Ikasturte honetan, Nafarroan, Lanbide Heziketa Duala ezarri da lehen maila guztietan, bigarren mailetan betiko FCTa (Lantokietako Prestakuntza) mantendu delarik. Hori kudeatzeko, astean lau ordu esleitu ziren ziklo bakoitzeko: FCTrako hiru ordu eta Dual berriarentzako bat. Ezarpen horrek sekulako ahalegina ekarri du zentroetan: inprobisatuz, ahal bezala moldatuz, irizpide argirik eta plangintza errealistarik gabe. Horregatik, irakasleek buru-belarri murgildu behar izan dute duala aurrera ateratzeko, zeregin berriak beren gain hartuz eta denbora eta ahalegin handia eskainiz.
Ikasturtean zehar, arazoak eta zalantzak helarazi zaizkio Hezkuntza Departamentuari, baina erantzuna ikastetxeei erantzukizuna itzultzea izan da. Gainera, egindako ebaluazioetan, ordu falta izan da eskaera nagusietako bat. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak ez ditu ekarpen horiek onartu eta ez du planteatutakoa jasotzeko borondaterik erakutsi.
Baina Hezkuntza Departamentuak, irakasleak ez baloratzea eta ez entzutea erabakitzeaz gain, inprobisatzen, baliabideak murrizten eta ziurgabetasuna sortzen jarraitzen du datorren ikasturtean Lanbide Heziketa Duala aplikatzeko orduan. Izan ere, azken egunetan jakin izan dugu datorren ikasturterako enpresetan ikasleen praktikak kudeatzeko orduak murriztu dituztela, astean lau ordutik bakar batera pasatuz.
Hezkuntza Departamentuaren beste murrizketa bat da hau, eta Nafarroa Garaiko Lanbide Heziketako ikastetxeei Lanbide Heziketa Duala benetan eta kalitatez ezartzeko eta aplikatzeko behar dituzten baliabideak eman beharrean, lehendik daudenak murrizten ditu.
Ordu bakar batekin, ezinezkoa da erreferentziazko figura egonkorrik mantentzea Lanbide Heziketa Dualerako. Pertsona bat edo batzuk behar dira ikasleen jarraipenaz arduratzeko, enpresekin koordinatzeko eta praktikak noiz eta nola egiten diren antolatzeko. Erreferentziazko figura horiek beharrezkoak dira, halaber, enpresek ikastetxearen barruan kontaktu argia izan dezaten. Lanbide Heziketa Dualaren figura argirik gabe, hau ezin da gauzatu.
Orain, ikastetxeei eskatzen zaie ordu bakar horrekin defini dezatela Dualaren figura hori nola sortu, baina Lanbide Heziketa Antolatzeko eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak60. artikuluan jasotzen duen bezala, Hezkuntza Departamentuaren ardura da figura horrek zenbat ordu izan behar dituen eta zer funtzio bete behar dituen argi eta garbi zehaztea.
Ikastetxeetan, oro har, errekonozimendu falta sentitzen da. Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketa Duala aitortzen ez badu, behar diren orduak ematen ez baditu eta egindako lana baloratzen ez badu, aurten lan horri eutsi dioten irakasleak galduko ditu.
Premiazkoa da Departamentuak irakasleak eta ikastetxeak entzutea, zuzendaritzekin eta sindikatuekin biltzea eta negoziatzea, eta datorren ikasturtean Lanbide Heziketa Duala behar bezala ezartzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren baliabideak antolatzea, planifikatzea eta ikastetxeak behar den moduan hornitzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasleon lanbideari balioa eman behar dio eta gure lana errespetatu behar du benetako kalitatezko Lanbide Heziketa publikoa bermatu ahal izateko.