Gazte Feministak eta Bilgune Feminista

Olatuak, ofentsibak eta erresistentziak

Laura Iparragirre eta Ekhi Petriati
2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekezak dira ofentsiba garaiak. Ohikoak dira nekea, etsipena, frustrazioa. Baina defendatutako garaipenetatik loratuko dira lorpenak etorkizunean. Eta guk antolatuta jarraituko dugu, ez dugu pauso bakar bat ere atzera emango.

Izugarri eraldatu du borroka feministak Euskal Herria azken hamar urteetan. Atzera begira jarriz gero, laugarren olatua deitzen diogun borroka-aldiaren fruituak nabarmenak dira: feminismoaren (edo, bederen, berdintasunaren) garrantziaren aitortza soziala, erasoen gaineko kontzientziaren zabalpena jendartean, zis-heterosexualak ez garenon komunitatearen hedapena, gizon zuriaren monopolioaren kuestionamendua (espazio publikotik hasi, lidergoekin jarraitu eta memoria historikoaren eraikuntzaraino), zaintza lanen politizazioaren zabalpena… Ugari dira gizonek gure bizitza eta gorputzen gainean aplikatu zezaketen boterea eta kontrola murriztu egin dugula erakusten duten adibideak.

Noski, lan banaketa sexualak, indarkeria matxistak, transfobiak, arrazakeriak, prekaritateak eta, oro har, botere harreman patriarkalek, kapitalistek eta kolonialek indarrean diraute. Izan ere, sistema osoak eraistea ez du olatu edo iraultza bakar batek lortzen. Ordea, ezin liteke ukatu laugarren olatuak, feministon lan nekaezinari esker, normaltasun berri bat utzi digula: feministagoa.

Olatuak, definizioz, goraldi batek hasten ditu eta, normaltasun berri batekin, botere-korrelazioaren puntu berri batean uzten gaituzte. Hala ere, nahikoa da edozein krisi garaipen feministak ezbaian jartzeko. Nahikoa da edozein krisi, irabazi ditugun eta galdu dituzten botere tasen aurrean oldartu daitezen.

Testuinguru politikoa aldatu egin da. Azkenaldian, askotan salatu dugu erreakzio garaietan gaudela; feminismoaren aurkako ofentsiba martxan dago eta espazio nahiz estatu aparatu guztietatik dator. Azken hilabeteetan, horren bi adibide paradigmatiko gertatu dira Euskal Herrian: Bernedoko udalekuetan eta Oreretan.

Oreretan, harremanik ez duten bi eraso kasu mediatizatu ondoren, mugimendu feministaren epaiak medioetan nahiz maila sozialean agerikoak izan dira: mendekuzaleak garela erasoak publikoki salatzen ditugunean eta ezkutatzeko zerbait daukagula konfidentzialtasuna mantentzen dugunean. Alderdi politikoen aldetik, erasoen instrumentalizazioa argia izan da; EAJtik hasi, PSErekin jarraitu eta PPn amaituz. Sasi-plataforma TERFak mugimendu feminista publikoki epaituz plazaratutako komunikatua ez dugu sorpresaz jaso. Horrek guztiak protokoloen deslegitimazioa, feminismoaren eduki hustuketa saiakerak eta mugimendu feministaren domestikazio saiakera izan ditu helburu. Finean, askotariko agenteen arteko paktu patriarkala.

Bernedoko udalekuetan, binarismoaren aurkako dutxa mistoak abiapuntutzat hartuta, transfeminismoaren, pertsona transen eta pederastiaren arteko lotura kontzienteak egin dira. Lan autogestionatu, euskaldun eta feministaren difamazioak ugariak izan dira eskuineko prentsan, eskuineko eta eskuin muturreko politikari ezagunen aldetik nahiz norbanako ugariren aldetik: komunikabideetako tertulietan eraso sexisten akusazioak (udalekuek halako salaketen berri ez izan arren) eta dutxen funtzionamenduaren aurkako salaketen parte Vox, Abogados Cristianos, Hazte Oir eta Gipuzkoako Foru Aldundia, besteak beste.

