Azken hilabeteotan euskararen inguruan izan ditugun berri eta polemikek, etorkizunari begirako fokua erabat desbideratu dute. Gatazkaren eremuan kokatu dute gure hizkuntza, eta hori ez da ona. Batzuek euskara inposatzen dela esaten jarraitzen dute, gaztelaniaren kaltetan. Bai, mundu mailan laugarrena den hizkuntza horren kaltetan. Beste batzuek, edozein auziren gainean, euskarak toki guztietatik erasoak jasotzen dituela salatzen dute, etengabe trintxerak eraikiz eta etsaiak definituz. Badira beste batzuk ere, etiketak banatzen jarraitzen dutenak. Azken adibidea USaP proban izan dugu, telebistan euskaraz hitz egiten saiatu diren adin txikiko batzuk publikoki umiliatuz. Eta, azkenik, zenbaitek, edozein pausoren aurrean, 1982ko kontsentsuak «suntsitzen» direla deritzote. Zer esanik ez dago, egoera nahasi honetan guztian galtzen ateratzen dena beti dela euskara.
Polemika eta gatazka hauen aurrean, uste dut patxadaz eta soseguz, begirada altxatu eta beste maila bateko hausnarketa eta eztabaida bultzatzeko beharra dugula. Harrotasunez, askotan esaten dugu euskara Europako hizkuntza zaharrenetakoa dela eta guztion altxor eta ondare dela. Baina, horrekin batera, ezinbestean gogoratu behar dugu euskara hizkuntza gutxitu eta normalizatu gabea dela, Euskal Autonomia Erkidegoan ofiziala izan arren. Eta galdera da: etorkizuna izan dezan, zer egin behar dugu gaur? Erantzunak aurkitzeko, atzera begiratzeak lagun diezagukeela uste dut.
Mamarigakoa naiz, Santurtziko auzo batekoa. Txikitan ez zen euskararik entzuten gure herriko kaleetan. Bizitza gaztelania hutsean egiten genuen, etxeko errekaduak egiteko, autobusa hartzeko edo, noski, lagunen artean jolasteko. Etxean ere gaztelania zen gure hizkuntza. Familia erdalduna ginen, beste milaka eta milaka bezala.
Baina gure amak eta aitak, beste milaka eta milaka gurasok bezala, gauza bat argi izan zuten: euren semeei euskaraz ikasteko aukera eskaintzea. Seguru naiz erabaki hori hartzeko bazela arrazoi nagusi bat. Guretzako ate berriak zabaltzea. Eurek urte gehiegitan zehar itxita izan zuten espazio bat irekitzea etorkizunerako. Eta honela euskaldundu nintzen.
Hautu haiek euskararen etorkizunean izan zuten garrantziaz jabetu behar gara, eta balioan jarri. Gure herrian, euskaradun ez ziren, eta inoiz izango ez ziren, milaka eta milaka pertsonek euskararen aldeko hautu libre eta kontzientea egin zuten. Erabaki horiei esker gaude egun gauden tokian. Bi datu: gaur milioi bat pertsonatik gora gara euskaraz dakigunak; eta 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean lautik hiruk euskaraz badakite. Kopuru hauek ezinezkoak ziruditen duela ia 50 urte, ikastolan lehen pausoak ematen ari nintzenean. Hori bezain egia da, ordea, ezagutzaz harago, gaur euskararen erronka nagusia erabileran eta gizarte aldaketa sakon eta azkarrei erantzuten jakitean dagoela.
Duela bi urte, nire inbestidura hitzaldian, euskararen biziberritze prozesuak bultzada berria behar duela adierazi nuen. Gizarte-, teknologia-, komunikazio- eta bizimodu-aldaketek sakonean aldatu dituzte gure hizkuntza gutxituaren biziberritzean aurrera egiteko baldintzak. Gaur, galdera nagusia zera da: gurea bezalako herri txiki batek nola jarrai dezake bere hizkuntza gutxitua biziberritzen XXI. mendean? Erantzun oso eta ziurrik inork ez dugu. Baina jakin badakigu horretarako beharrezko dugula, besteak beste, euskaraz dakitenek euskara elkarren artean erabiltzea; espazio berrietan presentzia handiagoa izatea; gero eta jende gehiagok berezko sentitzea, ama-hizkuntza edozein dutelarik ere; atxikimendu emozional positiboak sustatzea; edo migratzaileak gure hizkuntzara hurbiltzea, euskararen biziberritzean funtsezko papera dutela barneratuz.
