ENEKO BIDEGAIN
Idazlea

Nork piztu du sua?

2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiri batean denen solasgai omen da esku bat, ezezagun baten eskua. Gau giroan, herriko ostatua gaztez mukuru beteta egoten denean, ostatuko ilunpearen babesean, esku hori neskei ipurdia ukitzen aritzen zaie. Noizbait, aski lan harturik, herritar batzuek eskuaren jabea identifikatu dute, eta herritarrei jakinarazi. Ondoko asteburuan, ostalariek eskuaren jabeari eskatu diote jarrera aldatzeko, eta bestela hobe duela ostatuan ez sartzea. Eskuaren jabea marmarka hasi zaie ostalariei, ezin diotelakoan trago bat edateko eskubidea ukatu.

Gauza bera gertatu da AEKren eta CCOOren artean. AEKri leporatu zaio apartheid soziala; ez, aldiz, CCOOri euskararen kontra aritzea. Ez dute erran CCOOk, koherentea izan nahi badu, Korrika-n ez daukala lekurik; Korrika ez daitekeela izan aurpegia zuritzeko aukera euskarari zangotrabak jartzen dizkiotenentzat.

Ez dute aitortu nahi mendeetako zapalkuntza politiko bortitzaren ondorioz dagoela euskara dagoen egoeran. Zapalkuntza horien ondorioak naturalak balira bezala aurkeztuz, naturaltasun horren araberako politikak nahi dituzte. Hots, euskararen alde direla diote, baldin eta euskara ez bada ateratzen jartzen dizkioten eta jarri nahi dizkioten mugetatik. CCOOk, eta abarrek, euskara mugatu bat nahi dute, eta euskara mugatuak gero eta eremu murritzagoa izanen du. Horren adierazle da gazteek laster ulertzen dutela herri honetan hobe dela erdaraz mintzatzea. Hori ez da gertatzen euskara anitz inposatzen delako…

Euskarak bizirik irauteko, erabat normalizatua izan behar du, haren eremua zabaldu behar da, eta horrela zabalduko da gehiago. Hori ez dute nahi CCOO, PSE-EE, Sumar, eta abarrek. Eta jukutria eta taktika judizialekin ari dira ziztaka euskararen kontra, denbora guztian, ezkutuan edo mikroen aitzinean. Legearen aitzakiapean lege nagusi bat zangopilatzen ari dira, ordea. Euskara ofiziala den lekuetako langile publikoei ez bazaie eskatu behar euskara jakin dezaten, ofizialtasun hori faltsua da. Benetan ofiziala dena espainola da.

Lanerako eskubidea aipatzen dute. Bai, lanerako eskubidea bermatu behar da, baina lanerako eskubidea ez da funtzionario izateko eskubidea. Lanpostu batzuetarako ezaugarri eta konpetentzia batzuk behar dira; hori horrela da lan guztietan. Adinagatik eta nahiko gihartsua ez izateagatik baztertzen badute norbait suhiltzaile izateko deialdi batetik, adinkeria eta diskriminazio fisikoa salatuko ditu? Haren lanerako eskubidea urratzeagatik salatuko ditu?

Hizkuntza-gatazka mahai-gaineratzeak balio du argi eta garbi erakusteko, nahiz eta euskara ofiziala izan, mehatxatua dela, hipokrita andana daukala inguruan, aurpegian irribarrea eta mahukan labana dituztenak, eta maskak kentzeko garaia dela

Lan eskubidearekin demagogia hutsa egiten dute. Haien helburua ez da lanerako eskubidea defendatzea; egiazki, euskarari mugak jarri nahi dizkiote. Hori da haien motibazioa, eta ahoan bilorik gabe erran behar da. Ez naiz arrazista baina… moduko diskurtso sasi-euskaltzale horrekin ezinezkoa da bidelagun izatea. Nahi duten formula magikoak erabiliko dituzte (euskara denontzat, euskara berenganatu nahi dute…), baina ezin dute ezkutatu bi proiektu bateraezin daudela hemen: euskara Euskal Herriko hizkuntza dela eta Euskal Herriak euskaraz bizi behar duela diotenak; eta euskara Espainiako eta Frantziako ondare gisa ikusten dutenak, erran nahi baita armairu zoko batean hauts artean uzten dena eta bi urtetik behin ateratzen dena.

Korrika ez da hori. Korrika ez da euskara gauza sinpatiko eta inofentsibo gisa aurkezten duen proiektu bat. Anduezak-eta hala ikusten dute eta tratatzen dute euskara: herri erdaldun bateko dekorazio elementu gisa; pixka bat bai, baina hortik gora ez. Eta nahiko lukete Korrikak beren ikuspegi hori berrets dezan. Korrikaren eta AEKren helburua ez da hori, ordea: euskara Euskal Herriko hizkuntza gisa aldarrikatzen dute, ez azpi-hizkuntza gisa; Euskal Herriaren lurraldetasuna marrazten dute, euskal herritar guztion arteko lotura josten dute. Batzuek Korrikaren funtsa desbideratu nahi dute eta zentzua kendu nahi diote, gure gainerako termino eta sinboloekin egin izan duten bezala. Eta Korrikari presio egiten diote ez dena eta izan nahi ez duena bilaka dadin.

Euskararen gatazka alfonbra azpitik atera zaigun honetan, biziki garrantzitsua iruditzen zait AEKri gure babes osoa adieraztea, argi eta garbi. Baita Euskal Herrian Euskarazi (CCOOk auzipetu nahi baitu) eta Argia-ri ere. Sua ez du AEK-k piztu. Sua piztu dutenak isilean eta era antolatuan ari diren horiek dira, etengabe ari direnak euskararen aldeko neurrien kontra.

Erraten zaigu euskararentzat ez dela on gatazka giro hau. Kontrakoa uste dut. Azken urteetako giro sasi-baketsu horrek edo denek maite duten eta nehork erabili nahi ez duen horren aldeko aldarrikapen irribarretsu horrek euskara are gehiago ahuldu du. Euskal Herriko zati bateko herritarrak heldu dira sinestera euskararen egoera normalizatua dela eta beraz zokoragarri iruditzen zaie, inposatua delakoan.

Hizkuntza-gatazka mahai-gaineratzeak balio du argi eta garbi erakusteko, nahiz eta euskara ofiziala izan (ofiziala ez den lekuetan gatazka beste termino batzuetan ageri da, baina hau beste baterako utziko dugu), mehatxatua dela, hipokrita andana daukala inguruan, aurpegian irribarrea eta mahukan labana dituztenak, eta maskak kentzeko garaia dela. Bakoitzak garbi ikusiko du nor zertan ari den zinez, eta posizionatu beharko du. Hizkuntza-gatazka alfonbra azpian dagoen bitartean, Eneko Anduezaren eta Txillardegiren artean alderik ez dagoela sinetsarazi nahi zaigun bitartean, ez da posizionatze beharrik. Hori erosoa zaio zapaltzaileari, eta kaltegarri hizkuntza zapalduari. Baina AEK-k egin duen hordagoaren ondotik, norbera posizionatu beharko da. Eta horren arabera jokatu. Euskara zapaltzen dutenekin gaude ala euskara salbatu nahi dutenekin. Ez dago erdibiderik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!