oihana arana

Nire metodoa

2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goiza eguerditzen ari dela igarri eta oraindik zutabea hasteko ezer ez daukadanean Onintzari eta Itxarori deitzeko gogoa izaten dut. Bularrean kabitzen ez zaidan egonezina eurena ere badela sentitzen dut nolabait, eta, gainera, neure lekuan egonda eurek jakingo luketela zer egin.

Horren ordez, oinetakoak aldatu eta kalera egiten dut idazgarria den zerbaiten bila. Marka da gero egunerokotasuneko gauza txikiei buruz idaztea erabaki eta goizak gauza txiki batzuk txikikeria handiegia direla pentsatzen pasatzea. Oraindik ez dakit inpostorearen sindromea den ala presaren ondoriozko antsietatea.

Auzokoen ortua ikustera joan naiz gaur. Ez dut ezer topatu. Baina landatzeaz eta idazteaz pentsatzen egin dut etxera heldu arteko bidea. Sara Herrera Peraltaren Sustraitzen ez diren azenarioak landatzen ditut ortuan poema gogorarazi dit neure pentsamendu gurpilak: «Uste dut lorategiaren/ edo ortuaren atzean/ idazketa apur bat dagoela:/ bizitzaren gainean sortzen da/ eta edertasuna bilatzen du,/ denaren gainetik». Edertasuna topatzea, hori da, hain zuzen ere, beste ezer ez daukadanerako nire metodoa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA