Euskal nazionalismoan eraldaketa prozesu bat izaten ari da azkenaldian. Alde batetik, nazionalismoaren atzera egite identitario bat ari gara ikusten, zeina lotuta dagoen krisialdi kapitalistari eta erdi mailako klasearen gainbeherari. Eduki politikoz husten ari dira auzi nazionala, eta etsai baten definizio baztertzaile batekin edota elementu sinbolikoekin lotzen ari dira.
Lehendabizi, horretan guztian fenomeno berritzaile bat arakatu genezake: eskuin muturreko euskal nazionalistaren agerpena. Agerpen hau nahiko bat-batekoa izan da, eta lotuta dago bai mundu mailako faxismoaren gorakadarekin, bai Euskal Herriko nazio askapeneko mugimenduaren desagerpenarekin; azken horrek ezkerretik ateak ixten baitzizkion joera faxista baten agerpenari. Faxismo berri honek zehatz-mehatz jarraitzen die mundu mailako joerei: lagun-etsai eskemari jarraitzen dio, arrotzak zaizkion elementuak kriminalizatuta(etorkina, komunista, langabetua, LGTB pertsonak eta abar), eta horien aurkako gisa definitzen du bere burua. Kontrara, zentzu erreakzionarioan definitutako balio tradizionalen defentsa egiten du, identitatearena eta, azken instantzian, baita arrazarena ere. AEBetan zabaldutako olatua, espainiar eskuin muturrak hartu zuena, Euskal Herrira ekarri dute. Sare sozialak erabiltzen dituzte irrazionaltasunaren kultura hedatzeko. Ikusteko dago joera horren bilakaera zein izango den, oso lotuta baitago EAJren gainbeherarekin, batetik; eta EH Bilduren bilakaera elektoralarekin, bestetik. Euskal Herriko ehun industrialaren krisiak eta erdi mailako klasearen bizi mailaren aldaketek ere faxismo horren garapenean eragingo dute. Komunistok eginahalak egingo ditugu faxismoa Euskal Herrian errotu ez dadin.
EAJren eta EH Bilduren oinarri sozialaren zati batek bere egin du euskal nazionalismoaren banalizazioaren zein folklorizazioaren markoa. Lehenengoaren kasuan prozesu hau erabatekoa da, alderdi horrek berrogei urtetik gora baitaramatza nazionalismoa burgesiaren eta erdi mailako klase nazionalaren negoziazio elementu bezala erabiltzen Espainia barnean. Marko autonomista bere egin zuen hasieratik, eta nazionalismoa halako foruzaintza mota bat da haientzat. EH Bilduren eta, oro har, ezker abertzalearen barnean berriagoa da egoera hau. Sentimendu nazionalista betekoa da haren oinarria, baina orain estrategia autonomista bat darabil EH Bilduk, EAJrenaren antzekoa. Horrela azaltzen da haren oinarriaren zati baten atzera egite identitarioa, haustura estrategia zein alboratutako klase ikuspegia. Horrek ez du esan nahi aurretik ez zegoenik nazionalismoari berezko zaion elementu identitariorik, gaur egun batzuentzat nazionalismoa hori bakarrik bilakatu dela baizik. Azken horretan bat egin dute familia politiko horietako oinarrien zati batek, eta arduratzeko moduko zerbait dela iruditzen zaigu.
Zer planteatzen du Mugimendu Sozialistak nazio auziari dagokionez? Euskal Herriko langileriaren autodeterminazioa. Gure ikuspegia internazionalista da, gizateria guztiak maila berean arduratzen gaitu, hau edozein lekutakoa dela ere. Horrek, ordea, ez du esan nahi zapalkuntza kultural edota nazionalak arduratzen ez gaituenik. Euskal estatu baterako aukera ukatua izan da historikoki, eta gu autodeterminazioaren alde lerratzen gara. Euskal burgesia, ordea, ordezkatuta dago Espainiako eta Frantziako Estatuetan. Euskal Herriko langileriaren askatasuna jendarte sozialista baten eskutik iritsiko da, edo ez da inoiz aske izango. Hori da Euskal Estatu Sozialistaren bidez planteatzen duguna. 70. hamarkadako nazio eta klase auziak txanpon beraren bi aurpegi zirela zioen ideia jauzi estrategikoa izan zen, zapalkuntza nazionala gainditzea eta sozialismoa eraikitzea elkarri lotu behar zirela iradokitzen baitzuen. Hala ere, fasekako estrategia batek (lehenik independentzia, ondoren sozialismoa) ezintasuna erakutsi zuen langileen artean hegemonia eskuratzeari begira, sozialismoaren eraikuntza bigarren mailan jartzen zuelako. Sozialismoak ez ezik, independentziak ere blokeatuta jarraitzen du. Sozialismoaren eta autodeterminazioaren aldeko borrokak momentu estrategiko berean integratu nahi ditugu Mugimendu Sozialistatik, eta, hala, aurrerapauso estrategiko berri bat eman. Nola egikaritu hori Espainiako eta Frantziako estatuek independentzia bortxaz ezeztatzen badute eta Europako Batasunaren gisako instituzioak estatu zapaltzaileekin lerratzen badira? Prozesu iraultzaile internazional baten irekierak soilik aktibatu dezake nazio zein klase auziei modu bateratuan aterabidea emateko aukera, eta horrek gurean espazio politiko iraultzaile baten berregituraketa inplikatzen du. Eta horrek gaur egun urrutiko baldintza eman lezakeen arren, errepara diezaiogun XX. mendeko historiari. Askapen nazional eta sozialerako abagunea mundu osoan (baita EHn ere) erreferente sozialista internazional baten eskutik eta haren testuinguruan izan baitzen.
Guztion ardura da faxismoari eta horrek hedatu nahi duen irrazionalismoaren kulturari aurre egitea, batetik; eta prozesu iraultzaile berri baterako aukera irekitzea, bestetik.