Xabier Makazaga.

Memoria osoa, bizikidetzaren alde

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gasteizen egoitza duen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren arabera, Espainiako Estatuak ez du inoiz terrorismorik praktikatu. Ezta Francoren diktadura garaian ere. Haatik, PSOEk Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu Giza Eskubideen urraketei buruzko txosten bat onartu zuen, non esaten zen diktadurak «herritarren artean izua hedatzea bilatzen» zuela, «erreibindikazio politikoaren zabalkundea saihesteko». Ez al da hori estatuterrorismoaren definizio zehatza?

Hala errepikatu zuten hainbat lanetan terrorismoaren biktimen arloan erreferentziazkoak diren bi pertsonak, biak kide garrantzitsuak Deustuko Unibertsitatean: Xabier Etxeberria, Etika katedradun emeritua, eta Galo Bilbao, Etika irakaslea. Biek dute erabat argi estatu terrorista izan zela frankista. Gainera, elkarlanean idatzi eta 2005ean argitaratu zen lan batean, biek utzi zuten oso garbi estatu demokratikoek ere terrorismoa praktika dezaketela. Hara zer idatzi zuten zehazki: «Terroristak dira giza eskubideen hainbat urraketa (lege batzuetan gehiegikeriak, arbitrariotasun judiziala, tratu txarrak eta torturak, terrorismoaren aurkako talde paraestatalen sustapena)».

Beste zerbait ere azpimarratu zuten lan hartan, «Estatuaren ekintza terrorista nagusia tortura» zela (Etxeberriak 2006an zehaztu zuen estatuterrorismorik okerrena tortura dela), eta biek errepikatu zuten estatu terrorismoaz zuten iritzia gutxienez 2005 eta 2007 artean argitaraturiko beste lau lanetan.

Hala ere, hainbeste azpimarratu ondoren estatu demokratikoek ere terrorismoa praktika dezaketela eta segurtasun indarrek eragindako tortura eta tratu txarrak terroristatzat jo behar direla, Galo Bilbaok zeharo aldatu zuen bere iritzia, bat-batean, batere azalpenik eman gabe. 2009an argitaraturiko lan batean adierazi baitzuen ez zituela terroristatzat jotzen «gehiegizko indarkeria edo giza eskubideen urraketa nabarmenak eragin dituzten unean uneko jarduera judizialak, politikoak edo polizialak (adibidez, tortura kasuak)». Eta, gainera, aurpegi ezin gogorragoa erakutsiz, erantsi zuen hura ez zela «zehatz-mehatz» ordura arte zioen gauza bera, aldaketa garrantzi gutxikoa izan zela aditzera emanez.

Xabier Etxeberria izan zen aldaketa hura argudiatzen saiatu zena, 2009an argitaratu zen beste lan batean honako hau esanez: «Terrorista nor den zehazteko orduan, bi aukera hartu behar dira kontuan: bata inklusiboagoa eta bestea murriztaileagoa [estatu terrorismoa ukatzen duena]»; eta gaineratu zuen «pentsamendu etiko-politikoan oinarritua» zegoen lehenengoa zela «berez egokiena», «baina bigarrenak islatzen du hobekien terrorista eta terrorismoaren biktima terminoen egungo erabilera juridiko eta soziala, gure testuinguruan, behintzat».

Hori bai, Etxeberriak onartu zuen Galo Bilbaoren bat-bateko iritzi aldaketa erabat zilegi egiten omen zuen «erabilera juridiko» harekin zerikusi handia zuela Estatuak, eta ez dago zalantzarik nola moldatzen den Estatua une bakoitzean komeni zaion «erabilera soziala» bultzatu eta eraikitzeko orduan ere.

Nolanahi ere, nik dakidala behintzat, 2009az geroztik ez Xabier Etxeberriak ez Galo Bilbaok hitz egin dute berriro, beren lanetan, ez torturaz ez haren biktimez. Eta ez dute inolako kezkarik agertu biktima horiengatik. Bada, oso esanguratsua iruditzen zait hori, 2009az geroztik egin eta argitaratu baitira, hain zuzen ere, Euskal Herrian milaka pertsonak jasandako torturen errealitateari buruzko hainbat lan garrantzitsu. Nola azaltzen dute biek jarrera hori?

Dena den, Galo Bilbaok estatu terrorismoari buruz izan zuen bat-bateko iritzi aldaketa batere etikarik gabea noiz gertatu zen kontuan izanik, seguru nago aldaketa hark Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek hartu zuten erabaki batekin zerikusi handia izan zuela. Erabaki baitzuten ez zegoela estatu terrorismoaren biktimarik baizik eta, batetik, GAL eta BVE bezalako talde terroristen biktimak, ezkutatuz haiek estatu terrorismo gordina ezkutatzeko siglak baino ez zirela izan, eta, bestetik, «polizia-gehiegikerien» biktimak. Eta geroztik behin eta berriro errepikatzen dute biktima horiek jasandako sufrimendua inolaz ere islatzen ez duen eta diskriminatu egiten dituen termino hori.

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalak nahikoa izan du horri eustea biktimak diskriminatzen jarraitzeko eta, gainera, bidegabekeria horretan sakondu du, estatu terrorismoaren hainbat eragile garrantzitsu zurituz; hala nola, torturatzaile frankista ezagun batzuk.

Horixe egin du, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta Fernando Arambururen hitzaurrea duen Pardines. ETA erailtzen hasi zenean liburuko lan batean. Jose Sainz torturatzaile frankista ezagunaren irudia zuritzen baita bertan. Bai, Bilboko komisarian eta frankismo garaian tortura gune nagusi zen Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusian ehunka torturaturi hain arrasto sakonak utzi zizkien torturatzaile ankerra.

Horregatik da hain salagarria lan horretan erabateko sinesgarritasuna ematea torturatzaile horri, Eva Forest bezalako pertsonek jasan zituzten tortura basatiak ezkutatuz, Evak testigantza zehatz askoa utzi baitzuen Sainz buru zuten torturatzaileen atzaparretan jasan zituen izugarrikeriei buruz, eta, horrenbestez, egileek nekez esan dezakete ez zekitela horri buruz ezertxo ere.

Estatu terrorismoaren ukatzaileek ezjakintasunaren aitzakia erabiltzerik izan ez dezaten, zeharo garrantzitsua da giza eskubideen urraketa guztiak barne hartzen dituen Memoria Osoan oinarritutako dinamikak bultzatzea, eta, hasteko, memoriaosoa.eus webgunearen bidez Memoria osoa, bizikidetzaren alde ekimenak argitara eman duen manifestua babestea.

Egin dezagun lehenbailehen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.