urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Hamasei euskal abizen

2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbao International Digital Festival edo Seriesland jaialdiaren sariak banatu zituzten atzo Bilbon, Guggenheim museoan, eta Showrunner Onenaren Sari nagusia Alemaniako For the Drama lanarentzat izan zen. Nazioarteko Telesail Onenaren Saria, berriz, Erresuma Batuko The Sender-ek jaso zuen.

Aurten, dena den, etxera begira jarri dira jaialdikoak, eta sei sari sortu dituzte Euskal Herriko sortzaileentzat. Haur eta Gazteentzako Euskal Telesail Onena Irabazi arte izendatu dute —hain justu, telesail hori hautagaia da Espainiako Telebista Akademiaren Iris sarietan—. Euskal Telesail Dokumental Onenaren Saria Aner Etxebarriaren Lurraren ahotsak lanak jaso du. Euskal Saio Onena Nerea Aliasek Primeran plataformarentzat egiten duen Intimitatean elkarrizketa programa dela ebatzi du epaimahaiak. Antzezpen Onenaren Saria Martina Ostolazari eman diote, Power Up telesailean egiten duen lanarengatik —hirugarren denboraldia Makusin hasi zen herenegun—. Eta Euskarazko Eduki Onenaren Saria Desagertuta telesailak jaso du —bi Produ sari ere emango dizkiote etzi, Cancunen (Mexiko)—. Euskal Telesail Onenaren Saria, berriz, Borja Kobeagak eta Diego San Josek sortutako Su majestad telesailari eman diote —Amazon Prime Videon ikus daiteke, eta bertan Espainiako ereserkia gehiagotan entzuten da Vox alderdiaren mitin batean baino—. Espainiako printzesaren inguruko komedia bat da azken hori.

Sari berezi bat jaso du, halaber, Primeran plataformako Itsatsita berriz fikzioak. Horri esker, AEBetako LA Webfest jaialdian parte hartuko du, 2026ko maiatzean. Beste bi sari aipa daitezke: Limari Askui Allende Iriarteri Artemisa Emakume Sortzailearen Saria eman diote. Eta Ardi beltzak Primeran-eko saioak Argi Gizarte-gaia Saria jaso du.

Bazen, bestalde, jakin-mina sortzaile digital onena edo influencer onena izateagatik nor sarituko zuten jakiteko. Bocabeats Comedia taldeari eman diote lehen saria, bigarren tokian gelditu da 72 Kilos, eta hirugarren tokian Eleder Iglesias.

Txapela buruan, iseka munduan 

Itziar Ituño aktoreak duela egun gutxi esan zuen BERRIAn: «Beti pentsatu izan dut umorea oso gauza pertsonala dela». Hala da, noski. Eta Bocabeats Comedia-koek egiten duten umorea gustatuko zaionik egongo da. Ez bakarrik Seriesland jaialdian saritu dituztelako, baizik eta Espainiako kate handienetan kontratatu izan dituztelako, ETB2 kateko saio batean ere aritu zirelako, eta Hego Euskal Herriko hainbat antzoki publikotan ibili direlako. Nolakoa da, ba, haien umorea? Ba, txapela jantzi, baserritar jantziak soinean, eta gaztelaniaz gaizki hitz egiten hastea, ustez baserritarrek gaztelaniaz modu barregarrian hitz egiten duten gisara. Ze berritzaileak!

«Digo eskerrik asko por sentirme euskaldun» da, adibidez, haien Soy vasco. Reagge vasco bideokliparen lelo nagusia. Shakiraren kanta ezagun baten bertsioan, berriz, abesten dute: «Perdon hoy me kabenzotz / eres maqueto Antonio / hoy te llamo Antxon...». Maketo hitza 2025ean erabiltzea ere umorea egiteko... Chistes vascos izenburupean, badituzte hainbat bideo Interneteko sare sozialetan. Haietan ere, baserritarrez jantzita, txapela buruan, eta gaztelaniaz hizketan Karra Elejaldek Ocho apellidos vascos hartan egiten zuen moduan. Txantxetako bat: «CĂ³mo se dice agente inmobiliario en euskera? Abertxale, a ver chalĂ©!». 

Bocabeats Comedia umoristen taldea
Bocabeats Comedia umoristen taldea. BERRIA

Hamarkada asko dira Txomin del Regato umoristak euskal izaera erridikulura eramanez egiten zituela bere txantxak. Zenbaiten gozamenerako. Jesus Prados Casadamon zen umorista hura, eta 2001ean hil zen. Baina iritsi zen Oscar Terol berehala, tartean Vaya semanita saioa ETBn, eta bestelako produktu batzuk. 2014. urtekoa da Ocho apellidos vascos filma, eta Uxoa Anduaga soziologoak 2017an esaten zuena gogoratzekoa da: «Ocho apellidos vascos-eko estereotipoek finkatu eta indartu egiten dute euskaldunaren inguruan dagoen klixea. Euskalduna folklorismoaren eta erradikalismoaren artean dago, nonbait, eta hortik ez mugitzeaz arduratzen dira Espainiako diskurtsoak». Euskal Herriko umorista batzuk ere gozo daude horretan. Arrakastaren aparretan.

Abenduan hasiko da ETB Vaya semanita-ren atal berriak grabatzen. Euskarazko umorezko saiorik ez da ETBn. Donostian, egunkari batek umoristen jaialdi bat antolatu du: Umore du izena jaialdiak. Euskaraz ariko den umoristarik ez, ordea. Hori da hori umorea. Barrez lehertu naiz, kabenzotz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.