Altxa dezatela eskua TikTok erabiltzen duten horiek. Ederto. Goazen ariketa kartografiko bat egitera. Itxi begiak. TikToken azken sei hilabeteetan ikusi dituzun bideo guztiak mapa batera eraman. Imajinatu scroll amaigabean ikusitako guztiak gogoratzen dituzula —badakit ezetz, baina hau jolas bat da—. Marraztu bere kanpoko ertzak. Bideo guztiak eremu zabal eta bakar batean ipini dituzu edo lurraldetan banatu? Zeintzuk daude elkarrengandik urrun? Eta, aldiz, zeintzuen mugek ukitzen dute elkar? Nire mapak eta zureak itxura bera izango ote du? Eta zer gertatzen da nire mapa eta zurea batzen baditugu? Eta nirea, zurea, bestea, beste horrena…?
Ireki begiak. Horrelako ariketa bat egin du The Washington Post-ek Are you in TikTok’s cat niche? What 121,000 videos reveal (Tik Token katuen nitxoan al zaude? 121.000 bideok erakusten dutena) artikuluan aurkeztutako ikerketan. TikTok-en gomendio-algoritmoaren logika eta edukien banaketan sortzen diren patroiak azaleratzeko, egunkariak jarraitzaileen kolaborazioa eskatu zuen. 1.100 pertsona baino gehiago animatu ziren TikTok-eko ikustaldi-historia dohaintzan ematera: sei hilabetetan zein bideo ikusi zituzten, zenbat aldiz eta zein ordenatan.
Datu horiek aztertzeko, TikTok-ek gomendioak egiteko erabiltzen duen algoritmoaren modelo sinplifikatu bat sortu zuen lantaldeak, Alternating Leas Squares (ALS) teknika erabiliz. Elkarlanean oinarritutako iragazketa-algoritmo bat da, gomendio-sistemetan ohikoa, antzeko portaerak dituzten erabiltzaileek antzeko interesak dituztela suposatzen duena.
The Post-en lanaren emaitza mapa bat da. Mapa horretako puntu bakoitza bideo bat da, eta puntuen arteko distantziak adierazten du bideo horiek elkarren segidan ikusteko probabilitatea. Hau da, bistaratze-kolektiboaren araberako antzekotasuna edo desberdintasuna. Gertuen dauden gaiak harremana dute; urrunen daudenak, ordea, ez dira ia inoiz gurutzatzen.
Eta hemen dator gakoa, algoritmoa ez da ausaz mugitzen mapa horren barruan. Erabiltzailea gertuko bide tematikoetatik gidatzen du, eta apenas urrunekoetatik. Katuen bideoak ikusten dituzten erabiltzaileek maiz LGTBQ+ edo musika-edukiak ere kontsumitzen badituzte, konexio hori indartuko du. Eta, aldiz, maparen beste aldean kokatzen diren eduki politikoekiko lotura, ahuldu. Ikusten dudana —eta ikusten ez dudana— ez da soilik nire gustuen isla: nire antzekoak kontsideratzen dituen erabiltzaileen portaerek ere marraztuko dute TikTok-en egingo dudan ibilbidea.
Mapan barrena ibiltzeko, bideoen traolekin jolasteko aukera ematen du The Post-ek, ikusteko zeintzuk dauden gertu eta zeintzuk urrunen, beste puntan. Zein konbinazio diren algoritmoaren mapan ia ezinezko: #lgbt-ren aurkakoa #football (futbola) da. Eta #trump-en aurkakoa #barbie.
Ikerketak beste zerbait ere iradokitzen du, eta bereziki esanguratsua da: edukiak ez dira modu neutroan gomendatzen. TikTok-ek esplizituki generoaren araberako banaketarik aitortzen ez badu ere, bisualizazio-patroiek segregazio dikotomiko nabarmena marrazten dute. Maparen erdialdean eduki komunak pilatzen dira; alboetan, ordea, neurri handi batean gizonek eta emakumeek kontsumitutako edukiak bereizita ageri dira.
Esperimentu bera BERRIAren irakurleekin egingo bagenu, mapa dibertsoago bat agertuko litzateke? Edukien arteko distantzia laburragoak, muga porotsuagoak? Barbiezale trumpistak, realzale queerrak. Edo salbuespenak izango ziren?
Beraz, kontua ez da maparen barruan mugitzen garela, mugak zeharkatuz eta lurralde guztiak esploratuz. Algoritmikoki elikatutako ustezko interes-komunitateetan ibiltzen gara, elkarren ondoan dauden baina nekez nahasten diren lurraldeetan. Beste eduki batzuk existitzen dira, bai, baina ez dira gure horizontean agertzen.
Sara Ahmedek dio errepikapena ez dela lan neutroa: gorputzak norabide jakin batzuetan orientatzen ditu, eta beste batzuk eskuraezin bihurtu. Gomendio-algoritmoek, errepikapenaren bidez, ez dute soilik ikusten duguna banatzen, zer den pentsagarri, desiragarri edo egingarri marrazten dute.
Esperimentu bera BERRIAren irakurleekin egingo bagenu, mapa dibertsoago bat agertuko litzateke? Edukien arteko distantzia laburragoak, muga porotsuagoak? Barbiezale trumpistak, realzale queerrak. Edo salbuespenak izango ziren? Glitch* bat.
*Informatikan glitch deritzo ekipoen bat-bateko eta, normalean, aldi baterako oker edo anomaliei. Legacy Russellek (2020) glitch feminism kontzeptua garatu du genero binarioaren haustura eta normatibitatearen aurkako erresistentzia gisa.