Ustelkeria kasu edo susmo berri bat agertzen denean, eztabaida galdera baten eran antolatzen da: errugabea ala erruduna? Erruaz harago, etika publikoaren ikuspegitik beste galdera bat ere egin behar dugu: zer-nolako sistemak egiten du posible hainbat jokabide behin eta berriro errepikatzea?
Ustelkeria ez da soilik pertsona jakin batzuen jokabide moralki gaitzesgarria. Arazo instituzional zabalago baten sintoma ere izan daiteke. Moralismoak errua pertsonalizatzeko joera du; integritate publikoak, berriz, erantzukizuna instituzionalizatu nahi du. Komunikabideek eta sare sozialek eskandalua maite dute, baina eskandalua posible egiten duen erakunde-arkitekturari ere begiratu beharko genioke.
Ustelkeria, eragin-trafikoa eta ate birakariak errazago agertzen dira politikan eragin pribatua behar bezala erregistratzen ez denean, interes-gatazkak berandu kudeatzen direnean, kargu publikoen agendak gardenak ez direnean eta kontratazio publikoan lehia eta trazabilitate arazoak daudenean. Orduan, zigorrak iristen badira ere, askotan kalte demokratikoa jada egina dago.
Diruari jarraitu behar zaio, noski; baita pizgarriei ere. Alderdi askok gardentasuna defendatzen dute abstraktuan, baina gardentasun eraginkorrak boterea erabiltzen dutenen mugimendu-tartea murrizten du. Besteen ate birakariak salatzen dira; norberarenak arautzeko orduan, ñabardurak agertzen dira. Asimetria horrek ez du konspiraziorik frogatzen, baina bai pizgarri-egitura kezkagarri bat: erakundeak erreformatzea ez da beti errentagarria.
Erruaz harago, etika publikoaren ikuspegitik beste galdera bat ere egin behar dugu: zer-nolako sistemak egiten du posible hainbat jokabide behin eta berriro errepikatzea?
Kasu bat argitara ateratzen denean, egitateak argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko balio dezake, baina aurkariaren kontrako arma ere bihur daiteke. Ustelkeriaren aurkako borroka sarritan lehia alderdikoiaren ziklo laburretan harrapatuta geratzen da. Ezin da besterik gabe esan alderdiek nahita blokeatzen dituztenik ustelkeriaren aurkako erreforma guztiak. Baina esan daiteke alderdiek ez dituztela beti pizgarri nahikoak beren boterea ere mugatuko duten erreformak onartzeko. Badira tesi deserosoak: ustelkeria, kasurik larrienetan, ez da soilik arazo bat, sistema politikoaren funtzionamendu-elementu bat ere bada, sistema olioztatzen ari dena hain justu. Argudio hori ez da apologia bat —gaitzesgarria izaten jarraitzen du—, baina sistema diseinatzeko filosofia aldatzera bultzatzen gaitu: ez da nahikoa portaera txarrak zigortzea; portaera zuzenak erakargarriagoak egin behar dira, moralki ez ezik, estrategikoki ere bai.
Hala ere, integritate publikoaren instituzionalizazio bat badago, eztabaida publikoak eskandaluaren inguruan jarraitzen badu ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016tik Erakundearen Zuzentasun Sistema du, kodeak, Etika Batzordea eta kontratazio, dirulaguntza eta interes-taldeei buruzko arauak barne. Eusko Jaurlaritzak ere baditu gobernu oneko tresnak, besteak beste Etika eta Jokabide Kodea eta Etika Publikorako Batzordea. Batzorde bietan EHUk parte hartzen du. Aurten, gainera, Euskadiko Gardentasun Legeak Gardentasunaren Euskal Agintaritza, Gardena, sortu du, interes-taldeen erregistroarekin batera. Estatu mailan eta autonomia erkidegoetan ere badaude integritate-sistemak, informatzaileak babesteko agintaritzak eta iruzurraren aurkako bulegoak edo agentziak.
Galdera sakonagoa da nola diseinatzen ditugun erakundeak, jokabide zuzena gobernatzen dutenen heroismo moralaren menpe egon ez dadin
Estatu mailan, beste agintaritza independenteak garatu dira. Autonomia erkidegoetan, iruzurraren aurkako bulegoak eta agentziak badaude Katalunian, Valentzian, Andaluzian, Nafarroan eta Balearretan, azken hori 2024an itxia (zergatik?). Haien eginkizunak aldatu egiten dira kasuaren arabera: prebentzioa, ikerketa, salaketen izapidetzea, informatzaileen babesa, gomendioen prestaketa edo interes-gatazken gainbegiratzea.
Horregatik harritzen du tresna horiek eztabaida publikoan duten leku txikiak. Integritate Publikorako Agentzia batek erreforma serio baten erdigunean egon beharko luke, benetako independentzia, baliabide nahikoak eta zigortzeko gaitasuna baditu. Ez polizia moral bat, ez auzitegi paralelo bat: azpiegitura demokratiko bat. Bere lana arriskuak lehenago ikustea, interes-gatazkak zaintzea, informatzaileak babestea, lobbyen arrastoa argitzea eta arauak urratzen direnean ondorio eraginkorrak aktibatzea litzateke.
Ez da irtenbide magikoa. Halako erakunde bat ahuldu, gutxiegi finantzatu edo gatazka alderdikoiaren objektu bihur daiteke. Baina ustelkeriaren aurkako borroka ezin da epaitegien esku bakarrik utzi. Auzitegiak ezinbestekoak dira, baina askotan berandu iristen dira. Integritate demokratikoak prebentzioa, trazabilitatea, administrazio-kontrola eta ondorio eraginkorrak behar ditu, dena eskandalu eta auzi penal bihurtu aurretik.
Filosofia politikotik begiratuta, galdera ez da soilik nola zigortzen dugun botere-abusua. Galdera sakonagoa da nola diseinatzen ditugun erakundeak, jokabide zuzena gobernatzen dutenen heroismo moralaren menpe egon ez dadin. Rousseauk Gizarte-kontratua klasikoan idatzi zuen bezala, demokrazia «hain da gobernu perfektua», ezen «aingeruentzat bakarrik egokia» baita. Ez dadin hala izan. Demokrazia heldu batek ez du agintarien zuzentasun pertsonalean bakarrik konfiantza jartzen. Kontrolak diseinatzen ditu, badakielako botereak beti sortzen dituela tentazioak, eremu grisak eta abusurako aukerak.
Horregatik, ustelkeriari buruzko informazioa irakurtzen dugunean, galdera zabalagoak egin beharko genituzke. Eta, batez ere, galdetu beharko genuke zergatik erabiltzen den hainbeste energia politiko aurkaria salatzeko, eta hain gutxi joko-arau komunak erreformatzeko eta, finean, demokrazia berritzeko.