Memoriaren hutsuneak eta historiaren gabeziak

2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Memoria historikoaren aipamena egiten denean, era interesatu eta ideologikoaren aitzakiapean egiten da sarri. Eta gure buruak unibertsoak baino zulo beltz gehiago dituen arren, izango da nor edo nor, apeta interesatuaren arabera, memoria auzira ekarriko duena berak nahi duen ertzetik tiraka. Esaterako, denboran urrun joan barik, Eneko Andueza jaun txit memoria azkarrekoak, PSE-EEko idazkari nagusia EAEn, eskatu dio Ezker Abertzaleari onar dezala Euskal Herriari eragin dion kaltea.

Andueza jaunak, antza, argi dauka nork eta zergatik eskatu behar duen barkamena.

Ni neu ere, barkamena eska dezateneskatzera nator, eta atzerago joango naiz denboran Andueza jauna baino, eta berreskuratzen ahaleginduko naiz, denboraren joanak buru-garunean eta ariman txertatuta eta iltzatuta laga digun memoria ahantzi nahi gabea.

1076an, Iruñeko Antso IV.a Nafarroako erregea erail zuten gaztelarrek, eta Alfontso VI.a Leongo eta Gaztelako erregeak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoaren zati bat gehitu zion bere erresumari. Gehitujartzen dudan lekuan, jar dezadan konkistatu, oinperatu, Nafarroako Erregeak utzitako botere hutsunea betetzearren egindako karitate ekintza, izan ere.

Araba dela eta, esan behar da, Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Gasteiz eta Arabaren zati bat konkistatu zuela bide militarra erabilita. Gasteiz zortzi hilabetez izan zuten setiatua, gasteiztarrek gosez, gaixotasunez eta oinazez amore eman behar izan zuten arte.

Nafarroako Erresumako mendebaldeko lurralde hauetan, hortaz, Nafarroaren subiranotasunari amaiera eman zitzaion, Gaztelak erabilitako indarkeria militarraz, garai hartako euskal herritarrengan mina, samina eta herioa eraginda. Konkistak eta anexioak ez baitira okupatutako giza jendearen eskuzabaltasun eta borondate kristaua tarteko direla gertatzen. Bizkaia, esan beharra dago, anexioaren bidez oinperatu zuen Gaztelak (Errusiarrek Krimea bezala). Erosi egin zituzten bizkaitarrak. Gaztelako errege-erreginek kargu, ohore eta estatu ugari eman zizkieten bizkaitar nobleei, eta Nafarroako erresumako jaurerri izateari utzi zion, Gaztelakoa izan zedin (Nafarroako Erregearen pribilegioa izan zen Bizkaiko Jaurerria, Nafarroako lurraldea zenez gero).

Eta memoriak huts egiten ez digun bitartean, Nafarroako konkista inperiala datorkit burura. Ahulen eta babesgabeen, zaurgarrien ziren lurraldeak konkistatu eta anexionatu zituen Gaztelak aurrena, Nafarroako lurralde boteretsu eta militarki indartsuagoa konkistatu aurretik. Euskal Herritarren erdigune identitarioa nahi zuten mendean hartu, eta gaztelarren inperioa handiagoa egin, albo-erresumak su eta gar bereganatuz. Eta horretarako indar militarra, beldurra, sufrimena eta herioa barreiatu zuten Nafarroan, aurrerago Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egin zuten bezala.

XIII. mendetik egunera arte Gaztelako errege-erreginen oinordeko naturalak diren gaurko oinaztarrek eta beamondarrek (Andueza jauna eta) jardun berean jarraitzen dute, gure hizkuntza, kultura eta identitatea desagerrarazi nahian.

Denboraren joanak ematen die gaztelarrei, berdin urtebete zein 500 igaro, Euskal Herri menperatua, konkistatua, anexionatua eta oinperatua, gaztelarren lurraldea dela esateko eskubidea. Ez dute erresistentziarik onartzen, 700 urteko indarrezkojabetza erabiltzen dute aitzakiatzat haien aurka armatan era legitimoan altxatzen direnak terrorista kontsideratzeko.

Historia garaileen saria da, soilik herririk ankerrenek dute historiaren orrialdeetan aipatuak izateko eskubidea.

Duela 700 urte gaztelarrek Euskal Herriaren desagerpena zuten helburu. Hirurogei urteko erresistentziak Euskal Herriaren berreskurapena baino ez du nahi.

Andueza jauna, zure ustez, nork uste duzu barkamena eskatu behar duela Euskal Herrian okupa egoteagatik? Agian, antzinako gaztelarren oinordeko zuzen zareten horiek?, ala gure identitatea, hizkuntza eta kultura desagerrarazi nahi digutenen aurka amore eman gabe ekinean jarraitzen dugun euskal herritarrok?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.