Osakidetzan ere arnasguneak

2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
UEMAren helburu nagusia da herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea, udalerri euskaldunetatik abiatu, udaletatik igaro eta gainontzeko erakundeetaraino iritsiz. Osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, egunero milaka herritarrek jasotzen dituzte osasun zerbitzuak, eta gainera, Osakidetza Euskal Herriko lantegirik handienetarikoa izaki, milaka langileren euskalduntzean eragin dezake administrazioak, berau euskaldunduz gero.

Gogoratu behar da herritarrek zerbitzuak jasotzeko eskubidea duten neurri berean administrazioak zerbitzu horiek euskaraz eskaintzeko betebeharra duela. Gaur egun, ordea, urruti gaude eskubide horiek izatetik eta betebehar horiek betetzetik.

UEMAri dagokionari lotuta, Mankomunitateak egindako azterketaren emaitzek erakusten dutenez, udalerri euskaldunetan ere ez da ziurtatzen euskarazko osasun zerbitzua. Eta horrek osasun arlotik harago ere badu eraginik; euskararen arnasgune diren udalerrietan, euskara nagusi den eremuan, 350.000 herritar inguru bizi dira gaur egun, erdarazko gunea sortu eta bertako egoera soziolinguistikoari kalte egiten baitio. Horretaz gain, herritarren hizkuntza eskubideak etengabe urratuak izaten ari dira. Datu esanguratsu batzuk aipatzearren, EAEko UEMAko 57 udalerrietatik 28 udalerritan arazoak ditugu oraindik oinarrizko osasun zerbitzuetan. 27 udalerritan etxeko medikuekin, eta 15 udalerritan pediatrekin. Etxeko medikuen kasuan, 27 udaletan oraindik hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabeko 45 mediku daude. Eta pediatren kasuan, berriz, arazoak dauden 15 udalerrietatik 8tan, dauden pediatretatik batek ere ez du dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatua.

Gauzak horrela, Osasun Saila euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana lantzen ari den honetan, bere iritzia eman nahi du UEMAk. Betiere, ikuspegi eraikitzailea izan eta plana bera hobetzeko asmoarekin.

Lehenengo eta behin, aitortu behar dugu positibotzat jo dugula euskalgintzatik horrenbestetan egin ditugun hainbat eskakizun jaso egin direla plan honetan. Hainbat puntu positibo aipatzearren, zuzendaritzei planaren lidergoa izatea eskatzen zaiela, lan-hizkuntza izan dadin urratsak proposatzen dituela, bezeroak euskaraz artatzeko mekanismoak martxan jartzea aipatzen dela, hizkuntza-eskakizunei dagokienez, DD (derrigortasun-data) lanpostu gehiagori jarri zaiela udalerrien egoera soziolinguistikoen arabera kokatuz exijentzia maila. Dena den, udalerri euskaldunen ikuspegitik Euskara Plan honek baditu hutsuneak. Izan ere, ez ditu asetzen herri euskaldunek dituzten behar linguistikoak.

Euskara nagusi den udalerrietan biztanleen %70etik gora euskaldunak diren herrietako osasun zerbitzuetan lan hizkuntza euskara izan dadin, urgentziazko neurriak hartzea beharrezkoa ikusten dugu. Izan ere, osasungintzan ere arnasguneak sortu ezean, nekez lortuko da Osakidetzan euskararen normalizazioa. Adituek esana da, hizkuntza bat garatuko bada, bera nagusi den guneak edo esparruak behar dituela.

Horretarako, ezinbestekoa da aldeko politika aktibatzea, eta hori horrela izan dadin, neurri juridikoak hartzea eta modu orekatu batean inbertsio ekonomikoak egitea. Ezin dugu langileak euskalduntzen dirua etengabe xahutzen aritu eta, aldi berean, langile elebakarrei atea irekita utzi. Langile berriei euskaraz aritzeko gaitasuna ere eskatu behar zaie ezinbestean, bestela, Osakidetzan euskarak gaixo kroniko izaten jarraituko du.

Azkenik, eta Osakidetza euskalduntzeko I. Planean jasotako asmoen %60a soilik bete zela jakinda, beharrezko deritzogu jarraipen batzorde eraginkor, ireki eta gardena eratzeari. Izan ere, Euskara Plana ausarta izatea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da planean jasotako asmoak gauzatzea. Osasun Sailak Osakidetza euskalduntze bidean aliatuak nahiko balitu, lankidetzarako gune berriak ere eskaini beharko lituzke. Kasu horretan, UEMA prest dago laguntzeko, dagokion eremutik eta ahal duen neurrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.