Oinarrizko baieztapen batzuekin hasiko naiz. Gizarteak energia behar du funtzionatzeko. Energia hori ekoizteko eta hornitzeko, lurra okupatu behar da. Lurra gizakiaren funtsezko eta ezinbesteko osagai fisikoa da. Era berean, lurra, lurralde bihurtuta, botere politiko ororen funtsezko osagaia da, lurralderik gabe ez baitago botere politikorik, edota botere hori oso egoera prekarioan dago.
XIX. mendera arte erregeak edo nobleziak bere arauak ezartzen zituzten. XIX. mendetik aurrera, boterea legeak dioenaren arabera erabili nahi zen. Legeak agintzen du, ez monarkak. Legeen gobernua da, ez monarkena. Gaur egun, legeari boterea kendu nahi zaio eta errege berriei eman (funts eta korporazio handiei). Gaur egun, botere publikoek arlo askotan eragiten dute gizartean. Ospitale publiko batean jaiotzen garenetik hilerri batean lur ematen diguten arte, botere publikoek ezarritako arauen mende izan gara.
Arauen indarrak eragin nabarmena du lurraldearen kudeaketan. Hirigintzak espazioa antolatzen du, eta etxebizitzen, azpiegituren eta industrialdeen kokapena eta baldintzak arautzen ditu: horrela, lurraldea antolatzen duten araudiek zer, non eta nola egin daitekeen aurreikusten eta planifikatzen dute. Araudiek, halaber, salbuespenak aurreikusi ditzakete egoera edo inguruabar berezietarako.
Lurralde-antolamenduko arauak eta planak eta hirigintza-arauak eta -planak ez lirateke bete beharko unean uneko Jaurlaritzak hala erabakiko balu, berdin ekimen publiko zein pribatuko egitasmoetan
Zer ari da gertatzen, ordea, azkenaldian? Salbuespena arau bihurtzen ari dela sarriegi. Badirudi balizko eraginkortasunaren izenean ezarritako arau publikoei itzuri eta eragile pribatuen esku-hartze librearena dela gehiegitan nagusitzen den irizpidea: liberalizazioa, alegia. Mende berriak ondo erakutsi dizkigu jokabide mota horren ondorioak. Hirigintzan, adibidez, esku-hartze publiko eta pribatua erregulatuko zuen ekimen politikoa baztertuta, erabateko liberalizazioaren alde egin zen, jendearen etxebizitza-premiaren erantzuna ekimen pribatuaren, hots, merkaturen esku utziz; higiezinen burbuila eta eragin zuen hondamena izan ziren politika horren ondorioak. Antzeko zerbait gertatu zen finantza-sistemaren liberalizazioarekin, zeinaren ondorioz lehertu baitzen 2008ko finantza-krisia.
Orain badirudi lurralde-antolamenduari iritsi zaiola liberalizazioaren txanda. Izan ere, indartzen ari da funtsezko ondasun publikoa den lurraldearen erabilera pribatizatzeko ahalegina, jada sumatzen hasi gaitezkeen ondorioekin.
Trantsizio energetikoaren izenean abiatu diren politikek bide horri jarraitzen diotela dirudi. Arestian lurraldearen erabilera Lurralde Antolamenduaren Legearen, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen, Lurralde Plan Partzialen eta Lurralde Plan Berezien mende zegoen, besteak beste. Energiari dagokionez, berau ekoizteko lurraldearen erabilpenak aipatu diren lege eta planetan ezarritako gidalerro eta arauketekin bat egin behar zuen.
EAJk eta PSOEk aurkeztu berri duten lege-proposamenak (momentuz parlamentuan tramitatzen), berriz, ahuldu egingo luke indarrean dagoen erregulazioa, Jaurlaritzaren esku utziko bailuke nahi dituen ekimenak erregulazioaren betekizunetatik salbuesteko. Argi esanda, lurralde-antolamenduko arauak eta planak eta hirigintza-arauak eta -planak ez lirateke bete beharko unean uneko Jaurlaritzak hala erabakiko balu, berdin ekimen publiko zein pribatuko egitasmoetan.
Chaplinen 'The kid' filma gogorarazten dit jokabide horrek: beiragileak semea bidaltzen du auzoko leihoak apurtzera, horrela aitari ez dakion lanik falta; ñabardura batekin: gure kasuan aita bera baita kristalak jarri eta hausten dituena
Ekimen pribatuari eremu zabala irekiko litzaioke. Gai askotan enpresa batek gobernuari eskatu ahal izango lioke lurraldea mugarik gabe okupatzeko eskubidea, babes bereziko eremuetan izan ezik. Hortaz, babes berezikoak ez diren lurralde-eremu batzuek, aurretik babestuta zeudenak, babes hori galduko lukete.
Arau aldaketa eraginkortasunaren izenean bultzatu dute, nahiz eta gobernua bera den Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen (2019) eta lurraldea antolatzeko beste plan batzuen aurreikuspenak gauzatu ez izanaren erantzulea. Izan ere, energia instalazioak ezartzeko osatu gabeko eta erdipurdiko araudia eman zuen Jaurlaritzak, gero araudiaren aplikazioa gobernu berak geldiarazteko. Ondoren, aurreko araudi eta planen egokitasun eta aplikaziorik eza argudiatuz, eraginkortasun handiagoa lortzeko araudi berri bat onartu zuen. Horretarako, honako hau adierazi zuen: «Erabakitzen dudanean, ez dut egungo araudia aplikatuko, eta nire irizpideak ezarri ahal izango ditut Lurralde Plangintza eta Hiri Agendan, Lurralde Plan Partzialetan eta beste plan batzuek diotenaren gainetik».
Chaplinen The kid filma gogorarazten dit jokabide horrek: beiragileak semea bidaltzen du auzoko leihoak apurtzera, horrela aitari ez dakion lanik falta; ñabardura batekin: gure kasuan aita bera baita kristalak jarri eta hausten dituena.