Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen diguten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia «sekretuek» jazartzen digute, enpresak eskaintza barregarriak eta miserableak egiten dizkigu, 11 lankideren kontrako salaketa penalak abiatu ditu, eta Espazio Publiko eta Auzoetako Saileko (sail horri dagokio guk ematen dugun zerbitzuaren kudeaketa) zinegotzi Beatriz Artolazabalek ere salaketa penala jarri du gure aurka San Joan suan egindako parodia batengatik.
Eusko Jaurlaritzak, udalak eta enpresak hala eskatuta, neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkigu, enpresaren irizpideari jarraitzen diotenak. Gainera, enpresak uko egiten dio bajak jasotzeari eta ordaintzeari, eta hori langile gisa ditugun oinarrizko eskubideen urraketa da.
Denbora honetan, Maider Etxebarria andrea, Gasteizko alkatea, lan-gatazkatik kanpo mantendu da, desagertua, egoera konpondu nahi duen seinalerik eman gabe, ez baitio bilera bakar bat ere eskaini greba-batzordeari.
Beraren berri joan den astean izan dugu, komunikabideen bidez. Bertan, gatazka bat konpondu nahi duen norbaitengan ezohikoa den harropuzkeriaz eta larderiaz, zera leporatzen digu: «justifikaziorik gabeko greba» ari garela egiten, «arrazoi politikoengatik» direla gureak lan arazoa baino gehiago, eta «konponbide bideragarri bat eskuan izatea».
Lehenik eta behin, Etxebarria andreari esan behar diogu guztia dela politika, eta hortik abiatuta, argi eta garbi, greba politikoa dela; baina ez bideratu nahi duzun eran; izan ere, adierazpen horiekin saiatzen ari zara lan-gatazkaren presioa gainetik kentzen.
Gure erabaki guztiak batzarrean hartzen dituzte Enviserreko langile guztiek. Batzarra langileak ahalduntzeko tresna bat da, eztabaidarako gune ireki bat, eta bertan erabaki dugu enpresak planteatu digun eskaintza barregarria ez onartzea, eta berdin Eusko Jaurlaritzaren eskaintzarekin, enpresaren eskaintza bera delako. Eztabaida horietan ere hasierako plataforma aldatzea erabaki dugu, eta bi proposamen egin ditugu. Botere guztia batzarrera, zure alderdiak martxoaren 3an paripea egingo ez balu, agian gogoratuko luke lelo hori.
Greba politikoa da egoera honetan gaudelako oraingo gobernu taldeak eta aurrekoek hartutako erabaki politikoengatik, zeinetan lehentasuna ematen baitzitzaien multinazional handien mozkinei, udaleko azpikontratetako langileen prekarizazioaren kontura. Zaborren bilketaren kontratuaren lizitazioa ikusi besterik ez dago; hura hutsik geratu zelarik, multinazionalen presioaren aurrean, udalak ez zuen zalantzarik izan kontratu horren aurrekontu-partida handitzeko; aldiz, azpikontratetako langileak garenean hitzarmen propioa eta lan-baldintza duinak eskatzen ditugunak, erabaki politikoen bidez ukatzen zaizkigu.
Ez eskatu barkamenik herritarrei, eta hasi lanean gatazka honi irtenbide bat emateko. Izan ere, orain arte desagertuta egon zara, Gasteizko alkate zaren aldetik duzun betebeharra bete gabe. Eseri gurekin eta gure prekaritate-egoera ulertzearen alde egin ezazu, zure egoa eta nagusikeria alde batera utzita, guztion artean alde guztientzat konponbide bideragarri bat lor dezagun. Egoera hau ez da atsegina inorentzat, baina batez ere greban lau hilabete daramatzagun langileontzat. Etxebarria andrea, gatazka hau borondate politikoarekin konpontzen da.
Hauek ere sinatu dute artikulua: Jose Antonio Ruiz de Azua de Paz, Ivan Puertas Velado, Leire Urquijo, Iñigo Lopez de Arroiabe, Julio Montoya, Endika Ruiz de Loizaga, Schwa Aaron Garcia, Daniel Ruiz de Mendoza, Iñigo Hamid, Mouhcine Boujida, David Garcia, Iker Basaras, Laura Pulido, Mikel Sanz, Mikel Romero eta Asier Ocharan.