Ernaiko kidea

Nik ere zalantzak ditut, baina zenbait erantzun ere bai

Izarraitz Zulueta Esteban
2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nik ere zalantzak ditut. Ez dakit norantz, zer egin. Aurrekoan, lagunak munduan nagusitzen ari diren joerez, gazteon egoera ezegonkor eta prekarioaz, bizi-proiektu propio bat eraikitzeko ezintasunaz... hitz egiten ari ginela, buruan bueltaka bueltaka zebilkidan galdera bota nuen: nork ez du inoiz amets izan herri libre batean bizitzea?

Bidegurutze historiko batean gaude, horretan ados geunden. Bizi garen mundu zoroari erreparatuz, ezin uka genezakeen une zailak bizi ditugula. Gerra hotsak nagusi, etengabeko krisietan murgildurik, krisiz krisi eta zein baino zein krisiago. Bizitza eta kapitalaren arteko etengabeko talka bortitz batean. Baina, hasierako galderari helduta bigarren adostasun bat ere bagenuen: esperantzarako zirrikitua badago gure herrian, argi izpi bat ikusi dezakegu.

Azken urteetan mila aldarrikapen, mobilizazio eta greba egin ditugu. Eta bata bestearen atzetik izendatu genitzake, baina ezin denak hemen idatz: greba feminista orokorra, ikasle grebak, euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko ekimenak, pentsiodunen etengabeko borroka, Palestinaren aldeko mobilizazioak... Urteak daramatzagu herri honetako pertsonok bestelako Euskal Herria bat eraikitzen: txikitik handira, irudimenez eta konpromisoz. Esperantza zirrikituak sortzen.

Kristalezko belaunaldia garela ere askotan entzun dugu, nola ez. Hauskorrak, kexatiak eta duguna balioan jartzen ez dakien belaunaldia omen gara. Baina aipa berri ditudan borroka horien guztien motor ere izan gara, eta ez dugu zalantzarik hala izaten jarraituko dugula. 

Eta gazteok hauskorrak izan gaitezke, bai, baita kexatiak ere, zergatik ez? Baina gazteok zerbait argi badugu, etorkizun duin bat behar dugula da. Gure etorkizuna Euskal Herrian lekutua nahi dugu. Gure etorkizuneko herriak etxebizitza sarbide unibertsala behar du, zaintza sistema publiko eta komunitarioa bermatuko duen herria behar du izan, ikasteko baldintza duinak eskainiko dituen hezkuntza sistema propioduna. Pertsona askez osaturiko herri libre bat. Gure ametsetan maiz irudikatzen dugun herria.

Baina hasierako galderak beste hainbat zekartzan atzetik: Zein da horretarako bidea? Nola egiten da? Noiz eta non bilatuko ditugu erantzunak? Konturatzerako, erantzunak iristen joan ziren, eta baita ondorio batzuk ere. Parez pare dugu borrokaz borroka eraikitzen ari garen herri feminista, euskaldun eta sozialista hariztatzen jarraitzeko bidea. Kaleak astintzen jarraitu behar dugu, matxinada berriei bide egiten, ziklo berriak irekitzen. Borrokaz borroka ereiten joan garena jaso, lurra prestatu eta borroka berriak erein.

Eta gaur zer erein? Euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen aldeko lurra prestatu behar dugu orain. Gure aldarri guztiak ereiten jarraitu, bide berriak hasi eta pausoz pauso ortzi muga dugun herria eraikitzera goaz. Amesten dugun herriaren eraikuntzak sortzen dituen esperantza zirrikituak handitzeko zorua prestatzen, mobilizatzen eta aukerak biderkatzen jarraitzeko unea da. Gazteok ekainaren 7an Bilboko kaleak hartu eta astinduko ditugu. Gazte independentistok argi dugu, guk, Euskal Herria aske, sozialista, feminista eta euskaldun batean bizi nahi dugu. Ekainaren 7an, gazteok Bilbora!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.