Milurtekoetako erlijioen handikeriak jasan eta gero —judaismoa, islama eta kristautasuna, zein baino zein handiagoak; kristau-katolikoa nagusi izaki Mendebaldean—, ideologien handinahiak hartu zuen horien leku zabal eta inportantea: dela nazionalismoak, dela komunismoak, dela faxismoak, dela liberalismoak, dela anarkismoak… Funtsean, erlijioen sekularizazioa bizitu ahala ezarri izan da ideologien fundamentalismoa.
Joxe Azurmendiren ildoan —Espainolak eta Euskaldunak saiakeraren harian—, Errenazimentuan hasten dira ernatzen ideologia horiek guztiak, aldian-aldian loratu ere bai. Mendebaldeko inperioak zabaldu ahala kontsolidatu ziren estatuak. Anartean, mundua hankapean hartu zuten inperialismo homogeneoak, aldeak alde, eta aldi berean, euren kontrakarrean garatu eta zabaldu ziren. Estatu horiek alabaina, erlijioaren erreformen eta kontrarreformen ariora ezarri ziren. Errate baterako, Frantziako Estatua iraultza burgesaren ondorioz kontsolidatu zen, demokrazia liberala ekarri eta bermatu duena.
Euskaldunok nazio natural bateko seme-alabak gara. Gurezko nazio-leinu bateko herritarrak. Patria eta Patrie handi biren alboko aberri zaleak, gurezko aberri baten menturazaleak. Estatu sortu gabeak —albokoak izan ez ezik, estatu izaera despota gure barneraino sartu digutenak—, estatu etsaien aurkako borroka latzetan estatu horien iraupena —neurri batean— bermatu dugunok.
Globalizazioak —berau zabaldu duen merkataritzaren bitartez— estatuen deskonposaketa eragin ahala, nazionalismo supremazisten gainbehera gero eta errealagoa da. Ideologia merkantilistak patrien aldeko soldaduen abertzaletasuna eraldatu du erabat. Aro modernoaren osteko izaera postmodernoko norbanakoek ez dute aberririk ez naziorik. Mundializazioak eta merkataritza globalak behialako norbanakoaren ideia ilustratuak eta erromantikoak akabatu dituzte. Nazio izaera transformatu da guztiz. Erdi Aroa izan omen zen aro ilunaren ostean, Errenazimentuak eta Ilustrazioak ekarri zituzten argiak —argi apurrak— lausotzen hasi dira, izendapen zehatzik ez daukan XXI. mendeko aro berri honetan. Zer espero daiteke aro berrian, ez nazio eratu solido bat ez estatu konfiguratu gabeko euskaldunengandik?
Apologistak versus euskal idazleak binomioa aipatzea merezi du. Axular-en garaia aintzat harturik, baziren orduan hamaika idazle egungo Hegoaldean, baita idazle parrasta ere Iparraldean. Idazle eskolak ere baziren, Donibane Lohizuneko klub delakoa, konparazionera. Sarako eskolakoaren hurrengoak. Izenik izen, Bernat Etxepare edota Arnaud Oihenart gogoratzea ez da soberazkoa ere. Esteban de Garibay eta Manuel Larramendi aipatzea haizu den legez. Ordea, elkarrekiko estimua baino, euskararen izanaz harro beharrean, euskarazko fenomeno kulturala sustatu beharrean, bestelako fenomeno bat loratu zen: apologismoa.
Apologismoa: euskal kulturak behar zuen euskarazko idazlaritza landu beharrean, euskalduntasuna erdaraz goratu zuen fenomeno kulturala indartua izan zen. Noblezia, historia heroikoa, hizkuntzaren dotorezia… Hots, kultura. Horra hor apologisten gaiak. Apologistek antzinatasuna eta garbitasuna esleitu zizkioten hizkuntzari, euskarari alegia. Alta bada, orduan bezala gaur egun ere, iragan mende erdian, apologistak ez dira taxuz euskaraz arduratu, eta are gutxiago euskaraz.
Adibiderako, Etxeparek ez zuen aipatzen euskararen antzinatasuna, euskara inprimatuta ikusteak harrotu zuen. Idazleek euskal kontzientzia bati erantzun zioten, apologisten aldean bestelako kontzientzia bat agertu zuten. Euskal idazleak, ordukoak eta gaur egungoak, Euskal Herriaren dependentziaren kontziente dira, euskarak duen dependentziaz ere. Apologistek, aldiz, gaur egungo apologistek behialakoen modura ere, euskaldun guztien batasun kontzientzia sustatzen dute, euskaltasun kontzientziaren ahultasunaz ohartu gabe nonbait. Orduan, apologista gehienak hegoaldetarrak ziren, eta gaur egun halakoak dira ere.
Konstatazio bat: Hegoaldeko literatura euskal apologisten bitarteko diruari esker bizirik da egun. Iparraldean, berriz, ez dago euskal literatura diruztatzen duen apologistarik.
Hizkuntzaren arazoa historian barrena errepikatu izan da. Euskaldunok pairatzen dugun hizkuntz diskriminazioa latente izan da historiaren bilakaeran. Gaur egun ere, inperio globalaren ezarpenarekin errepikatzen ari da. Greziera eta latina antigoalean, gaztelania edo espainola Erdi Aroan, frantsesarekin batera Errenazimentuan izan zen antzera, gaur egun ingelesa da bizitza administratzeko hizkuntza, hizkuntza tekniko egokiena, transmisiorako hizkuntza berebizikoa, berealdikoa. Hau da, aroak aro, egokitu izan ohi den hizkuntzaren eredua. Alabaina, ingelesa kultur hizkuntza al da? Bestela galdeturik: zein kultur hizkuntza da ingelesa? Ingelesa nagusiki, mendebaldarrontzat, kultur hizkuntza hollywoodianoa da.
Hala izanik ere, jendarteak —bere zabaltasunean— euskara bere egin izan du, baita laudatu eta goratu ere. Alabaina, euskara goratu bainoago, kultura goratu du. Euskara ez da era berean landua izan. Euskararen alorrean euskaldunaren zabarkeria begi-bistakoa izan da, eta da. Hauxe erraten ausartzen naiz: kultura da literaturarik ez duten herrien aldarri nagusia. Gurea funtsean, literaturarik izan ez duen kultura baita. Eta literatura sendorik ezean, kulturaren apologia egiten da etengabean. Euskal Herrian kultura goraipatzeko joera handia dago, euskaldunon kulturaren aldarrikatzaile nagusiak apologistak izan dira, eta dira gaur egun ere. Apologistek euskarazko kultura landu beharrean, kultura osatu bat bagenu bezala jokatu izan dute, eta halaxe jokatzen dute gaur egun ere.
Iragan mende erdi luzean, euskal nazioaren harroinak ondoko bertze nazioen oinarriak bagenitu legez jardun dute apologistek. Ostera ere, Euskal Herriaren historian urratu izan den barbaroen bidea izan da XXI. mendera artekoa.
Berpizkundeko humanistak euskal idazleak izan dira, apologistak, berriz, ipuinen jario liluragarriez aprobetxatu zirenak. Botereari arrimatuak betiere, lapak bezala aginte arrotzari itsatsita.
Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan dago irakurgai: https://blogak.eus/begizolia/espainolak-eta-euskaldunak-eta-frantsesak