Memoria Historikoa Bidasoaneko kidea eta antropologoa

Okupazio frankistatik 90 urtera: ukatutako oroimena eta ardura isilduak

Kepa Ordoki eta Koldo Salinas Aragon
2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urtean 90 urte beteko dira frankistek Irun eta Hondarribia okupatu zituztela, baita propioki Irungo hiriaren erdiguneak jasan zuen sute eta bonbardaketa suntsitzailetik ere. Gertakari horren egiletza materiala eta erantzukizun historikoa sistematikoki ezkutatuak gelditu dira erregimen frankistak ezarritako kontakizunaren azpian; eta horrek zuzenean eragin du herri horietako memoria politiketan.

Guztiz tamalgarria da, hamarkadetan zehar, nahita ukatu izana Irungo sutean abiazio frankistak izan zuen inplikazio zuzena —abiazio nazi alemaniarraren eta faxista italiarraren babes aktiboarekin—.

Ikerketa zorrotzek —Xabier Irujok egindakoek, adibidez— aireko indar horiek hirian izan ziren 33 bonbardaketetan eta lur errearen estrategian parte hartu zutela frogatu arren, tokiko erakundeek eta haien ordezkari politikoek ez dute erreakzionatu eta ez dituzte publikoki onartu jada egiaztatuak dauden gertaera horiek. Hiriko «indar bizien» isiltasun iraunkorra, beraz, frankismoaren zigorgabetasun mekanismoak erreproduzitzen dituen amnesia selektiboaren nahia ez ezik, konplizitatearen adierazgarri ere bada.

Irungo Udalaren 1938ko berreraikitze txosten ofizialaren arabera, 153 etxe suntsitu eta 252 denda errauts bihurtu ziren. Sinesgaitza da suntsipen maila hori «kontrolik gabeko elementuen» ekintzari egoztea, ofentsiba militar frankista betean, eurite handien pean eta borroka aktiboen erdian jardunez. Narratiba ofizialak, ordea, Irungo Fronte Popularrari egotzi dio erantzukizuna, bereziki militante anarkistei, haien memoria kriminalizatuz. «Dinamitariaren» figura, imajinario kolektiboan, errudun gisa mantendu da, abiazio faxista eta bere pilotuen aipamen oro alde batera utzita, horien izenak, unitateak eta abiatzeko oinarriak artxibategi militar eta dokumentaletan agertzen direlarik.

Ez dago, diskurtso publiko nagusian, sutearen ondorengo prozesu judizial edo administratiboen arrastorik, ezta Irungo Polizia errepublikanoak egindako txostenena ere, bere garaian gertakarien benetako izaerari buruzko datu sendoak ematen baitzituzten. Iruni dagokion kausa orokorrean, etxea ala bestelako eraikinak galdu zituzten askoren kasuan, «ez daki nola piztu zen sutea, ezta nortzuek egin zuten ere» esapidea baliatu zuten, bonbardaketen inongo aipamenik gabe. Nabarmentzekoa da Gomez eta Regulez agenteek Irun utzi berritan sinatu zuten txostena ere. Bertan zehazten denez, 1936ko irailaren 3an bonba su-eragileak jaurti ziren. Hala ere, Gerra Zibileko eta errepresio frankistako beste hainbat ataletan bezala, bando garailearen kontakizuna egia eztabaidaezin gisa nagusitu zen, kritikarako eta berrikuspen historikorako tarterik gabe, eta inposaketa horrek egia lortzeko bidea baldintzatzen jarraitzen du 89 urte geroago.

Gaur, urteurren hori oroitzen denean, ezinbestekoa da memoria historiko kritikoa aldarrikatzea, manipulaziorik gabekoa eta egiarekin konprometitua. Isiltasun instituzionala ez da neutrala: frankismoarekiko jarraipen ideologiko bat da, krimen haien biktimei justizia, erreparazioa eta aitortza ukatzen jarraitzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.