Aktibista eta gizarte ekintzailea

Mapaketak (Korrikari buruzko hiruzpalau ikuspegi)

Alex Karraskosa
2024ko martxoaren 28a
16:00
Entzun

Azken asteotan Andoni Egañaren Ariketekin iratzarri naiz katilukada bat kafe huts hurrupatzen nuen bitartean. Eta ariketa horiek neure egiten, nik ere, eguneroko automatismotik ateratzen nintzen aldi oro, neure buruari galdetzen nion non behar ote zuen Korrikak une hartan eta sinkronia batzuk jazo zitzaizkidan. Halako batean app-a ireki eta Tuteran barna zihoala ikusi nuen, aitaren parteko sendiaren bizileku ohia eta, egun pare bat beranduago, Ultzaman zehar zebilela, gaztaroko ibar kuttuna, amaren parteko familiarekin lotzen nauena, eta hunkitu samar, anai-arrebei partekatu nizkien mobilaren pantaila-irudiak.

Egañaren artikuluetan inspiratuta, Korrikarekin lotutako bestelako ariketei edo, doiago esanda, mapaketei ekin nien. Kafea betiere lagun, aldizka, hiru mapaketa irudikatu nituen: lehena, behin edo behin korritu beharreko leku-izenena; bigarrena, askorentzat —gehiengo batentzat akaso— «existitzen ez den mapa»; eta hirugarrena, mendez mende euskaldunok biziarazten dugun lurraldearena.

Lehen mapa toponimoena da. Aurtengo Korrikaren ibilbidea eta horren sigi-sagek inguratutako guneak arakatu eta zenbait bitxikeria topatu nituen, hala nola toponimo askoren bikoizketa edo hirukoizketa. Esaterako, Artzibarko Arrieta eta Sollube magalekoa (Gizon harrigarriak ipuinak lotzen dituena); edo arabar Asparrena, nafar Azparren eta lapurtar Hazparne; edo Nafarroa Behereko Azkarate, Leitzaldeakoa zein Debabarrena eta Urolaren artekoa; edo Artesiaga aurreko Meaka mendatea eta Morgako, Irungo zein Doneztebeko izen bereko auzoak. Eta zenbat eta xeheago hurbildu tokietara, are eta kointzidentzia gehiago ageri ziren. Orduan bururatu zitzaidan errepikapen horiek guztiak, tokien esangura berdintsua azaltzeaz gain, izan zitezkeela «euskararen mizelioa» sendotzen duten korapiloak.

Bigarren mapa da existitzen ez dena. Hori irudikatzeko, kafe hutsaren beltzunean must egin nuen. Toliman azaldu nintzen, Atlantikotik bestaldera. Bertan, FARCen sorburu den Planadaseko kafe-biltzaileek irakatsi zidaten kafea esne eta azukre barik edaten. Lurrin txigortuan, duela 11 urteko pasadizo bat etorri zitzaidan. Tolimako Unibertsitatean nengoen klaseak ematen eta eguerdi batean, klaustroan, irakasle batek jakinarazi zidan «nire herrikide» bat zetorrela. Ustezko herrikideak bere burua aurkeztu eta espainola zela esan zidan. Nik, adeitsu, euskalduna nintzela erantzun nion. Erantzun horrek, ordea, ezustean harrapatu zuen gizona eta zerbait konpondu guran-edo ihardetsi zidan: «tira, ba, ni asturiarra naiz Asturiasera noanean, andaluziarra Andaluzian, galiziarra Galizian». Eta neuk, aldiz, berretsi nion euskalduna nintzela Xixonen, Sevillan eta Kolonbian bertan. Are harrituago zirauen berak. Eta ebatzi nuen: «Nahiago al duzu euskaraz azaltzea?». Gelan zegoen ingeles filologiako irakasle batek solasaldi atezuari erreparatu zion eta mintzo zitzaidan: «Zuri entzunda konturatu berri naiz hizkuntzek ematen dutela nortasuna». Eta gonbit egin zidan: «Etorriko zinateke nire klasera euskarari buruz hitz egitera?». Interbentzio hari ordubeteko iraupena zenbatetsi genion eta, Internetetik hara eta hona, sei ordu luzatu zen. «Nola liteke guk hizkuntza honetaz deus ere ez jakitea?!», txunditzen ziren ikasleak euskararekin haien lehenbiziko kontaktuan.

Kafe hutsaren uhin borobilei begira, hirugarren mapaketa egin nuen, euskarak (ber)ekarri dizkidan pertsonena, euskara dela medio egin ditudan lagunena edo sortzen lagundu dizkidan sareena. Alfred Korzybskik zioen legez, «mapa ez baita lurraldea», eta ez soilik objektu bat eta haren irudikapena elementu ezberdinak direlako, baizik eta lurraldean barnako ibilbideak berak, gorabehera geografikoak kontuan hartuta ere, ezin dituelako alboratu «harreman-gorabeherak». Gertatzen dena, euskararen kasuan, gorabeheratsuak baino, harremanak katalizatzaileak direla. Hau da, euskara «kontzientzia molde bat» izanik, hortik abiarazitako harreman bakoitza «komunitate» eraikitzen du berez, lurralde osoaren fraktal bat bailitzan. Azken kafe hurrupadekin Orhi mendiko beste pasadizo bat etorri zitzaidan, duela hogeita hamar bat urtekoa. Gailurrean Hegoaldeko eta Iparraldeko hainbat lagun topatu eta euskaraz aritu ginen. Gutako batek eszenaz jabetu eta ohartarazi zigun: «Une honetan Euskal Herria gara».

Eta goizak igaro ahala, nire udalerriari iritsi zitzaion korrikordua. Goizeko bostak laurden gutxi ziren eta kaferako betarik gabe, Butroe gaineko zubian, Gatikatik jaisten zen andanarekin bat egin genuen. Jatabe zeharkatu eta Forrest Gumpen sindromeren bat bagenu bezala, arineketari laga ezinik, gau beltzean, Andrakaraino igo ginen. Lainoaren eta neonezko argien artean leku-izen sarea marraztu zen berriz, Lemoizko lurretan Laukiz eta Fruizen tarteetan barrena «Aurrera Altsasu!» kantatzen baikindoazen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.