Liburu-iruzkingilea

Mesfida zaitez hurkoaz, baita zeure buruaz ere

2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mesfida zaitez eleberria (Bea Salaberri; Txalaparta) ETAren borroka armatuaren azkenaldiaz ari da, memoria historiko-politiko berriaz. Thrillerra da. Literaturaren generoaz bainoago, ETA fenomeno armatuari buruz, etakideen ideologiaz eta militantismoaz ariko naiz. Hona nobelaren zenbait gako-hitz: Klandestinitatea, Militantismoa, Borroka armatua, Erakundea eta Herria.

Klandestinitatea: Laurendia Etxarte Maika protagonistaren aitak honela diotso alabari: «Mesfida zaitez!». Haren lagunek eta burkideek errana ere izan daiteke. Laurendiaren arbasoek erlijioaren fedean nola, hala dihardute «politikan» engaiatutako militanteek. Burkideek «fede-konfiantza» diote elkarri. Alabaina, klandestinitatera pasatzen denean burkideekiko konfiantza zalantzazko jitea bihurtzen zaio militanteari. Legez kanpo aritzeak pertsona erreserbatua bihurtzen du arras, bere sekretuak isil-gordean eraman behar ditu. Klandestinitateak militanteak are ilegalagoak bihurtzen ditu eta legalitatean bizi direnengandik urruntzen dira. Jardueraren inertziaren poderioz, jendartearen errealitatetik at paratzen dira. Defendatzen omen duen jendartearengatik geroz eta urrunago kokatuz.

Militantismoa: fedea aipatu dut. Konfiantza fede kristauaren aldaera dugu kultura postmodernoan. «Politika» erlijio molde bat da. Doktrina suerte bat. Militanteak sinesmenean oinarritzen du bere zeregina. Idealismoan funtsatzen da. Talde baten barruan dihardu, baina isolatua. Berez pentsatzen badu, iritzia aldatzeari aukera ematen dio eta taldearen iritziaren aurka egiten du. Bestera pentsatzeak inguratzen dutenen ikuspuntua aldaraztea ekarri lezake. Klandestinitatean pentsatzea arriskutsua da. Militante klandestinoa ausart lanjerosa da.

Militanteak armak ontzat jotzen dituenean, borroka armatuaren jarduerak bere borroka intelektuala trabatzen du. Fede ona edo txarra gorabehera, bere sinesmenak defendatzea berebizikoa zaio bere kausa defendatuko badu. Bere bizitza arriskuan dago eta bizirik jarraitzeko bitarteko guztiak baliagarriak eta onargarriak bihurtzen zaizkio. Erresistentzian jarraitzea, borrokari atxikitzea, «garaipen moduko bat» da. Horra erresistentziaren paradigma.

Militanteak defendatzen omen duen Herriaren onespena behar du. Baiespen horixe du konbentzimendu nagusia. Konbentzimenduaren poderioz, euskaldun izatearen harrotasuna harrokeria bihurtzen zaio. Altruismoaren printzipioak itzulikatzen ditu bere aldera. Gaizki entelegatutako altruismo baten zirimolak inarrosia bizi da. Haren diskurtsoa erretorikoa da. Pentsatzeko eta obratzeko moldea egian eraikitzen du; fede-konfiantzaren ildoan. Arrazoibidea ilusio bat da. Ideiak ez datoz bat errealitatearekin. 

Bere ideiak bere sinesmenaren arabera eta etsaiaren kontrakarrean eraikitzen ditu. Etsaiarekiko kontrakarrean zertu duen izanak bere ahuldadea agertzen du. Bere jarduera, bortxazkoa, bere beldurrarren adierazlea da. Konfunditua dagoela onartzea etsaiaren kontzientziari amore ematea da.

Borroka armatua: borroka armatuak eragin kalteen eta minen ondorioz, borroka armatua sorreran izan zen espresioaren hitzaren beraren eufemismoa bilakatzen da. Borroka armatua. Adiera «iraingarria» izatearen posibilitatea uxatzen dute haren eragileek. Borroka armatua adierak taxu txarreko jarduera ezkutatzen du. Borroka armatua espresioak gutxiesgarria den jarduera bat makilatzen du. Borroka armatuak pertsonen biziak kalitzen dituela «ezabatzen» du militanteen kontzientziatik. Borroka armatua totem bat bihurtzen da.
    
Erakundea: totem handiena duzu nobela honetan, baita errealitatean ere. Izan ere, nobelako fikzioa errealitatean funtsatua baita. Erakundearen partaideentzat Erakundeak betirako egonkortasuna, sendotasuna edota iraupena bermatzen ditu. Jainko suerte bat da. Jainkoa nola, Erakundea hala. 

Herria: maiuskulaz hau ere. ETAko militanteak —ez etakideak bakarrik—, herriaz ari direnean, maiuskulazko Herriaz ari(tu) dira. Denboraren poderioz, herritarren geroz eta konbentzimendu eskasagoa dela medio deuseztatu ere. Belaunaldiz belaunaldi deuseztatu den arketipoa.

Borroka armatuaren jarduera «gerra» bat bihurtu zuten iragan belaunaldiko militanteek. Etsaiek behar eta nahi zuten «gerra» bihurtu ere. Nobelan ondo baino hobeto islatzen da «gerra politikaren segida dela» delakoa. Euskal gatazkan alderantziz gertatu da, ordea. Nobelan «urtetan errefusatua izan zen jarduera politikoa heldu da ‘gerraldia’-ren ondorengo garaian». Errealitatean ere bai. Armak uztea «egokitu» zaien azken belaunaldiko militanteak politikaz mesfidatu dira. Politika konbentzionalean jarduteko konfiantza galdu dute, iraganeko kideek erlijioaren fedea galdu zuten legez. Armen bitartez «politikan» jardun duten militanteek ez dute politikan federik ez konfiantzarik. 

Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko dikotomietako bi: Iparraldeko borrokalari abertzaleak beren lurraldeari atxikitzeko borroka-lurtar-erreala gauzatzeaz batera, Hegoaldeko borrokalari abertzaleen borroka-zerutiar-utopikoaren aldeko sostengua eman dute urte luzetan. Aldiz, Hegoaldeko iraultzaileen utopiek herri honentzako askatasun osoa «irudikatu» zuten belaunaldiz belaunaldi. Hastapeneko «zentzuzko» borroka armatuaren desbideratzearen ondorioz, euren utopia distopia bilakatuz joan zen. Irudimenezko errealitate bat eraiki zuten klandestinitatetik. Urteak joan ahala, errealitatearekin ezinbestez talka egitean, jendarte «perfektua» sortuko zutelakoan «infernuaren» aukera egitate-erreala bihurtu zuten.

Artikuluaren bertsio luzea irakurtzeko, jo helbide honetara: https://blogak.eus/begizolia/mesfida-zaitez-hurkoaz-baita-zure-buruaz-mesfidatu-ere

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.