EHU ordezkatuz, hamabi egunean egindako mundu biraren azken geltokitik idazten dut hau.
Unibertsitate arteko bi lankidetza hitzarmen garrantzitsu sinatu ditugu, bata Boisen eta bestea Hiroshiman. Akordio horiek aukera leiho esanguratsuak zabalduko dizkiote gure unibertsitateko komunitateari eta, beraz, euskal gizarteari.
Zirkumnabigazio honen lehen geltokia Boise State University-n (BSU) izan da (Idaho, AEBak), bost urtean behin euskal kulturaren eta mundu osoko euskal komunitatearen topaleku bilakatzen den Jaialdiaren testuinguruan. Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea eta Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea izan nituen lagun etapa honetan, baita EHUko ingeniaritza, zientzia eta teknologia alorretako ordezkaritza zabala ere.
Jaialdiko hitzordu akademikoen artean, Oñati Study Abroad Program-en oroimenez antolatutakoa nabarmenduko nuke. Duela mende erdi Oñatira Boiseko 80 ikasle baino gehiago ekarri zituen, zenbait irakaslez lagunduta, tartean Pat Bieter sustatzailea. Ingelesera itzuli berri den Abentura bat baino gehiago liburuan jaso du pasarte hori Iñaki Galdosek. Ez da kasualitatea abentura hori Oñatin gertatu izana. Hamarkada bat geroago, lehenengo Euskal Unibertsitatearen egoitzan jaioko zen hain kuttun dudan Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutu prestigiotsua, 2007tik EHUren International Master in Sociology of Law titulu ofiziala eskaintzen duena.
Itsas-Gaindiko Campusaren oinarriak finkatzeko, unibertsitateen arteko lankidetzarako esparru akordio bat sinatzea izan da Boisen gure misio ofiziala. Ingeniaritza alorreko bira batean parte hartu dugu Micron enpresak ehunka milioi dolar inbertituta sustatu duen campus ikusgarrian, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dugu BSUren zientzia eta transferentzia jarduera bikaina; gehienak EHUk aitortuak dituen konpetentziekin lotutako alorretan, hala nola nanoteknologia, gainazalak eta materialak, AA, biomedikuntza eta biologia mekanikoa, optika eta elikagaien zientzia eta teknologia. Hitzarmenean identifikatu ditugu garatzeko lankidetza esparru zehatzak: ikasteko eta ikertzeko egonaldiak, tutorekidetzan egindako doktorego tesiak eta graduko eskaintza partekatuak areagotu ahalko dira akordioari esker. Gainera, BSUrekin dugun lankidetza beste gai eta jakintza alor batzuetara zabaldu ahal izango da, genero ikasketak, peace studies edo klima aldaketa, kasurako, eta ez da beti Etxe Zuriko egungo agintariaren gustukoa izango. Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu Iñaki Goirizelaiari (EHU) eta Argia Beristain eta Andrew Finstueni (BSU) mugarri hau posible egiteko egindako lanagatik.
Bidaia honen bigarren geltokia Hiroshima izan da. Hekatonbe nuklearraren 80. urteurrenarekin bat eginda, munduko hamahiru unibertsitatek parte hartu dugu Bakearen aldeko Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzian eta Bakearen aldeko Adierazpena sinatzeko ekitaldian: Hiroshima U., EHU, Perugiako atzerritarrentzako unibertsitatea, Leipzig U., Indian Institute of Technology (Bombai), Fukushima Medical U., U. Tunku Abdul Rahman (UTAR, Kuala Lumpur), National Central U. (Taiwan), Columbia U., Arizona State U., United Nations U. (UNU) eta World Maritime U. (WMU).
Adierazpenaren helburua da ikertzaile gazteentzako truke programak areagotzea eta bakearen eta iraunkortasunaren aldeko unibertsitate lankidetzak indartzea. Elkarrizketa kritikoaren, elkar ulertzearen eta ezagutzaren bidez ikasleak bakearen kulturan inplikatzeko beharra ere azpimarratzen du. Gure hitzaldian Gernika eta Hiroshimaren arteko paralelismoak gogoratu ditugu —Israelgo Estatuaren gobernua Gazan egiten ari den genozidioa ere bai—: zibilen aurkako aireko bonbardaketak, osteko desinformazio kanpainak, memoriaren garrantzia, bizirik atera zirenen testigantzak eta armarik eta gerrarik gabeko mundu bat eraikitzeko egin beharreko ekarpena. Bakerako giza eskubidea aldarrikatu dugu. Konferentziak, gainera, balio izan du unibertsitateon arteko harremanak estutzeko eta berresteko guztiok partekatzen dugula garapen jasangarrirako 2030 Agendari eta haren hamazazpi helburuei erantzuteko xedea: hala nola bakea erdiestea, giza eskubideak bermatzea, ongizatea eta osasuna, pobrezia amaitzea eta klima aldaketaren aurka egitea, inor atzean utzi gabe. Zalantzarik gabe, etorkizun parekide eta jasangarri baterako funtsezko zutabeak dira puntako ikerketa eta irakaskuntza berritzailea.
Bidaia honetan EHU ongi kokatuta ikusi dut munduko unibertsitateen artean. Rankingetatik harago, harro egotekoak dira, besteak beste, genero berdintasunaren arloan egin ditugun urratsak, gure ikerketaren eta irakaskuntzaren kalitatea, euskararen biziberritzea, eta transferentzia eta start-up-en sorrera. Beste zentzu batzuetan, aldiz, inbidia osasuntsua sentitzen dugu: ikasleen inplikazio handia, dohaintza pribatuak erakartzeko gaitasuna, azpiegitura eta egoitza bikainak…
Loiun lur hartu dudanean, BECen International Conference on Low Temperature Physics kongresu ospetsua bisitatu eta agurtzeko aukera izan dut. Hogeita hamargarren edizio honetan, 200 zientzialari japoniar baino gehiago ari dira parte hartzen; ordezkaritza zientifiko handiena, nabarmen. Adar horrek Japonian izan duen arrakastak ez dakit zerikusirik ote duen leherketa nuklearren ondoren izandako tenperatura altuekin (3000 eta 6000 ºC artean, unearen arabera) kontrastatzeko behar psikologikoarekin. Ezjakintasuna ausarta da.
Aldiz, baieztatu dezaket 2030 Agendaren eta bakearen zerbitzura egon behar duela zientziak, eta ez gerraren edo interes inperialisten zerbitzura. Erakunde gisa, unibertsitatea nazio estatuaren aurretik dago. Bere DNAn daude antolaketa autonomia, autogobernua eta askatasun akademikoa, eta arrazoi politiko edo ideologikoetatik edo interes alderdikoietatik babestuta egon behar du. Ezagutzari, ikerketari, eztabaidari, espiritu kritikoari eta jakin-minari zor zaie unibertsitatea; hori da gure bokazioa, ezagutza eskuratu eta transmititzeko (eman ta zabal zazu) grinak gidatuta. Eta, misio hori betetzeko, finantzaketa behar dugu. Ikerketarako segurtasun, erosotasun eta egonkortasun espazio bat bermatu behar dugu. Gizarteari eta erakundeei ezinbestean interesatu behar zaie kalitate eta ospe goreneko unibertsitatea izatea, eragin zuzena baitu ongizatean. Horretan oinarritu beharko litzateke duela hilabete batzuk Parisen aurkeztu zen Choose Europe for Science eredua.
BECen eman diot hasiera nire oporraldiari eta Gernikatik pasatzean gogoratuko dut Boiserekin duen senidetzea eta Hiroshimarekin duen paralelismoa. Eta amets egiten hasita, zein ona litzatekeen gure EHU Urdaibain ezartzea, bai eta gure lurraldeko beste eskualde batzuetan, era diskretuan bada ere, Oñatin jada badagoen bezala.