Nafarroako D ereduko irakaslea naiz, 'eta' zer?

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena.
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Barcina anderea, ez dakit ikertu dituzuen 1.600 irakasleetako bat naizen, baina, oraindik ikertu ez eta tentaziorik bazenute, egitekoak eta nekeak aurreztuko dizkizuet. Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena naiz, beasaindarra, Euskal Filologian lizentziatu eta Nafarroan oposizioak atera ondoren, azken sei ikasturteetan Burlatako eta Atarrabiako institutuetan Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasten ari den gaztea, duela bi ikasturte euskal gizartea EZkuntza BAItzera deitu zuen bera.

Eta zer nahi duzu esatea, zuk ondo asko dakizun bezala, baldintzarik egokienetan ari ez bagara ere, gozatu egiten dut klasean, ez gutxi gainera. Hori bai, ez dakit zuk bestelakorik nahiko zenukeen, baina nire klaseak ez dira subjuntiboa eta argudio-testuak aztertzera mugatzen; programazioan zehaztutako edukiez gain, injustizien aurrean isilik ez egoten ere erakusten diet ikasleei, bortizkeria zantzu oro deitoratzen, ezberdintasunean berdinak izaten, beren eskubideak aldarrikatzen, errespetutsuak, kritikoak izaten, bizitza zukutzen, egunetik egunera osoagoak izaten, sortzen, eragiten eta beraien hizkuntza eta herria maitatzen. Tira, ez dakit lortzen dudan, baina, saiatu behintzat, saiatzen naiz. Eta nire lankideak ere halatsu saiatzen direlakoan nago.

Nire lankideak, bai, arnasa ezkerreko nahiz eskuineko sudurzulotik hartzen dutenak. Izan ere, abanikoaren mutur batetik besterainoko sentsibilitate eta ideologiek egiten dute bat gurean, eta bai, gure eztabaida eta diferentziekin, elkar errespetatuz, elkarbizitzen asmatzen dugu, aniztasunean aberasten, elkar maitatzen, bihotzetik bihotzerakoak baitira gure loturak. Gu ditugun ikasleak izateaz garen bezain zorioneko dira gure ikasleak dituzten irakasleak izateaz, eta ni beraien lankide izateaz. Ondo ari gara, oso ondo.

Zuek, baina, ez dakit oso zuzen ote zabiltzaten. Tira, zuzen bai (beti norantza berean), baina ondo ez. Izan ere, aurpegia behar da bulegoko aulkietatik altxatu gabe, gure klaseen nondik norakoen ezjakin, zer eta gu, lanean, dagokigunean buru-belarri zintzo-demonio gabiltzanok, taxuzko arrazoirik gabe, zuen gabezia eta ustel usainak estaltzeko erabiltzeko.

Neurriak ere hartuko omen dituzue, eta, tira, ni eta nire inguruko asko aspaldian gaude gure egunerokoa hobetuko duten neurrien zain, beraz, badakizu, ongi-etorriak izango dira aniztasunerako baliabideak, egun batetik besterako ordezkapenak, koordinazioetarako orduak badira.

Ez dakit, Yolanda, nire eskutitz hau sekula zure begi-belarrietara iritsiko den. Ni borondaterik onenarekin saiatu naiz neure burua aurkeztu, gure ikastetxean nola lan egiten den ikusarazi eta zuri argi egiten. Hortik aurrera, ikusi arte sinesten ez duten horietakoa bazara, honezkero ez badakizu, badakizu, Atarrabiako institutuan nire klaseetarako ateak zabalik dituzu.

Zure etxea garbitzen nahikoa lan baduzu, baina tarte bat hartzen duzunean, dagoeneko hainbat ikasle ohik, lankidek, gurasok eta herritarrek egin duten bezala, zatoz nire klaseetara, ikusi, bizi eta gero hitz egin. Bitartean, eskertuko nizuke nire egitekoak behar bezala egiten bake-bakean uztea, aukera-aukeran nahiago baitut zuri eskaini dizudan denbora ikasle eta lankideei eskaini.

Besterik bai, baina hurrengo batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.