Gogoan – Memoria Duinaren Alde elkarteko kideak

Manifestazio baten oihartzunak

Eugenio Ariztimuño Amas eta Antonio Duplá Ansuategui
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Joan den urtarrilaren 13an Sarek Bilbon Konponbiderako giltzak lelopean deitu zuen manifestazioa dela eta, honako hausnarketa hau zuekin partekatu nahi dugu. Gogora ekarri nahi dugu, hasteko, beren burua presoen defendatzailetzat hartzen dutenek ahazten duten garrantzi handiko zerbait. ETA desagertu aurretik, ETAk berak zehazten zituen presoek kartzelan bete behar zituzten eginbeharrak, presoen gainean kontrol zorrotza atxikiz. Kontrol hura itxia zen, gupidagabea. Graduz aldatzea edo baimen bereziak eskuratzea ahalbideratuko luketen gizarteratze-neurriei heltzea debekatuta baitzeukaten. Horren ondorioz, ETAko presoen askatasuna bi aldetatik murriztua gertatzen zen: delitu bat egiteagatik espetxean zeuden eta, aldi berean, ETAk diziplina zorrotz baten mende uzten zituen, presoen gizarteratze eta kartzelako egoera hobetzea debekuen bidez galaraziz.

ETAko kideak atxilotzen hasi ziren une berean sortu ziren ETAko presoen eskubideen eta amnistiaren aldeko aldarriak. Betitik saihestu izan da, eta orain ere saihesten da, behatuki eta artatsuki gainera, aipatzea zeintzuk izan diren pertsona horiek egin dituzten delituak. Horrela azpimarratu nahi da zer bidegabekeria den pertsona horiek atxilotuak izatea. Ezin esan da presoen artean askok kondena oso-osoan bete zutela, ETAk berak debekatu baitzien gizarteratze neurririk hartzea edo graduz hobera aldatzea. Eta arrazoi beragatik ez da esaten ere beste anitzek ez zutela baimenak eskuratzeaz gozatu. Eta hori aski ez balitz, presio sozial itogarria ezartzen zitzaien ETAren diziplina onartzen ez zuten presoei, zeinak traidoretzat hartzen baitziren publikoki, gizartean bazterturik utziz.

Zorionez ETA desagertu da, baina gizartean utzi duen arrastoa dohakabea da. Gaur egun 150 presok segitzen dute espetxean, guztiak ere bizilekutik gertu. Horietatik heren batek espetxe-legediak ezartzen duen bideari eustea erabaki du eta ondorioz 2021eko urriaren 1taz geroztik 51k hirugarren gradura pasatzea eskatu dute. 40 egoera horretan daude dagoeneko.

Testuinguru honetan, Sarek urtero egiten den manifestazioaren deia egin du aurten ere. Deialdian euskal presoen eskubideak aipatzen dituzte. Ez da oso zehatza hori, berez ETAko presoak bakarrik baitituzte gogoan, ez preso guztiak. Kontua da politikotzat hartzen dituztela atentatuak zuzenean egin, edo besteren kontrako atentatu izugarriak egiten lagundu dituzten pertsonak; ofizialki ez da amnistia eskatzen, baina ez gara atzo goizekoak eta badakigu zertaz ari diren. Salbuespen legeen amaiera ere eskatzen dute, legeak eskatzen dien damurik aitortu gabe eta biktimei barkamena eskatzearen baldintza kendu behar dela aginduz. Baina legezko betebehar horiek Parlamentuak bakarrik alda ditzake.

Erreibindikazioak eta eskubideak ez dira gauza bera. Baina delako erreibindikazio bat eskubidea izanik ere, eskubide hori ez da batzuena bakarrik, baizik denena. Norbait hiltzeagatik ez damutzea aukera bat da, ez eskubide bat. Norbaitek onuraren bat eskuratzekotan norbait horrek egindako gaiztakerien berrikuspen kritikoa egin behar duela biltzen du espetxe legeak. Ez dirudi gehiegikeria denik hori. Baina, egiten den gisan, preso hauei kanpotik marra gorria ezartzea, inola ere damu ez daitezen, hori bai bihozgabekeria da, eta immorala, nondinahitik behaturik ere.

Bistan da gizarteko sektore zabal batzuetan biktimen alde agertzeko eta ETAren bortxa deslegitimatzeko orduan hilobi isiltasuna izan dela nagusi. Eta orain ere hala gertatzen da. Gainera, anitz jende biktimarioen alde agertu izan da. Garaiz gaude, dena dela, biktimen aldeko elkartasuna adierazteko. Gainditu gabeko ikasgaia dugu hori, oraindik ere. Gainerako indarkeriak gaitzesten ditugun bezala ezinbestekoa da gizarteko kide bakoitzak ETAren indarkeria bidegabea eta krudela izan zela adieraztea. Gure balioak eta gure etorkizuna daude jokoan.

Manifestazio hauetan biktima-martiritzat hartzen dira delitu ezin grabeagoak egin dituzten pertsonak. Tranpa etikoa da hori, biktimismo horrek ETAko presoen nahiz estrategia politiko-militar terrorista horretan aldamenean izan zituztenen erantzukizuna ezkutatzen baitu.

Lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu beste gai bat ukitzeko ere. Manifestazio horretan parte hartzeagatik pertsona baten aurkako boikot eskaera egin da. Pertsona horrek duen adierazpen askatasuna eta lan egiteko eskubidea errespetatzea eskatzen dugu: bere talentua balia dezala inork ere honegatik gaitzetsi gabe. Baina iraingarri gertatzen da, nondik eta ezker abertzalearen aldetik hori entzutea, haiek hain zuzen ere izan baitira, ETArekin batera, urteetan zehar gupidarik gabeko boikot kanpainak bultzatu dituztenak pertsona, produktu eta enpresen aurka. Kanpaina horiek ondorio hondatzaile izugarriak izan zituzten. Eta orain salatzen ausartzen dira berek modu sistematikoan egin dutena, aldez aurretik inolako autokritikarik egin gabe, orain boikotaren biktima haien artean ikusten baitute. Modu diferentean pentsatzen duena seinalatzen, jazartzen, edo bizitza ezinezko egiten zaion gizarte batean ez dugu bizi nahi. Hori bera egin zuten ETAk eta bere inguruneak urte luzeetan. Ondorioak ezin gaindituz gabiltza oraindik.

Indarkeria eta terrorismoa deslegitimatzen dituen memoria baten alde.

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Joseba Eceolaza Latorre, Fabian Laespada Martínez, Maite Leanizbarrutia Biritxinaga, Amagoia L. de Larruzea Zarate, Xabier Mugarza Ayastuy, Lourdes Oñederra Olaizola, Pello Salaburu Etxeberria, Iñaki Uribarrena Ibarguengoitia eta Sabin Zubiri Rey.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.