Gustatu zein ez, egia da Arabako Errioxa izenik gabeko eskualde bat dela, lau mendez erabilitako izenaz gabetua, gaur egun beste batzuk jabetu baitira izen horretaz. Hain zuzen, Errioxa Sor-marka Arautzeko Kontseiluak beretzat eskatu zuen Arabako Errioxa marka nazionala 1998ko azaroaren 17an, Madrilen, eta beti pentsatu izan dugu huraxe izan zela lehen aldia eskatzen zena eta huraxe lehen eskatzailea. Berriki aurkitu ditugun dokumentu zahar batzuek, ordea, frogatzen dute hiru aste lehenago, 1998ko urriaren 26an, Eusko Jaurlaritzaren mendeko APRA erakundeak eskatua zuela izena, eta badakigu zein garrantzizkoa den aurrena izatea marka bat erregistratzeko orduan. Hala ere, ezustean, Gasteizko norbaitek erabaki zuen hasierako abantaila hari uko egitea, eta bertan behera utzi zuen inskripzioa. Zergatik bota zuten atzera abenduaren 29an, baina eskaera bera berriz egin abenduaren 30ean, Eusko Jaurlaritzaren izenean? Zergatik eskatu, gero eskaria atzera bota, eta ondoren berriz eskatu, ordurako berandu zelarik, ordurako kontseilu arautzaileak ere eskaera egina zuenez gero?
Hemen hauteskunde garaia zen 1998an, eta gai nagusietako bat zera zen, azpieremu hori bazela onartzea eta etiketan Arabako Errioxa izena jarri ahal izatea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako mahastizaintza eta ardogintza arloko arduradunek —hau da, Eduardo Urrutia Nekazaritza sailburuordeak eta Asier Albizu Nekazaritzako Industrien zuzendariak— korrika eta presaka sortua zuten APRA izeneko entelekia (Arabako Errioxako Ardoa Sustatzeko Elkartea); Arabako Diputazioaren Ardoaren Etxean zuen egoitza APRAk, eta, garai hartan, Jose Antonio Suso diputatuak eta Luis Javier Telleria zuzendariak gidatzen zuten diputazioaren politika mahastizaintzari eta ardogintzari zegokienez.
1998ko azaro hartan, lau euskal agintari nagusi horiei zegokien Arabako Errioxa izena defendatzea. Zer egin zuen, ordea, haietako bakoitzak, aipatutako gertakari zoritxarreko hartan?
Zergatik bota ote zuten atzera hasierako eskaera, eta zergatik eman ote zioten kontseilu arautzaileari Arabako Errioxa izena erregistratzeko denbora, hiru aste geroago erregistratu ere? Ardogintza arloko euskal arduradun haiek kontseilu arautzailearekin negoziatu ote zuten Arabako Errioxa izenaren jabetza, ezkutuan, hala nola negoziatu zen 1980an Logroñoko Autonomia Erkidegoa izena kendu eta Errioxako Autonomia Erkidegoa onartzea? Kontsulta egin ote zieten Ardanza lehendakariaren edo Ormazabal diputatu nagusiaren legelari taldeei?
Isil-misilka egin zen traizioa: Arabako Errioxako, Arabako eta Euskadiko herritarrok izen horren gaineko eskubidea galdu genuen, eta hemezortzi urte igaro arte ez zen argitara atera galera hori. Aurrera baino lehen, gogora ekartzekoak dira isilpeko bi anekdota.
Lehenbizikoa 2008koa da, hasierako ezegitekoa izan eta hamar urte geroagokoa: Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxa izena inskribatzeko eskaera egin zuen marka erregistroan, eta Errioxako Gobernuak eta kontseilu arautzaileak kontra egin zioten, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zioten Patxi Lopezen gobernuak 2009an eginiko hasierako ukapenari.
Bigarren anekdotak agerian uzten du noraino iristen den gure izena edukitzeko grina: 2011n, Arabako Errioxa markaren titulartasuna iraungitzekoa zen —kontseilu arautzailearen deskuidu bat— ozpinei buruzko 30. epigrafean Espainiako Patenteen eta Marken Bulegoan —horra kalitateko ardo baten ospea hobetzeko biderik onena, ozpinik ekoizten ez den eremu batean—; Errioxako Gobernuak, horren jakitun zegoenez, Arabako Errioxa marka erregistratzeko eskatu zuen, argudiaturik Arabako Errioxan ekoitzitako ozpinak babestu beharra zegoela, eta, halaxe, gatazka bat sortu zen Errioxako Gobernuaren eta Errioxa sor-markaren artean. Borroketan ibili dira haiena ez den izen bat eskuratu nahian; izena edukiko dute, bai, baina ez da haiena.
