Abokatua

Martin Villa, ‘capo di tutti capi’

2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eldako Lehen Instantziako Epaitegiak (Alacant) Rodolfo Martin Villa ikertu gisa deklaratzera deitu du krimen batengatik. Kasuak zerikusia du Teofilo del Valleren anaia batek aurkeztutako kereilarekin. Izan ere, Poliziak atzetik botatako zenbait tirok hil zuten 20 urteko gaztea, 1976ko otsailean, herri hartan oinetakoen sektore garrantzitsuan gauzatzen ari zen greba handian. Haren heriotzaren ondoren, greba orokor batek geldiarazi zuen eskualde osoa, eta hiletara 20.000 lagun inguru bertaratu ziren. Auzitegi militar batek epaitu zuen gaztea hil zuen polizia, eta absolbitua izan zen «bere eginkizunak betetzen» aritu zelako. Eta patxada ederrean gelditu ziren.

Kereila polizia batzuen eta Martin Villa orduko Harreman Sindikaletarako ministroaren aurka paratu zen, azken hori krimenaren erantzule politiko nagusitzat hartuta. Antzeko kasu batzuetan (Gasteizko 1976ko martxoaren 3koa, 1978ko sanferminetakoa, bertzeak bertze), Martin Villa sarraski polizial haien goi mailako instantzia politiko erantzuletzat izan zen seinalatua, baina, kasu horietan guztietan, justiziaren eskakizunek talka egin zuten epailetzaren murruen kontra; izan ere, konplize ziren epaileek kereilak atzera bota eta artxibatu egin zituzten, inolako azalpenik gabe.

Ez gara ari kasu batez, bi kasuz, ezta hamar kasuz ere, aurkeztu diren ehundik goitiko kereilez baizik (erailketak, desagertzeak, torturak, espetxeratzeak, lan esklaboa, haurren lapurreta...), antzeko danbatekoak izan dituztenak. Horregatik, eta zintzarria jo gabe, jakin baitakigu zer-nolako epailetza daukagun (Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala), Eldako epaitegiaren ebazpenak garrantzi handia du, lehen urratsa baita norabide zuzenean. Bidegile, ez da biderik...

Inolako zalantzarik gabe, bizirik dauden goi mailako kargudun frankisten artean, Martin Villa da historial nabarmenena duena. 30 urtetik goiti erregimen kriminal haren zerbitzuan aritu zen, mota guztietako karguetan ibilita: SEU Sindikatu Espainiar Unibertsitarioko buru nazionala, Sindikatu Bertikaleko idazkari nagusia, Bartzelonako gobernari zibila, Gorte frankistetako prokuradorea, errege izendapenagatik senataria, eta, azkenik, Trantsizioan, 1976tik 1982ra bitarte, Harreman Sindikaletarako ministroa, Barne ministroa, Lurralde Administraziokoa eta gobernuko presidenteordea.

Barne ministro gisa (1976ko uztailetik 1979ko apirilera), bereak ez du parerik. Denbora tarte motz horretan, polizien tiroek, guardia zibilenek, talde parapolizialenek... 125 pertsona hil zituzten, hots, 3,8 hilabete bakoitzeko, hau da, ia bat aste bakoitzeko. Bere ministeriotik marko errepresibo zaharraren eta inpunitate frankistaren aurpegi garbiketa zuzendu zuen, tenore berri eta demokratikoetara egokitzeko: Auzitegi Nazionalaren sorrera, TOP Ordena Publikoko Auzitegiaren oinordekoa, 1977ko urtarrilean; Amnistiaren eta frankismoaren kargu errepresiboen inpunitaterako legea, 1977ko urrian; Poliziaren eta Guardia Zibilaren artxiboak suntsitzeko ministerioaren agindua, urte bereko abenduan; Poliziaren legea, 1978ko ekainean; Lege antiterrorista, 1978ko abenduan... Laburbildurik, Martin Villa izan zen erantzule nagusia aldamio polizial frankista guztiak berriki sortutako «demokrazia konstituzionalaren» erakundeetara pasatzeko. Hura arduratu zen dena alda zedin (izenak, uniformeak, legeak...), funtsean deus alda ez zedin.

Beranduago, PPko zuzendaritzatik iragan ondoren, ageriko politika utzi eta negozioen mundu zintzora joan zen, Espainia toki guztietatik zerbitzatu baitaiteke. Etapa berri horretan ministro ohiak ipurmamiak 45 enpresatan paratu eta ia 100 kargu korporatibo izan zituen: Endesa, Sogecable, Técnicas Reunidas, Ibercobre, Enersis (Txile), Caja Madrid, Cepsa, El Fénix… Eginkizun horietan horren trebe izan zen non, 2012an, Mariano Rajoyk Sareb-eko kontseilari izendatu baitzuen, gobernuak, 2008ko krisialdian, bankaren hondakin toxikoak kudeatzeko sortu zuen banku txarrean, hain zuzen. Horri guztiari esker, ekonomia hondoratu zutenek dozenaka mila milioi euro sartu zituzten sakelan, PPk, sektorea onbideratzeko, haien eskuetan utzitakoak.

Trantsizioaren errepresioa ez zen bakarrik izan sekula garbitu ez ziren aparatu frankista zaharren inertziaren emaitza. Horren gainetik, UCDren gobernutik nahita adostu eta bideratutako politika izan zen, haustura apetak alde batera utzita, oposizio demokratikoa erreforma frankistaren azenarioa onartzera behartzeko. Agian honek konspiratzailea irudi dezake, baina, urte batzuk geroago, PSOEren gobernu batekin, Auzitegi Gorenaren epai batek (GAL eta haren biktimei buruzkoa) bilbe kriminal hartan errunduntzat jo bazituen zenbait polizia-inspektore, komisario eta gobernari zibil, Guardia Zibileko jeneral bat, Estatuko idazkari bat, Barne ministro bat eta, denen gainetik, X jaun bat, zer ez zukeen antolatuko UCDren gobernu batek, trantsizio erdi-erdian, frankistez eta armadako jeneralez gainezka izaki?

Inork ez du Servini epaile argentinarrak bezain ongi adierazi azken hori. Martin Villaren aurkako auzipetze autoan (Buenos Airesen hamabi ustezko krimenengatik inputaturik segitzen du) honako hau dio: «Erregimen frankistak antolatutako egitura errepresibo guztiak funtzionatzen jarraitu zuen trantsizio politikoaren prozesua bere kargu zeukan zuzendaritza politiko berriarekin […] Haren arauak, egitura, agenteak eta jardun errepresiboak mantendu ziren eta ordena publikoko indarrei bermatu zitzaien bere jardunaren inpunitatea, eskueran zituzten baliabide guztiekin […] Martin Villak zuzentarau orokorrak eta partikularrak eman zituen gai honi dagokionez». Martin Villa, capo di tutti capi.

On litzateke epaile nafarrek haien kide valentziarraren jarduna kontuan hartzea eta, behingoz, Pontzio Pilato imitatzeari uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.