Maiatzaren 28an, Langileak Bildu Gaitezen

2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Betidanik izan ditut eredu Frantziar Errepublikan langileek jasandako erasoei ematen dizkieten erantzun asko. Beraiek —beste inork baino hobeto— dakite nondik heltzen den erasoa, baita nola, nori eta zer-nolako neurrian zuzendu erantzuna. Hemen, Hegoaldean, beste garai bateko jarrerak etortzen zaizkit burura: langileok indar beldurgarria genuen.

Frantziar Errepublikan —euskaldunak barne— langile gizarteak oso ongi barneratuta dauka oraina eta, batez ere, etorkizun duina bermatuko duen bide bakarra, erasoari aurre egitea dela. Apirila badoa, eta ikusi besterik ez dago Emmanuel Macron presidentearen erretreten erreforma dela-eta, zer-nolako erantzuna ematen ari diren. Aski ongi erakusten dute duintasunaren iparrorratzari begia kendu gabe aukeratzen dutela jorratu beharreko bidea. Bai, noski.

Nik ez dut beste bide eraginkorrik ikusten, langileen eskubideak berreskuratu eta bermatuko duenik. Ez bakarrik Parisetik behera, ezta Madriletik gora ere.

Zorionez, duela hainbat urte bezala, egoera politikoaren ardatz nagusia ez dago politikari askoren jarrera nazkagarrian, edo egituratutako ustelkerian, ez baitira denak berdinak. Ez, ez da hori arrazoi nagusia. Langileen jarrera okerrean dago. Langileak ez luke etsaia etxean bilatu behar.

Ez da berria. Urteak daramatzagu eraso bat bestearen ondotik, gero eta makurrago gaude. Jasotako emaitza gogorrek etorkizun iluna marrazten digute. Handik eta hemendik, bai kanpotik bai barrutik, bai Madrildik, bai Bruselatik, badirudi blokeo hitza nagusitzen ari zaigula. Itxuraz, inork ez du ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honentzat, eta, nire ustez, horretarako arrazoi nagusia hauxe da: askatasuna eta burujabetza denek aldarrikatu arren, praktikan lehentasun desberdinak ditugula.

Horregatik, lasai eta zintzo aztertzekotan, beharbada aurrera ez eta atzera begiratzea, mesede gehiagoren iturri izan daiteke. Kontuan harturik jorratutako bidea oso luzea izaten ari dela, eta, aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direla.

Duela urte batzuk, agian ez hainbeste, euskal gizartea oso ideologizatua zegoen; aldiz, gaur egun kontu horietan, erabat ez bada ere, ahaztu samartuak gabiltzala uste dut. Urrats asko dira tartean egindakoak, eta orain, zoritxarrez, norberekoikeriaindartzen ari dela esango nuke.

Gaur, herriz herri dabiltzan diskurtso askotan, ezker-eskuin kontzeptu hori, zaharkitutzat jotzen dute, eta are gutxiago entzuten dira «langile batasuna» bezalako esanak. Bakoitza bere kontuez soilik arduratzen da, eta beraien ustez apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia hura galdu egin dugu, eta militantziatik norberekoikeriara hurbildu gara hamarkada gutxitan.

Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnek - nahiko ongi jantziak- beren pentsamolde eta joera propioak dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan ere, noski. Agian horregatik, herri jaialdi edo kiroletan ez daude eroso; itxuraz, nahiago dituzte beren ustez intelektualentzat diren hainbat ekitaldi.

Estatuaren arrazoi gehienetan sinisten dute, eta baita babestu ere, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoek agintzen dutela, baita, olagarro gisa, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banketxe erraldoi eta armadak ere. Eta komunikabide manipulatzaileak. Onartzen dute demokrazia formal bat besterik ez dela, baina eroso sentitzen dira horren baitan.

Beraien diskurtsoari jarraituz, diote —agian harrotasun puntu batekin— demokrazia formal eta modernoaren izenean, legebiltzarrak sortu zirela, eta nahiz poliziaren Estatua indartu, ustez beharrezkoak dira, sistema indartzen dutelako.

Lege antiterroristak baietsi egiten dira legebiltzar horietan -aurkariak ezabatu nahian-, baina, hori bai, Estatuari aurre egiten diotenarekin soilik, eta beti demokraziaren onerako, noski. Ulertzen dute, horrelako lege bereziek, torturaren praktika babesten dutela, baina horiek, sistemaren akatsak besterik ez direla diote.

Ez da gaurkoa, egia baita betidanik gure borrokak bi zutabe nagusi izan dituela, soziala eta politikoa, askatasun bidean, aurrez aurreko antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Horretarako ideologia batean hornitu izan gara, eta horrela giza mugimendu zabal eta indartsua antolatu genuen. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien krisi sakona begi bistan dugu.

Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da, eta nahiz ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak, bata bestearen ondotik, ukaezina da garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela, eta hamarkadak banan-banan, gelditu gabe, gainean doaz.

Beraz, langabeziak eta miseriak bultzatzen duten langileriak gaur edo bihar euskaldun bezala zapalduta dagoen herriarekin bat egingo zuelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Egia da, helburua bai, ederra, oso, baina oraindik...

Beste atal batean nioen langileen zatiketan dagoela arrazoi nagusia, eta egia da. Gizarte langileak emandako bozek jartzen dituzte politikari ezberdin eta adimentsuak instituzioak kudeatzen. Baina, politikarien artekonegoziaketek, gaurdaino behintzat,ez dute aldaketarik ekarri. Nondik etor daiteke ba aldaketa? Ba, langileen bozaren subjektu aldaketarekin. Hori, jorratzeko dagoen bidea.

Batzuk eta besteak ezagutu ditugu eta, beste behin, erabaki zuzenean datza etorkizun duinaren bidea jorratzea.

Herri bezala, urteak eta urteak daramatzagu atzera eta atzera. Ez utzi iseka gehiago egiten. Izan zintzo zeure buruarekin eta maiatzaren 28an, etorkizun duina bermatuko duen aukera indartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.