbiltzen den jakiteko modu gisa baino ezin dugu ulertu, inoiz ez esperientzia edo ezagutza bera bezala. Horregatik, Agambenek esango digu lekukotza ematea lekukotza emateko ezintasunaren lekukotza ematea dela. Testigantzak —literaturaren, musikaren, zinemaren edo gureen esperientzien bidez emanak— imajinatu ezin dugun sufrimendua irudikatzeko ahaleginak dira. Hala ere, bizirik atera direnen testigantzak erresistentzia aukera gisa aurkezten zaizkigu zapalkuntzak eta heriotzak dakarten ahanzturaren aurrean. Guk, ondorengo belaunaldiok, belarria zorrozteko, gogoratzeko eta oraindik gure artean bizi direnen ahotsak entzuten saiatzeko betebehar politiko zein etikoa daukagu. Lekukotza eman ezin izan dutenen lekukotza ematearen zeregina daukagu. Etorkizunarekiko erantzukizuna ez ezik, iraganarekiko erantzukizuna ere gure esku dago.
Gugana iritsi diren kontakizunak, ikurrak edo egiazko historia zalantzarik gabe geureganatzeak bi ondorio dakartza. Batetik, zapalduak izan diren horien istorioak baztertzea eta, bestetik, erail zituztenei beste heriotza bat eragitea: ahanztura. Iritsi da garaia historiaren zer bertsio kontatu eta mantendu nahi dugun erabakitzeko, arrotza zaigunari erresistentzia egiteko. Bada garaia bidean geratu zirenei aitortza eta eskerrak emateko. Esnatu gaitezen eta egin ditzagun gureak Xabat Illarregik Nafarroako txapela jaso zueneko hitzak: «Lo hartuz gero lur honek ez du/ hizkuntzarik eramango/ ta hizkuntzarik ez duen herri/ bat ez da herri izango».