Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikerlaria

Malagako itzalaldia

2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Masa-turismoa. Diru-iturri eta fenomeno suntsitzailea. Hizpide labaina. Solaserako gaia. «Malaga jendez lepo zegoen», aitortu diozu lagun bati. «Zu ere han zinen?», galdetu dizu. «Bada, orduan, zu ere arazoaren parte zara». Pentsamolde aurrerakoia dugulako uste dugu gure portaera berez desberdina izango dela edota gure jokabidea ez dela «besteena bezain basatia» izango. Baina zer egiten dugu guk desberdin kanpora goazenean?

Malaga aspaldidanik dago jendez lepo. Askoren ustez, kontroletik at. Bertokoek aitortzen dute eredua eskuetatik ihes egiten ari zaiela. Baina diruaren hotsak ertz guztiak berdintzen ditu. AHTak egunero dozenatik gora joan-etorri egiten ditu Atochako geltokitik Malagara. Hiru orduren bueltan, espetoak dituzu zure zain, La Malagueta hondartzan. Eta, zorte apur batez, Antonio Banderas bera ere ikus dezakezu Alde Zaharrean, El Pimpi upategiaren inguruan.

«Eta zer egin duzue, bada, desberdin?», galdetu dit berriro lagunak, temati. Esan nion nola El Pimpitik hamar kilometrora, ekialderantz abiatuta, kostaldean badela baztertxo bat —turismo bulegoetan promozionatzen ez duten toki bat—, bisitariari kasik oharkabean igarotzen zaion ezleku bat. Peñon del Cuervo hondartza ttipiaren ondoan dago, N-340 errepidetik oso gertu. Paseo de los Canadienses esaten diote. Almeriara doan errepidearen ondoan da. Parking bat ere badago gertu, baita barbakoa-leku bat ere. Ehunka metrora, Andaluziako Juntak paratutako informazio gunea dago: Memoria Demokratikoaren Lekua. Honela dio kartelak: «Malaga-Almeria errepidea. Gure garaiek ikusi duten hiri baten ebakuaziorik ikaragarriena. Norman Bethune. El crimen de la carretera de Málaga».

‘La Desbandá

Kontua da 1937ko otsailaren 6tik 12ra bitartean, Queipo de Llanoren agindupean, tropa faxistek Malaga hartu eta gero, ehunka mila lagun —200.000 eta 300.000 artean— ihesean abiatu zirela, oraindik ere Errepublikaren esku zegoen Almeriarantz. 207 kilometro zeuzkaten aurretik. Bide gorabeheratsua da, bihurgunez betea. Gainean zeramaten —asto eta mandoen laguntzaz— ahal zuten guztia. Etxe erdia eta bizitza osoa. Animalien zakutoak lehertzeko zorian. Amen besoak birrinduta; haurren pisuagatik ubelduak. Aurrera egin ahala, Granadako probintziatik pasatzean, milaka herritar batu ziren karabanara. Ikara zen nagusi eta premia gorria lagun, baina inork ez zuen atzean gelditu nahi.

N-340 herioaren errepidea bilakatu zen. Adineko pertsonak makilen laguntzaz zihoazen aurrera. Emakume asko ziren espedizioan. Zamatuta guztiz. Umeak, ehunka. Asko eta asko negarrez. Tropa faxistek eta haien aliatuek lurrez, itsasoz eta airez erabat txikitu zuten espedizioa. Kanoikadak itsasotik. Metrailatuak airetik. Atzeragoardiatik setiatuak. Arrazoia? Faxisten arabera, miliziano anarkista batzuk «infiltratu» omen ziren iheslarien artean. Umiliazioa eta txikizioa. Sarraskia erabatekoa izan zen. Hildakoen kopuru zehatzik ez dago, baina estimazio guztien arabera 3.000 eta 5.000 artean izan zirela uste da. Askoz gehiago zaurituak. Norman Bethune, Hazen Sise eta T. C. Worsley inguruan zeuden mediku kanadarrak ziren. Odol transfusioetan aitzindariak ziren. Kamioitxo eramangarri bat zeukaten eta harekin joaten ziren herriz herri, bonbetatik ihesi, zaurituak artatzen, odol transfusioak egiten. Bizitza emanez eta bizitza bera ere arriskuan jarriz. Argazkiak ere egin zituzten. Haiei esker heldu ziren gugana gaur egun ezagutzen ditugun lekukotasun gehienak. Horregatik gu geunden ibilbideari Kanadarren pasealekua jarri zioten. Haien omenez eta ohorez.

Han gertatutakoa ikaragarri latza izan zen. Egun batzuk geroago Gernikakoa izan zen. Malagakoa, baina, seguru asko Espainiako gerran izandako pasadizorik lazgarrienetako bat da. Bertokoek La desbandá esaten diote, baina Andaluziako Juntak paratu duen kartel horretan ez da hitz hori agertzen. Ezta hildako kopuruaren inguruko aipamenik ere.

Memoria lekua izan arren, bertan ginenok Euskal Herritik joandako dozena erdi lagun ginen. Ez pilaketarik. Ez tropelik. Gu ginen bakarrak. Handik hamar kilometrora, Malagako Gotorleku edo Alkazaba-ra sartzeko ilarak ehun bat metro zuen.

Gogora etorri zait berripaper honetan hilaren 2an irakurritakoa: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik». Paco Perez gudariaren esana da, Franck Dolosor-ek Gernika Batailoiari buruz idatzitako liburuan jasoa.

Picasso

Desmemoria eta desinformazioa eskutik helduta datoz. Malagan ere topatu genuen desinformazioaren adibide garbia. Errealitate birtualaz lagundutako bisita egin genuen. Esperientzia interesgarria. Oso jende gutxi zegoen gure taldean: bi lagun eta gure gida. Tramankulua jarri aurretik, gida gurekiko interakzioa pizten saiatu zen. Ez zen ohiko gida bat. 60 urtetik gorakoa zen. Maistra izandakoa. Aurrejubilatu eta gero, Turismoko gradua egin zuen. Eta jarraian Kazetaritza egiteko asmoa zuen. Maria Luisa zuen izena. Guretzako altxor preziatu bat. Picassoren etxe azpian geundela, Maria Luisak Gernika koadroaren inguruan zer genekien galdetu zigun. Emandako informazioa balekotzat jo zuen eta horrexek bide eman zion barruan zeraman ezinegona askatzeko: «Ez dakizue zer-nolako bertsioak dabiltzan Malagan bertan. Izan ere, jende askok uste du Gernika koadroa Picassok torero bati egindako oparia izan zela». Whatsapp bidez zabaldutako buloa izan da. Ez da bakarra izan.

Duela zazpi urte, Arturo Pérez-Reverte idazle espainiarrak El País kazetan argitaratutako artikuluan hauxe bota zuen: «Picassok bere margolan ospetsua ‘milioikada batengatik’ eta ‘ez abertzaletasunagatik’ sortu zuen». Ez dokumentu historikoek ezta errealitate birtualak ere ezin ditu ireki ikusi nahi ez duenaren begiak. Malagan Picassok jarraitzaile adina etsai ditu. Patriota askok oraindik ez diote barkatu Espainiako lurretan lurperatu ez izana. Bisita birtuala egiten ari ginen bitartean, itzalaldia gertatu zen. Ez ginen enteratu. Semaforoak itzalita zeuden. Gure gidaren adimena ez, ordea.

Turismoa egiteko modu asko dago. Ingurumena suntsitzeko adina. Munduari begiratzeko moduan egon liteke gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.