Izarraitz Lanbide Heziketa

Malgutasuna norentzat?

Miren Otero Errazu
2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteotan hezkuntza-premia bereziak dituzten hainbat gazteren familiak horma baten aurrean sentitu dira. Ez horma fisiko baten aurrean, administrazio-horma baten aurrean baizik. Adeitasunez eraikitako horma bat: ulertzen zaituztegu, baina ezin dugu gehiago egin. Ulermenak biderik irekitzen ez badu, kontsolamendu instituzional hutsa besterik ez da.

Gaia Oinarrizko Lanbide Heziketa Malgua da. Izenak aukera eder bat iradokitzen du: malgua, egokitua, inklusiboa, ikaslearen erritmora moldatzeko gai den ibilbidea. Baina galdera deserosoa honako hau da: malgua norentzat?

OLH malgua ez da beste gela bat sortzea soilik. Bere benetako indarra hezkuntza-premia bereziak dituzten gazteei prestakuntza profesional egokitua eskaintzea da, lanbide-gaitasunak garatzea eta lan-mundura hurbiltzea. Hor dago berrikuntza soziala: ez soilik ikasleari babestutako espazio bat eskaintzea, baizik eta komunitatean eta enpresetan bere lekua bilatzeko aukera ematea.

Horregatik da hain mingarria egoera. Ikasle batzuek ZIG ibilbidean autonomia, komunikazioa, errutinak, heldutasuna eta oinarrizko gaitasunak landu dituzte. Ikasle horietako batzuek OLH malgurako gaitasunak erakusten badituzte, autonomia-maila egokia badute eta orientazio-taldeak bide hori egokia dela ikusten badu, zergatik ez zaie ibilbide horretan sartzeko aukera hori aztertu behar? Hori da malgutasuna: ikaslearen unea iristen denean sistemak aukera hori ikustea.

Familiek ez dute pribilegiorik eskatzen. Seme-alabek gaitasunak badituzte, prestakuntza profesional publiko egokitu batean jarraitzeko aukera aztertzea eskatzen dute. Hezkuntza publikoak ez luke horma izan behar; ate izan behar luke

Baina gaur egun adin-muga batek ate hori ixteko arriskua sortu du. Jarraibideek diote OLH malgurako hartzaileak 16 eta 20 urte bitarteko ikasleak direla, eta 21 urtera artekoa salbuespen gisa planteatzen dute. Paperean antolaketa-irizpidea izan daiteke; errealitatean, gaitasunak dituzten hainbat gazterentzat, horma.

Eta hemen dago paradoxa: sistemak berak aitortu dio ikasle horri denbora gehiago behar duela. Horregatik izan du ibilbide egokitua. Eta justu gaitasun horiek garatu dituenean, sistemak esan diezaioke: berandu zatoz. Berandu, zergatik? Haren erritmoa ez delako estandarra izan?

Araudia aipatzen da maiz. Jakina araudia egon badagoela. Baina araudiak pertsonen zerbitzura egon behar du, ez pertsonak arauaren azpian makurrarazteko. Politika publikoak ez dira ondo idatzitako paperetan bakarrik neurtzen; erabaki deserosoetan ere neurtzen dira. Eta hemen deserosoa ez da familien eskaera. Deserosoa erantzun politikoa da: errealitateaz gutxi bustitako erantzuna, enpatia formalarekin estalia, baina biderik irekitzen ez duena.

Ez da nahikoa ulertzen zaituztegu esatea. Ulertzen bada, zerbait mugitu behar da. Ulertzen bada, bidea bilatu behar da. Bestela, enpatia instituzionala bilera bat txukun ixteko formula bihurtzen da, eta familiak etxera itzultzen dira hitz adeitsuekin, baina atea itxita daukatela sentituz.

Malgutasuna ezin da administrazioari komeni zaionean luzatu eta komeni ez zaionean gogortzen den txiklea izan. Gaitasun handiko ikasle bati ibilbidea laburtu ahal bazaio, gaitasunak beste erritmo batean eskuratu dituen ikasle bati ezin zaio bidea itxi.

Familiek ez dute pribilegiorik eskatzen. Seme-alabek gaitasunak badituzte, prestakuntza profesional publiko egokitu batean jarraitzeko aukera aztertzea eskatzen dute. Hezkuntza publikoak ez luke horma izan behar; ate izan behar luke. Eta ate horrek ez luke ikasgela baterako bidea bakarrik ireki beharko: ahal denean, lan-mundurako eta komunitaterako bidea ere ireki beharko luke.

Inklusioa ez da esatea. Inklusioa egitea da. Eta egiten ez denean, esan egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA