Filosofoa

Neokarlismoa

2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela urte batzuk Ataun of the Dead film laburren trilogia egin zuten Xabier Padin eta Beñat Iturriozen zuzendaritzapean. Bertan, Zumalakarregirekin batera hainbat karlista berpiztu eta gaur egungo testuinguruan kokatu zituzten. Karlista zonbien film horrek, baina, fantastikotik pentsatzen dugun baino gutxiago zuela uste dut. 

Karlismoa, gurean, foruak babesteko estrategia bat izan zen; Espainiako guda dinastiko batean errege konkretu baten alde egiten baitzuen errege horrek foruak babestuko zituelakoan. Estrategia horren arabera, Espainiak onartu eta babestu behar zituen gure foruak. Bide horrek XIX. mende osoa jan zigun, eta porrot egitean, estrategia nazionalistari heldu genion. Estrategia berriarekin helburua foruak babestea zen oraindik ere, baina kasu horretan estatu propioaren beharra azpimarratuz. Europan independentzia lortu zuten herri askorekin konparatuz nazionalismo berantiarra da gurea. Agian, eta hipotesi moduan diot, horregatik ez genuen estaturik lortu XIX. mendean zehar.

36ko gerran, egoerak behartuta, Espainiako II. errepublikak autonomia zabala onartu zion Euskal Herriko zati bati. Faxismoaren kontra egitea lehentasuna zen, noski, baina oraingo honetan ere, logika Espainiako bando baten alde egitea zen, horrela gure interesak babestuago egongo liratekeelakoan. Gerra bukatutakoan EAJk inertzia berarekin jarraitu zuen, aliatuek Franco boteretik kendu eta Espainiako errepublika berrezartzeko esperantzan oinarritzen baitzen bere estrategia; horrela Espainian errepublika berrezartzeak autonomia berreskuratzea ekarriko lukeela pentsatuta.

Borroka askatzailea akordioekin aurrera aterako dela pentsatzea Espainiari eta Frantziari, kapitalismoari eta patriarkatuari beto eskubidea onartzea da

Hala ere, 1948tik aurrera eta komunismoari aurre egiteko aitzakian, aliatuak Francoren erregimenarekin erlazioak normalizatzen hasi ziren. Horrek, EAJren estrategia hankaz gora jarri eta noraez ideologiko batean utzi zuen abertzaletasunaren sektore hegemonikoa. Ikuskera karlistan kateatuta, EAJ gaitasunik gabe gelditu zen bide berriak pentsatzeko. 

Gabezia hori ikusita gazte zoro batzuek ETA sortu eta esparru guztietan Euskal Herriko askapen mugimendua hauspotu zuten. Langileen borrokan aurrera egin zen, euskararen biziberritzeari astindua eman zitzaion, migranteak askapen borrokaren parte egin ziren... Azken finean, ideia sinple bezain indartsu baten logikapean aritu ziren: gure askapena gure esku dago, ez digu Espainiak onartuko. Halabeharrez insurrekzioaren logika gailendu zitzaionez negoziazioenari, agian, 60ko hamarkada izan da ikuskera karlistatik alde egin dugun historiako momentu bakarrenetakoa (Kataluniako urriaren 1aren ingurumariek badute antzekotasunik momentu horrekin).  

Gero etorri ziren Espainiako «demokrazia» eta haren mariatxiak. Egiturazko kontuen konpontzea eta Espainiaren demokratizazioa Espainiako legedipean posible zirela sinistu genuen. Batzuk parlamentarismoan arituz eta besteak medio guztien bidez negoziazio prozesu bat bilatuz. Bi ikuskerek, baina, Espainiaren onarpena bilatzen zuten. Espainiako «demokraziarekin» logika karlistara itzuli ginen, beraz; Espainia zen nagusia, gu nagusiaren baimena bilatu/behartu nahi genuen menekoak. Zonbi karlistaren itzalpean egin ditugu azken hamarkadak. 

Hala ere, mende honetako bigarren hamarkadan Katalunian izan zen prozesu herrikoiaren uhinak gurean izan zuen eragin positiborik. Gure esku zegoela esaten hasi ginen. Espainiak eta Frantziak ez zigutela zergatik baimenik eman behar. Aldebakartasuna lehenetsi behar genuela. Karlismoaren mamuari beldurra galtzen hasi gintzaizkion. Gutxi iraun zuen kontuak.

Eta zer dugu orain? Espainiak onartu beharko lukeen estatus berria, herrien Espainia konfederala, Espainiarekin erlazio berri bat edukitzeko eskaera…... Azken finean, Marcos Vizcaya hark esan zuen moduan, «Espainian (eta kapitalismoan) komodo» egote bat. Gure esku dagoela esatetik haien esku dagoela onartzera pasatu gara. Normaltasun karlistara bueltatu gara, alegia. 

Nahiz eta gure historiaren barruan dugun mamu karlista agertuz eta desagertuz ibili, mende eta erdi igaro eta gero karlismoaren mundu ikuskeratik haratago ezin ulertuta gabiltza. Barnean dugun karlista txikia handi bilakatu zaigu azken urte hauetan. Momentu karlista indartsu batean gabiltza. Proposamen neokarlistak dira gureak. Sanchez da gure Karlos berria. Gure nazio izaera onartu eta bertatik eratorritako eskubideak errespetatuko dituena. Kosta ahala kosta boterean mantendu beharrekoa.  

Euskal Herriko askapen mugimenduek duten egiteko nagusia mundu ikuskera karlistatik atera eta konfrontazio egokiak sortzen hastea da

Bien bitartean, jendartean sinesgarritasunik ez duen «aukera leihoaren» errelatoarekin batera egin dute behera askapen nahiek.  Independentzia nahia minimo historikoetan dago, euskararen egoera okerrera doa, arrazismoa gorantz doa, borroka sozialek txinparta galdu dute. Ikuskera karlistatik askatu ginen 60ko hamarkada hartako errentetatik bizi gara. Neokarlismoa askapen nahien lo belarra da, beraz.

Borroka askatzailea akordioekin aurrera aterako dela pentsatzea Espainiari eta Frantziari, kapitalismoari eta patriarkatuari beto eskubidea onartzea da. Haiek dira nagusiak, eta gure nahiak apur zati ahalik eta handiena lortzera mugatu daitezke soilik. 50eko hamarkadako EAJ hura bezala, gaur egungo independentismoaren erreferentzia nagusia dena estrategia berriak pentsatzeko gaitasunik gabe dabil; K.O. ideologikoan. 

Euskal Herriko askapen mugimenduek duten egiteko nagusia mundu ikuskera karlistatik atera eta konfrontazio egokiak sortzen hastea da. Konfrontazio horren nolakotasunaz aritzea da momentu historiko honetan dagokiguna. Utz dezagun XIX. mendea atzean behingoz. Hori dugu etorkizuna izateko baldintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.