Nor gara gu, zer gara gu...

Iñaki Iñurrieta Labaien
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Felipe Gonzalezen arabera, desagertzeko bidean den gutxiengo bat gara gu. Halaxe definitu gintuen joan den hilean, independentista katalanen amnistia eta gobernu berrirako negoziazioak kari: «No nos podemos dejar chantajear, y menos por unas minorías en vías de extinción» («Ezin dugu xantaiarik onartu, are gutxiago desagertzeko bidean diren gutxiengo batzuen eskutik»).

Harrituta nago nola hitzok ez duten oihartzun handiagorik izan gure artean, katalanez ez ezik gutaz ere ari baitzen Felipe Gonzalez.

Bere desira adierazi zuen, jakina; bere desira eta Estatuak berez duen pultsio, joera, eginkizun bat, bere baitan arriskugarri hautematen duen diferentzia edo disidentzia oro ukatzekoa.

Hor aritu zaizkio Javier Perez Royo konstituzionalista eta beste, oker dabilela erakutsi nahian: gutxiengoak?, Euskal Herrian eta Katalunian hauteskundeetako emaitzek kontrakoa erakusten dute barren!

Gonzalez, ordea, beste leku batetik eta beste zerbaitez ari da: nos batetik, gutxiengo batzuei begira, haien desagerpenaren zain.

Noren ordaina da nos hori? Zeingu-ren baitatik ari da Gonzalez? Bere esaldi horretan, argi asko bereizten ditu, bereizten gaitu, batetik bere gu hori eta bestetik hortik kanpokoak, «gutxiengo batzuk». Haren gu-akez ditu bere baitan hartzen gutxiengo horiek, zeinetako bat gu baikara, euskaldunak. Ederki asko egiten du berak bereizketa, separatismo aratzena erakutsiz. Una España Una-tik (Espainia bat eta bakarra-tik) ari da Gonzalez.

Gu ere, harentzat «una minoría» («gutxiengo bat») garenok, gu gara, ordea. Alegia, gu gu gara: tautologia hutsa, baina Gonzalezek eta beste hainbatek ukatzen dutena hala ere. Ez gara, noski, Gonzalezek ordezkatzen duen gu hori. Bi gu dira harena eta gurea. Bi gu-ok jarrera desberdina agertzen dute batak besteari buruz. Gukausartzen naiz gure gu-aren izenean esatera— ametitzen dugu haren gu-a (nork ez du onartzen Espainia badenik?), eta hark beste horrenbeste egin dezan nahi, espero, exijitzen dugu: onar dezan bagarela eta izaten jarraitu nahi dugula; hark, aldiz, ez du gure gu-rik ametitzen.

Ez du gure gu-rik ametitzen, zergatik eta haren gu-a gurea desagertzearen gainean funtsatzen delako; Espainia kinka existentzial larrian omen delako gure gu-a onartuz gero (kinka existentzialarena Aznarrek esan zuen, baina tanto monta, monta tanto, Aznar adina da Gonzalez). Eta esperantza guztia du jarria «en vías de extinción» horretan. Horregatik dio dioena: haren gu-an disolbatzen-ezabatzen ari garela gutxiengook. Horixe jakinarazi nahi die beretarrei (eta guri, ea behingoz etsi eta amore ematen dugun).

Beste ezkertiar ohi askok bezala, Gonzalezek men egin dio Espiritu Objektibo hegeldarraren emaitza historiko gorena den Estatuari. Estatuak du arrazoia, ditu eskubideak, norbanakoen zein herrien gainean; berak ezartzen ditu legea eta morala. Estatuak arrazoi du, Estatua arrazoia da. Estatu Arrazoia, hain zuzen ere.

Zein indar zentripeto handia duen Modernitatearen emaitza historiko horrek, Estatuak! Hain handia, non irentsi egin baititu garai batean hartaz debatea onartzen zuten eta are auzitan ere jartzen zuten gazte hiratu haietako asko eta asko. Estatu Arrazoiak jan ditu erabat. Estatu-nazio forma bat eta bakarra, Una España Una, dute Errealitate guztizko, erabateko.

Hain du indar handia Estatuak, non gazte hiratu ohi haiek nazionalismoaren gainditzetzat hartzen baitute, non beren burua ez-nazionalistatzat jotzeraino iristen baitira, nazionalismoa zerbait atzerakoia dela-eta. Askok erosi diete ideia hori, baita gure artean ere.

Erraza da ulertzen. Estatuaren aparatuaren jabe denak ez du nazionalista agertu beharrik dena mendean daukan artean eta, horri esker, haren nazionalismoa, denik eta supremazista, inposatzaile, ukatzaileena izanik ere, ez da ia hautematen. Hartara, hainbatek, marko hori erabat onarturik, ez dute bere burua nazionalistatzat; gu desberdin bat aldarrikatzen dutenengan jartzen dute nazionalismoa.

Estatuak ez du nazionalista agertu beharrik... harik eta beste gu batek, baita nazionalismorik defentsiboena bada ere, ahotsa altxatzen duen arte. Orduan, berehala agertuko da Estatuaren nazionalismo oldarkorrena, erasokorrena; berehala agertuko da haren orakulua, Gonzalezen bat, beste gu horren desagertze bideak gogoratzeko.

Elhuyar hiztegian desagertu, suntsitu, desagerrarazi, iraungi... datoz extinguir aditzaren ordain. Erabilera pasiboa zein aktiboa duten aditzak: desagertu da, desagerrazi du; suntsitu da/du; iraungi da/du... Adibideen artean, honako hau: «El ejército no se retiró hasta que la rebelión quedó extinguida» («armadak ez zuen atzera egin matxinada suntsitu zuen arte»).

Konpara bitez erdarazko la rebelión quedó extinguida eta euskarazkoarmadak matxinada suntsitu zuen. Subjektu agentea ezkutuan geratzen da gaztelaniaz, halako moldez non norbaitek argudia lezakeen ez dela suntsitzailerik, matxinada berez desagertu zela; euskaraz, aldiz, ageri-agerian dago suntsitzaile bat dagoela, eta zein den. Ez-nazionalistek ere ikus lezakete batetik bestera dagoen aldea, euskaraz ulertu nahi balute.

«En vías de extinción». Gure suntsipenaz ari zen Felipe Gonzalez. Nor eta Felipe Gonzalez. Nola ez dute hauts gehiago harrotu haren hitzek? Kontu hau ezin da honetan gelditu, segida ematea eskatzen dit, eta emango diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.