Inbidia sanoa piztu zidan horrek, ikusirik gure administrazioak ez duela sekula halako ardurarik erakutsi gure izenaren inguruan, eta gure auzoek, aldiz, bai, haiena delakoan. Arabako Mahastiak sortzea proposatu genuen, eta Eusko Jaurlaritzak kontra egin zion; orain ez daukagu ez izen propiorik, ez Arabako Errioxa, ez Arabako Mahastiak.
Duela gutxi, gure diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen egindako adierazpen batzuei erantzun zien Errioxa sor-markako presidenteak, esanez administrazioak gonbidatu gisa daudela kontseilu arautzailean, hobe zuela isilik egotea, bere lurraldea gobernatzeari lotzea, Errioxa eta Arabako Errioxa marka sustatzen laguntzea —hau da, diruz laguntzea–, eta kito. Argi eta garbi utzi du: enpresa pribatu bat dira, bazkideak dituena, eta partaidetzaren arabera ordezkatutako administrazio kontseilu bat; ez dira gobernuz kanpoko erakunde bat, ez dira irabazi-asmorik gabeko erakunde bat, aitzitik baizik; beraz, etekina lehenesten dute gauza guztien gainetik, eta ez dute inongo eskualderen edo lurralderen interes orokorrik defendatzen.
Hau ez da izen kontu hutsa, benetan inporta zaiena negozioa baita: Arabako Errioxara etorri diren upategi handi batzuek Arabako Errioxakoa balitz bezala merkaturatzen dute Errioxako eta Nafarroako ardoa; bereak dituzte Errioxa (La Rioja eta Rioja) eta Arabako Errioxa markak. Arabako Errioxa eskualdean 50-60 milioi litro ekoizten dira, eta merkaturatu, berriz, kasik doblea. Hortxe dago gakoa: upategi handiek, Errioxako beste toki batzuetako mahatsa eta ardoa erosi, eta Arabako Errioxan botilatzen dute.
Nork ateratzen dio probetxua horri? Batetik, upategiek, jakina —prezio hobea ordaintzen dute lehengaiaren truke, enpresen ospea hobea da, diru laguntzak eta trataera fiskala ere bai—; bestetik, euskal administrazioak, euro asko eta asko poltsikoratzen baititu zergen bidez. Denak pozik, mahastizainak izan ezik, haiek ez baitute ekoizpen kostuak ordaintzeko adina ere irabazten.
Gaur egungo euskal administrazioak hutsaren hurrengoa egin du hori guztia aldatzeko; ez zaie burutik pasatu ere egin aldatzea, tramaren bi aldeei ondo baitatorkie oraingo egoera, ikaragarri ondo; mahastizainei dagokienez, berriz, ezin saihestuzko albo kalteak dira, lehia handikoa baita oraingo egoera: pandemiak, gerrak, muga zergak..., intelektual argitu batek esango lukeen bezala, hori guztia ordaintzeko pagabururen bat behar da. Arazo bat konponduko bada, bi baldintza behar dira aldez aurretik: nahi izatea eta jakitea. Eusko Jaurlaritzak ez du nahi? Ez daki? Ez bata eta ez bestea?
Ezinbestekoa da memoria historikoa berreskuratzea, eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu zer gertatu zen aitortu dezala, gure izena eta identitatea berreskuratzeko hitza bete dezala, engainua konpon dezala, eta erakuts dezala egia dela harro esan ohi duen hori, alegia, —izenik gabeko— eskualde hau axola zaiola pixka bat.
Puzzlearen pieza guztiak aurkitu ditugu, baditugu hemen diogun hau frogatzeko agiriak. Administrazioa zergatik isildu da, zergatik dago isilik orain ere, gure salaketak entzunda ere? Zergatik daude orain ere ezkutuan, gordean? Bigarren mailako gai bat iruditzen zaie, muntarik gabea?
Zer pasatuko zen hau Euskadiko beste edozein eskualderi gertatu balitzaio, haren izena eta identitatea saldu baliote —oparitu baliote— enpresa pribatu bati? Eta hain adeitsu eman zuena ezin berreskura badezake, ba, utz diezagula geurea izango den eta lurralde moduan identifikatuko gaituen izen bat aurkitzen, eta horretarako erraztasunak eman diezazkigula. Errioxa hitza sortu baino mende asko lehenago hemen zeuden eskualde hau eta bertako jendea.
Erredakzioan itzulia.