Ibai Iztueta Azurmendi.
Idazlea

Neotxominregatistak

2025eko abenduaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain gutxi Urtzi Urkizuk argitaraturiko Hamasei euskal abizen artikuluak, XXI. mendeko txominregatismoari ematen zaizkion sari eta dirutzen ingurukoak, 1150. urte inguruko dokumentu bat gogorarazten du. Garaitsu horretan, Donejakue erromes-bideari buruzko Erdi Aroko halako gida turistiko moduko bat argitaratu zen, itxura denez, frantsesen batzuek idatzia. Euskaldunon arbasoei arreta berezia eskaintzen dio testu honek. Hara hor pasarte bat:

«Herri basatia da hau, beste herri guztietatik ezberdina ohituretan eta izaeran, zeinahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra, gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia, bortizkeria orotan iaioa, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta maltzurkeria guztietan ikasia, (…) mairuen parekoa gaiztotasunean, gure herri frantsesaren etsaia arlo guztietan. Txanpon bakar bategatik hiltzen du frantsesa, ahal badu, nafarrak edota baskoak».

Agian, euskaldunen bati edo besteri grazia pixka bat egingo zion hitzok irakurtzeak, eta agian harrotasuntxo bat sentiarazi ere bai, edota, aizu, alderantziz, halako lotsa sentimendu diferitu bat; izan ere, euskaldunez egindako karikatura groteskoa bere egin duelako, bada gauza hauek barregarri edo lotsagarri gertatzen zaizkion jendea ere; are, karikatura horri erantzuteko betebeharraren pisua sentitzen duten euskaldunak ere izaten dira. Bada, hala bada, hankak lurrean jarri ditzan eta bere burua engaina ez dezan eskatu nahi nieke. Niri, behintzat, Isabel Mellenek Tierra de damas liburuan idatzitako pasarte bat etortzen zait burura.

Mellenek historian zehar emakumezkoak marjinatuta eta diziplinatuta mantentzeko erabilitako diskurtsoei buruzko oharra egiten du, eta nabarmentzen du marjinaziorako eta diziplinaziorako erabiltzen diren estrategia horiek hegemoniak bazterturiko beste taldeekin ere erabiltzen direla. Honakoa dio:

«Estereotipo eta aurreiritziak sortzea da diskurtso hegemonikoa akritikoki bermatzeko oinarrizko estrategiarik eraginkorrenetako bat; amorrua eta gezurrak botatzen ditu gutxiagoturiko komunitateen aurka pagaburuak bilatzearren (...); pertsona arrazializatuak edota talde etnikoak nahi badira erasotu, berberak izango dira ia beti aurriritzi horiek: garbitasun falta, gaitasun intelektual txikiagoa, basakeria, moral kaltegarria, jokaera sexual okerra, berez nagusi den taldeari dagokiona indarrez kentzea… (...) Gaizkia, azken batean (...). Gainera, estereotipo horiek gutxituriko talde horiek irabazleen mendean izateko beharra zuritzen dute, zeinak euren zapalkuntza arrazoiaren eta justiziaren izenean burutzen baitute, jende horiek kontrolpean izan eta gizarteari sortzen dizkioten balizko kalteak saihesteko».

Mellenek XXI. mendean idatzitako hitzok, genero bazterketaz ez ezik, arrazismoaz eta xenofobiaz ari zaizkigu, eta duela mila urteko testuari eskularrua bezain txukun eta ikaragarri egokitzen zaizkiola esango nuke. Hor dira etiketa guztiak: zikinkeria, ergelkeria, arlotekeria, bortizkeria, sexualitate arraroa, gaiztakeria eta abar. Txominregatismoak lortu zuen bere helburua, alajaina; orain, zertara datoz hauek? «Mila urte igarota, estoldetako ur fekalak bere bidean»; triste samarra da, baina ez da halako zerbait esaten?

Urkizuk aipatzen duen konpainiako komedianteen borondatea ez dela bere buruaz barre egitea nahiko garbi dago: ez dira barregarritzat eskaintzen duten horrekin identifikatzen, ez dira euskaraz bizi garen edo nahi dugunokin identifikatzen: barregarri nahi gaituzte eta, gainera, ez gaituzte maite; baina balio die dirua egiteko. Egia esan, ez dirudi seinale bihotz-altxagarria XXI. mende honetan txominregastimoak osasun hain ona izateak; baina sintoma are okerragoa dirudi euskalduntzat jotzen denaren umiliazio ariketa banal honek inon zirkinik ere ez eragitea. Nonbait, euskaldunok hoberik ez dugula merezi eta ezin dugula gehiago eskatu irakatsi zaigu, eta hori ikasita gabiltza, konforme asko, geutaz egin den karikatura erreproduzituz, onarpenen baten bila. Edo, bestela, zer, inpotentzia kontua da, agian? Beste zerbait?

Martes y Trece komediante taldeaz akordatzen naiz orain, Espainiako komediante ospetsu eta ospatuenak, bere garaian; eta, zehazki, talde hartako partaide Millán Salcedo datorkit gogora, orain gutxi egin zioten elkarrizketa batean, zenbat goibeldu zen, nola hitzik gabe geratu zen atera ziotenean gaitzat behinola —90eko hamarkada izango zen— egindako gag bat, tratu txarrak jaso zituen etxekoandre ubeldu baten lepotik barre eragin nahi zuena. Artean, normalitateak eszenari barre egitea eskatzen zuen eta bai egin ere, garai hartako ikus-entzuleek; orain, berriz, Salcedok behintzat garbi dauka lotsaizun —eta ikaskizun— sakona dela bere bizitzako pasarte hura. Ziurrenik, denboran atzera egiterik balu, ezabatu egingo zukeen, eta kokoteko bat eman eta pare bat gauza esplikatu garai hartako bere niari. Beste batzuek ere egingo genuke antzera geure garai bateko niarekin. Betaurreko kontua dela diote; nik uste, dagokion betaurrekoak jantziz gero, edo —bestela esanda— deformatzaileak diren betaurrekoak erantziz gero, nahiko argi ikusiko genukeela cringe edo hozkia sortzen duen egoera baten aurrean gaudela. Usteldutako arraina salerosten duen negozioa, neotxominregastimoari tokia egiten dion giro hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.