Helburu berriak betetzeko, bide berriak urratu behar ditugu. Elkarlanean eta ahalik eta indar gehien batuz. Guk elkarrizketarako eta lankidetzarako egitasmo bat jarri dugu martxan: Jauzia Gara. Euskarak behar duen bultzada berria elkarrekin landu eta marrazteko Jaurlaritzak herritar eta eragile guztientzat ireki duen plaza da. Izan ere, argi dugu euskararen herri-erronka ezin dela hizkuntz politiketatik edo erakundeen egitasmoetatik bakarrik erantzun. Eta argi dugu, elkarrekin egin nahi dugula.
Ingurune erdaldun batetik etortzeagatik dakit, hain zuzen ere, euskararen aurrerapenak ez direla inoiz ere inposaketaren ondorio izango. Kontrakoa. Konpromisoaren, ilusioaren, emozio positiboak sortzearen eta borondateak batzeko gaitasunaren ondorio izango dira. Euskararen hurrengo jauzia gizarte bezala emango dugu, edo ez dugu emango.
Euskararen kontrako erresistentziak eta diskurtsoak egon badaude. Entzun behar ditugu eta haien arrazoiak ulertzen saiatu. Baina, honekin batera, entzuketa eta elkarrizketa sustatu behar ditugu, euskara guztiona dela eta euskarak guztiok behar gaituela transmititzeko. Izan ere, euskaldun guztion egiteko moral eta politikoa da jaso dugun hizkuntza hurrengo belaunaldiei uzteko egin beharrekoa egitea. Eztabaida dezagun nola, gatazkatik urrunduz eta zubiak eraikiz.
Etsipenean erori gabe egin behar dugu. Egon badaude larritzeko eta kezkatzeko arrazoiak. Baina okerra litzateke irakurketa horretara bakarrik mugatzea. Izan ere, momentu honetan bertan, euskarazko sorkuntzaren arloan pizkunde berri bat bizitzen ari gara: musikan, estadioak betetzeko gai garela ikusten dugu; ikus-entzunezkoetan, Zinemaldian edo Goya sarietan arrakasta duten euskaraz pentsatutako eta sortutako filmak ikusi ditugu; edo literaturan, historiako ekoizpen eta hedapen handieneko une bat ezagutzen ari gara. Hori ere gertatzen ari da eta oinarri horren gainean eraiki nahi dugu hurrengo urratsa.
Duela 50 urte, euskara «askatasuna», «demokrazia», «itxaropena» eta «etorkizuna» bezalako balioekin lotzen jakin izan zuen gure Herriak. Aldaketa sakonen garaia zen, dena abiadura bizian zihoan, baina euskara balio positiboekin identifikatzen genuen. Egia da hanka sartzeak ere egin genituela gizarte bezala: euskara sinbolo bihurtu genuen, honek dakartzan ondorio guztiekin. Urte haietan batzuetan garrantzitsuagoa zirudien «euskararen alde nago» gaztelaniaz esatea euskaraz hitz egitea baino. Ez dezagun, beraz, iragana neurri gabe idealizatu.
Baina bada honen guztiaren gainetik dagoen errealitate bat, guztion artean eraiki genuena: euskaradun ez ziren milaka herritarren konpromisoa. Bada, hori berriz egiteko garaia iritsi zaigu. Bide horretan aurrera egin nahi dugu, euskara askatasunarekin, elkarbizitzarekin, sormenarekin eta aukera berriekin lotuz. Hau da, bere hizkuntza zaintzen duen Herri baten harrotasun partekatua hauspotu nahi dugu. Eta, horrek, herritar guztiok interpelatzen gaitu, izan euskaradun
edo ez.
Jauzia Gara ekimenaren bidez euskaldun guztiei norantza berean batzeko deia egiten dizuegu. Elkarlanean eraikiz, berrituz eta sortuz. Euskara balio positiboekin lotuz. Estadioak ez ezik, euskarak eskoletako patioak, tabernetako elkarrizketak edo herriko plazak ere bete ditzan. Euskara guztiona delako eta guztiok zaindu eta sustatu behar dugulako.Â