Zertan gabiltza? Non geratu da gizatasuna? Galdera horien erantzuna ezin aurkituta abiatu genuen Bizkaiko suhiltzaile talde batek Ekialde Hurbilean gertatzen denaren inguruko gogoeta. Hurrengo galderak ere errazak ziren; erantzunak, ez horrenbeste.Â
Zer egin dezakegu guk giza laguntza terminoa existitu ere egiten ez den toki horretara gure elkartasuna helarazteko? Nola da posible horren agerikoa izanik —gaur egun sareetan Gazako sarraskiaren irudirik ikusi ez duenik ez da— munduak horren itsu, horren mutu eta horren gor jarraitzea?
Artean BDZk —Israeli boikota, desinbertsioa eta zigorrak ezartzearen aldeko mugimenduak— Bilbon deitua zuen Israelen zapalkuntza salatzeko manifestazio batera. Bertan elkartu ginen gutako suhiltzaile asko. Eta bertan erabaki genuen guk ere kolektibo modura zerbait egin behar genuela. Garbiketa etniko honen aurrean begiak ixteak historiaren alde okerrean jarriko gintuen bestela.
Gauzak horrela, kutsu politikorik gabeko ekintza bat planteatu genuen. Mezu aseptiko bat. Ekimen xume bat. Bizkaiko zortzi suhiltzaile parkeetan xingola beltzdun palestinar bandera bat jartzea erabaki genuen. Ordurako, hausnarketa parke guztietako lantalde guztietara zabaldua zegoen eta adostasun kolektiboa lortua. Uda zen. 2024ko uda.
Gure ahaldun nagusiari ez omen zitzaion gustatu udatiarrek espektakulu hori ikustea. Hori esan ziguten buruzagiek handik gutxira ikurrak kentzeko agindua jaso genuenean. Akaso Israelekiko menpekotasun ekonomikoak pisu handiagoa du gizatasunak baino. Auskalo!
Hasi ziren tirabirak. Banderak kentzeko aginduak, gure erresistentzia eta arduradunen mehatxu puntualen bat. Azkenean kendu zituzten, aldundiak bere eraikinetan ikurrak arautzen dituen foru araudia aintzat hartuta. Nahi izan denean beste era bateko ikurrak jartzea ahalbidetu duen legedi beraren izenean. Legalitatea vs justizia; justizia poetikoegia beharbada hondakinen azpian dautzan palestinar gorpuentzat. Euskal Herriko beste zerbitzuetatik jaso genuen babesa oso presente daukagu oraindik.
Pasatu dira hilabete batzuk ordutik, baina egoerak ez du hobera egin. Lehen inork zalantza izpirik bazuen, dagoeneko inork ez dauka dudarik; genozidio larri baten aurrean aurkitzen garela argi daukagu denok. Egunero gogoratzen digute adituek albistegietan.
Eta hilabete hauetan ikusi dugu nola gizarteak aurrea hartu dion mundu mailako agintarien pasibotasunari: gelditu dira kirol probak, manifestazio erraldoietan salatu dituzte Israelen zurikeria eta arrazakeria, flotillek utzi dituzte portuak Gazara bidean...
Eta guk zer? Artatu ditugu Valentziako uholdeak eta Leongo suteak. Argazki polit asko atera ditugu. Baina guztiz abandonatu ditugu lubakiaren alde desegokian jaiotakoak. Urrunegi agian. Deserosoegi. Samina barrenak jaten dituen har bat da elkartasunean sinesten dugunontzat. Gezurretako su eten baten notiziak ez ditu palestinarrak asko lasaitu. Okupazioak eta hilketek aurrera jarraitzen dute. Eskubide urraketak eta injustiziak berberak dira. Pintura zuri merkeegia lotsaren orban sakon hori estaltzeko.
Kezka horrek bueltatu gintuen zerbait egin beharraren ideiara. Berriro gure lankideen artean bozketa egin eta gehiengo argiz erabaki genuen berriro ere banderak parkeetan jartzea. Urriaren 15ean sindikatu nagusiek egindako deialdiarekin bat eginez Bizkaiko suhiltzaile parkeetako mastetan palestinar banderak azaldu ziren berriro. Udazkeneko hego haizeak gogor astindu ditu gure banderak. Eta ekarri dizkigu lagunen animo eta maitasun mezuak. Elkartasun hauts horretatik zerbait barreiatuko al da Gazako umeen eskuetara?
Gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dagoela jabetuta esperantza puntu bat bagenuen arren, duela bi aste jaso genuen, berriro, banderak kentzeko agindua. Palestinako futbol selekzioak Europan lehen aldiz jokatu zuen aste horretan, gure parkeak elkartasunez biluztuak geratu ziren. Gure gogoz kontra biluzik.
Eta berriro suspertu zaizkigu galderak:Â noiz jabetuko gara, noiz jabetuko dira gure buruzagi politikoak elkartasuna negoziatu ezin den balio bat dela? Eta gu garela hiltzen ari diren milaka haur horien esperantza izpi bakarra? Gu gara lubakiaren alde okerrean jaiotzea tokatu zaien ume horien duintasunerako pasabide bakarra. Nekez loratzen da ezer ikusezintasunaren bestaldean.
Oharra: Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute: Iñigo Mendibil, Unai Lorente, Iker Mendizabal, Markel Urtubi, Urko Galdos, Jabi Gorostiza, Jesus Duque, Lander Astorkia, Iviça Bozinovic eta Andoni Zugarramurdi.