Nor da etxebizitzaren arazoa?

Arantxa Resa Ansola
2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ongi etorri. Batzuk orain konturatu omen dira. Politikan aspaldiko artea da, arazoa konpondu baino gehiago, kezkatuta zaudela antzeztea. Argazkia. Prentsaurrekoa. Aurpegi serioa. Eta promesa.

Etxebizitzaren auzia hamarkadatako arazoa da Donostian. Azken hilabeteotan politikarien atea gogor jotzen ari zen, eta azken asteetan atea ostikoka bota du. Madrilen Maricarmen 87 urteko emakumea etxetik kaleratzeak eta Puerta del Solen sortutako kanpaldiak eztabaidaren erdigunean jarri dute.

Donostia luxuzko resort bihurtzen ari da. Dirua dutenentzako hiria. 75 metro koadroko etxebizitza milioi erditik gora dago salgai, eta 1.350 euro inguru hilean alokairuan. Eta gero galdetzen dugu zergatik joaten diren gazteak. Kanporatzen ari gara.

Urteak daramatzagu turismoaren aldeko apustuarekin. Nazioarteko sustapena, azokak, kongresuak, gastronomia, ekitaldi handiak… Azken urteetan herritar askok turismoaren saturazioa salatu dute. Administrazioak orain jasangarritasuna eta herritarrak erdigunean jartzea aipatzen ditu. Helburua ez dela turista gehiago erakartzea, kalitatea hobetzea baizik. Donostia Turismok nazioarteko sustapena turismo premiumera bideratzen du. Turista gutxiago, baina aberatsagoak. Baina nola iritsi gara honaino?

Etxebizitza turistikoak gehiegi dira. Urtearen zati handi batean hutsik daudenak gehiegi dira. Inbertsio gisa erositakoak gehiegi dira. Eta etxe bat ez da akzio bat. Etxe batean bizi egiten da. Hori da ekuaziotik desagertu den xehetasuna.

Orain, bat-batean, 2015etik udal gobernua partekatzen duten EAJ eta PSE etxebizitzaz kezkatuta agertzen zaizkigu. Jon Insausti eta Denis Itxaso lehen lerroan konponbidearen bandera hartu nahian, arazoa beste norbaitek sortu izan balu bezala. Eta antzerkiaren bigarren ekitaldia hasten da.

Orain, bat-batean, 2015etik udal gobernua partekatzen duten EAJ eta PSE etxebizitzaz kezkatuta agertzen zaizkigu. Jon Insausti eta Denis Itxaso lehen lerroan konponbidearen bandera hartu nahian, arazoa beste norbaitek sortu izan balu bezala

Auditz Akularren, Donostiako Udalak 3.000 etxebizitzatik gora egiteko tramiteak bizkortu ditu. Insaustik proiektua etxebizitza eskuragarriaren arazoari erantzuteko neurri gisa aurkeztu du. Eta orain Antondegi. Denis Itxasok 3.000 etxebizitza inguruko ekoauzoa proposatu berri du, interes ekologikoko eremu batean. Ekoauzoa. Hormigoia berdez margotuta hobeto sartzen da. Niretzat, Auditz Akularrek eta Antondegik oso ondo erakusten dute jokoa. Etxebizitza-larrialdia benetakoa da. Herritarren kezka ere bai. Baina kezka sozial legitimo hori eraikuntza-sektorearentzako hamarkada osoko negozioa bilatzeko erabili nahi dute.

Esaten digute herritarren eta enpresarien interesak orekatu behar direla. Administrazioa erdian, epaile neutral. Ez da kontakizun sinesgarria. Etxebizitza negozio bihurtu duen eredua erabaki politikoen emaitza da. Turismoa noraino bultzatu, zer lur urbanizatu, non jarri diru publikoa, nori eman aukerak eta nori eskatu pazientzia: hori politika da. EAJ eta PSE ez dira epaile orekatu eta neutralak. Etxebizitza-larrialdiarekin aberasten direnen zerbitzura daude. Errentisten eta eraikuntza-enpresen interesak lege, plan eta erabaki publiko bihurtzen dituzte. Eta horretarako herritarren konfiantza behar dute. Hori da trikimailua: gehiengoaren interesen aurkako politikak egiteko, gehiengo horren zati baten babesa lortzea.

Arazoa konpontzeko, proposatzen digute eredu berbera areagotzea. Bada garaia ez galdetzeko zenbat etxebizitza gehiago eraiki dezakegun. Baizik eta norentzat nahi dugun Donostia. Eta horretarako, iruzur hori agerian uztea beharrezkoa da. Begira diezaiogun nork zer egin duen, nork zer interes defendatu dituen eta noren mesedetan hartu diren erabakiak. Argia piztea da lehen pausoa. Eta kanpainako argazkiek eta bat-bateko kezka aurpegiek ez lukete hamar urteko memoria ezabatu behar. Bota ditzagun boteretik kalte egiten digutenak. Landu dezagun etorkizun justuago bat eta askatu dezagun Donostia sare klientelarren ordezkarietatik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA