Laikotasuna kolektiboko kidea

Matrikulazio kanpaina eta erlijioa eskola publikoan

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren 2an hasi zen Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako matrikulazio kanpaina, eta gurasoek aukeraketak egin beharko dituzte. Hasteko, esleitu behar dute zer-nolako eskolatan izena eman: publikoan ala pribatuan? Gure hautua, zalantzarik gabe, publikoaren aldekoa da; baina horrek beste zalantza bat sortzen du: erlijioa bai ala ez. Berez, Espainiako Estatuko eskola guztiak konkordatuaren menpe daude, eta denetan ikasleak erabaki dezake erlijioa ikasi ala ez, baina eskola pribatu askotan ezin da aukeratu, matrikulazio baldintzetan hala baitago ezarrita; eta administrazioaren menpeko ikuskariek, auskalo zergatik, ikastetxe publikoetan soilik kontrolatzen dute erlijioa eskaintzen den edo ez. Esan bezala, eskola publikoko gurasoek badute zer pentsatua. Hori dela eta, guk ere zenbait puntu azaldu nahi genituzke aukera egitean lagungarriak izan daitezen:

Erlijioan izena emateak klaseko xelebrea bihurtu dezake zuen umea. Matrikulazio datuek argi eta garbi adierazten dute; aurreko urteko datuak hauek dira: LHn %83,5 dira ez dutenak erlijioa aukeratzen, DBHn %86,9, eta batxilergoan %95,5. Erlijioa da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen etapan aukerazko gai bakarra, beraz, hori hautatzen duten gurasoek kontuan har dezatela ikasturteko 40 ordu, gutxi gorabehera, umeak bere taldetik kanpo igaroko dituela. Ez gara nor esateko horrek kohesio arazoak sortzen dituela, baina, lagundu, ez du laguntzen. Ikasgela bakoitzeko ikasle bat edo bi (edo inor ez) besterik ez direnez, ikastetxeen joera da mailako guztiak batera jartzea, eta horrek maila osoko ordutegia baldintzatzen du, lehenengo erlijioko orduak ezartzen baitira, eta gainontzekoak horren baitan banatzen dira.

Esaten digute erlijioa beharrezkoa dela ikasleek bizi etikaren inguruan ikasteko, baina erlijioko orduetan ez dute etika ikasten, baizik eta morala (gehienetan, pelikulak ikusi, eta askariak egiten dituzte). Gainera, moral hori batzuetan edo askotan etikaren aurkakoa da; adibidez, umeei irakasten zaienean emakumeek ez dutela gizonek adina balio, edo homosexualitatea lotsatzeko moduka gauza dela... Horrez gain, katolikoen kasuan, pentsatzen badute erlijioaren oinarrizko ideologia irakasten zaiela eta ez zenbait gotzainek diotena, hona hemen adibide gisa, etorkinei beren egoera legeztatzeko aukera eman zaien honetan, bi gotzainek esan dutena: «Ez dago guztientzako tokirik». Etika irakastea ez da irakasleen lana soilik; irakasle guztiena, gurasoena eta gizarte osoarena da, eta giza eskubideek egon behar dute horren oinarrian.

Adin hauetan, umeak ez dira nahiko helduak honelako aukeraketa sakon bat egiteko, eta umearen eskubidearen aurkako urraketa bat izan liteke. Utzi haiei aukeratzen nahikoa hazi direnean.

Urtean 700 milioi euro baino gehiago bideratzen dira batzuen pribilegio hori mantentzera. Bai, pribilegio bat da, eskubide bat balitz guraso guztiek (ateoek barne) izango lukete aukera beren sinesmenak (edo ezak) beren umeei ezartzeko denon diruaren kontura, zeren 700 miloi horiek denok ordaindu ditugun zergetatik ateratzen dira. Baina ez da horrelakorik gertatzen; horrek demokrazian oinarrizkoa den berdintasuna zapuzten du.

Horrengatik guztiagatik, argi daukagu gure aholkua: ez matrikulatu zure umeak erlijioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA