Badago galdera deseroso bat; baina gure ortzimuga politikoan krisi bat eragin gabe, modu partekatuan nekez erantzun dezakegu. Denok ez baitugu gertakari politiko bera espero. Indar politiko ezberdinak iraganaren eta oraindik forma hartu ez duen etorkizun baten artean harrapatuta daudela ematen du. Nazio gisa, nora jo nahi dugu?
Ez dago erantzun partekaturik. Independentzia, aitortza nazionala, aldebikotasuna edo eskumen gehiago nahi dugun galdetzen dugunean, ez gara galdera ezberdinak egiten ari; galdera beraren aldaerak besterik ez dira. Hain zuzen, nor da subjektu politikoa? Funtsezko galdera da ea gure aspirazio politikoak antolatzeko gai den etorkizun partekaturik ba ote dagoen.
Agerikoa da zenbait proiektu politiko blokeatuta daudela, eta lurralde-ereduaren, subiranotasunaren eta autogobernuaren inguruko gatazkak etengabe errepikatzen direla. Hizkuntza-politikaren arloan ere antzera gertatzen da: hizkuntza eskakizunen mugak auzitegietan eta esparru politikoan modu kontrajarrian interpretatzen dira. Azken batean, euskararen inguruko gatazkek galdera berera garamatzate: zein subjektu politikok du erabaki horiek hartzeko zilegitasuna?
Hizkuntza-politikari buruz eztabaidatu aurretik, justizia linguistikoa noren izenean definitzen den argitu beharko genuke. Hau da: nork du euskarak bizitza publikoan izan behar duen lekua erabakitzeko eskubidea?
CCOO, UGT edo Voxek sustatutako ekimenek espainiarren pribilegioak defenditzen dituzte. Euskararen inguruan aurkitzen da auzi politikoaren muina: oraina nork definitzen duen eta etorkizunaren norabidea nork erabakitzen duen. Estatugintza eta auzitegiak etengabeko talkan ageri dira. Baina zer harreman mota da hau, alde bakar batek azken hitza duenean? Zein legitimitate du horrek?
Borroka politikoa ez da galderen erantzunak eztabaidatzen direnean hasten, baizik eta zein galdera formulatu daitezkeen erabakitzen denean. Hori definitzen duenak baldintzatzen ditu erantzunak ere
Epaitegiek esparru politikoan esku hartzen dute; hau da, borroka politikoa auzitegietara eramateak legitimitate politikoaren eztabaida birdefinitzen du. Beraz, oldarraldia ez da soilik erabaki juridikoen multzoa: posible denaren mugak berrantolatzen dituen espainolismoaren esku hartzea da.
Egoera horrek Drogo gogorarazten du, Dino Buzzatiren Tartaroen basamortua eleberriko protagonista. Drogo Bastiani gotorlekuan bezala, komunitate bat bere identitate kolektiboa inoiz iristen ez den gertakari baten zain antolatzen denean, denborak berak politikari forma ematen dio. Horrela, politika instituzionalak etorkizuneko aldaketa handi baten zain geratzeko arriskua du, orainaldia eraikitzeko gaitasuna bigarren planoan utzita.
Baliteke gaur egun politika gertakari erabakigarri baten itxaropenaren inguruan antolatzea, non eta identitate kolektiboa etengabe atzeratzen den promes baten arabera egituratzen den. Horri Drogo sindromea dei diezaiokegu: etorkizunak eraikuntza izateari utzi dio, eta etengabe atzeratzen den promesa bihurtzen da.
Ez dakigu lurralde egituraketa baten trantsizioa ote, hala poskolonialismoan bizitzen ari garen; agian iraganean zerbait galdu genuen. Egoera, nolanahi, kritikoa da. Ez bakarrik gatazka juridiko edo administratiboagatik, baizik eta horrek deskribatzen duen errealitate politikoagatik. Horregatik, eztabaida nagusia ez da zer gertatzen den, baizik eta zer errealitate izendatzen dugun eta hortik zer ondorio politiko ateratzen ditugun.
Blokeo sentsazioa iraunkorra da. Hala ere, gertakari baten eza ez da jarduera politikorik eza. Tillyk adierazi bezala, mugimendu sozialak ez dira soilik hobekuntza-itxaropenengatik aktibatzen. Mehatxu edo galera baten pertzepzioagatik ere bai. Bi kasuetan, funtsezkoa ez da gertakaria bera, baizik eta hura arriskua edo aukera gisa interpretatzea.
Impasse politikoaren iraupenak zalantzan jartzera behartzen gaitu gatazka lagun-etsai termino schimittiarrean deskriba ote daitekeen oraindik. Arazoa egiturazkoa denean, kanpoko aurkari bat identifikatzeak —eskuin muturra, kasurako— ez du gatazkaren denboralitatea aldatzen. Gakoa botere dispositiboa ulertzea da.
Azken batean, borroka politikoa ez da galderen erantzunak eztabaidatzen direnean hasten, baizik eta zein galdera formulatu daitezkeen erabakitzen denean. Hori definitzen duenak baldintzatzen ditu erantzunak ere.