Hori nahikoa ez, eta Vox, Ertzaintzak eskoltatuta, Bernedoko udalekuetan indarrez sartu zen. Azkenean, Arabako Foru Aldundiak, prozesu administratibo baten bidez eta oinarri juridikorik gabe, Bernedoko Euskal Udalekuak itxiko dituela jakinarazi zuen orain dela hilabete. Berriro ere, udalekuetako protokolo feministen deslegitimazioa, feminismoaren apropiazio saiakera faltsuak eta transfeminismoaren domestikazio saiakerak agerikoak izan dira. Berriro, askotariko agenteen arteko paktu patriarkala.

Eraso sexistak nahieran erabiltzeko saiakeren aurrean borrokatu beharko dugu. Adibidez, arrazakeria justifikatzeko eta migratzaileen aurka oldartzeko jaigune ugaritan darabilte feminismoa eta segurtasuna aitzakia, polizia lanak eginez

Orain, uda betean gaude eta protokolo feministak martxan ditugu jaiguneetan. Jakin arren Poliziak kriminalizatu gaitzakeela eraso baten kudeaketaren erdian Algortan, edo salaketa publiko batengatik epaitegietara eraman gaitzaketela Zestoan. Txistuak, mehatxuak eta irainak jasan ditzakegula gizonen eta herrikideen partetik eszenatokira igo eta salaketa publiko bat egitean Laudion, edo puntu moreak eraso ditzaketela Arrigorriagan. Edo jakin arren, Iruñean gertatutako La Manadaren kasutik hamar urte igaro direnean, mugimendu feministaren erantzuna zalantzan jartzen jarraituko duten diskurtsoak entzuten jarraitu beharko dugula.

Protokolo feministak ditugu martxan, jakinda feminista hitzaren alde borrokatu beharko dugula ezabatze saiakera antolatu eta jarraituak daudelako marxismo antifeministaren markoa darabilten sasi-ezkertiarren aldetik. Ezkerreko espazioetan, oro har, ardatz feministaren zentraltasuna olatu osteko normaltasun berriaren parte zen. Ordea, eztabaidagai bilakatu dute, eta badakigu adostasunak zirenak justifikatu egin beharko ditugula orain, defendatu. Mugimendu eta lan feministaren aitortzaren alde borrokatu beharko dugula.

Are gehiago, eraso sexistak nahieran erabiltzeko saiakeren aurrean borrokatu beharko dugula ere badakigu. Adibidez, arrazakeria justifikatzeko eta migratzaileen aurka oldartzeko jaigune ugaritan darabilte feminismoa eta segurtasuna aitzakia, polizia lanak eginez. Aurreko udan, garai bertsuan atera genuen idatzian argi utzi genuen aliantza zuriak mozteko eta eraso arrazistekiko ardurak hartzeko zuriok dugun erantzukizuna. Feminista zurioi instrumentalizazioa salatzea eta diskurtso arrazistak moztea dagokigu. Ez dago erdibiderik.

Erreakzio patriarkala sistemikoa da, patriarkatua sistemikoa delako. Erreakzio arrazista sistemikoa da, arrazakeria eta kolonialismoa sistemikoak direlako. Eta sistemikoak diren heinean, ez dago espaziorik erreakziotik salbu. Noski, erreakzioa ez da ez intentsitate, ez modu, ez intentzionalitate berarekin erreproduzitzen espazio, aparatu eta agente bakoitzean: baina erreprodukzio oro da hari eroale berberaren parte. Garai erreakzionarioekiko ihesaldia ezinezkoa den honetan, bakoitzak ikusiko du zein aldetan dagoen.

Nekezak dira ofentsiba garaiak. Ohikoak dira nekea, etsipena, frustrazioa. Baina defendatutako garaipenetatik loratuko dira lorpenak etorkizunean. Eta guk antolatuta jarraituko dugu, ez dugu pauso bakar bat ere atzera emango. Irabazi duguna ez dugulako galduko eta irabazten jarraituko dugulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA