Gabonetan aplikatzen diren murrizketak ez dira ez puntualak ez ezohikoak. Urtez urte errepikatzen dira, baita Aste Santuan eta udan ere, guztira bost hilabetez. Murrizketa estrukturalak dira, eta osasun sistema publikoaren zutabe den lehen mailako arreta eraisteko politika iraunkor bati erantzuten diote.
Aurten, Osasun sailburuak «kontingentzia-plan» edo «zerbitzuen berrantolaketa» bezala izendatu dituen arren, urteroko murrizketen izenorde besterik ez dira. Aldiz, herritarrek bizi duten errealitatea ezaguna da: ordutegi murrizketak, zentroen itxierak, medikurik gabeko txandak edo mediku egoiliarrekin artatutako txandak eta, orokorrean, langileriarik eza, batez ere familia medikuntzan eta pediatrian. Ondorioak argiak dira: itxaron zerrendak handitzea, osasun arreta murriztua eta larrialdiak kolapsatuta. Ez da kasualitatea ospitaleetan gero eta gaixotasun infekzioso larri gehiago artatu behar izatea, lehen mailako arretan artatu beharrean. Etengabeko arretako guneak (EAG) hobeto hornitzeak lan karga hori saihestuko luke.
Gainbehera orokortu honi gardentasun falta kezkagarria gehitu behar zaio. Informazio urria, zehaztugabea eta eskura dauden baliabide errealak zehazten ez dituzten ehunekoetan oinarritua. Ez da kasualitatea. Murrizketen eraginei buruz azalpenak emateari utzi eta komunikabideen fokua promesa handietara, milioi askoko iragarpenetara eta LEP irrealetara bideratzeko sailburuaren estrategiak aldaketa bati erantzuten dio; zehaztapen gutxi, epe mugarik ez eta aurrekontu argirik gabe. Titular asko eta mami gutxi, beraz.
Horrela, osasun publikoaren narriadura estaltzen saiatzen da, gero eta pertsona gehiago osasun pribatura bultzatuz. Gaur egun, EAEko biztanleen %33k dauka mediku asegurua, duela sei urte baino %56 gehiagok. Etekin handiko negozioa da, non, ez kasualitatez, Osasun Saileko eta Osakidetzako kargudun ohiak jasotzen dituzten euren administrazio kontseiluetan.
Osakidetzako eguneroko errealitatearekin alderatuz gero, berehala erortzen den normaltasun kontakizun bat inposatu nahi da, non azpiegiturak irtenbide gisa aurkezten diren, nahiz eta arazo nagusia ez diren eraikinak, baizik eta horiei erantzuteko langile falta. Zortzi urterako 1.600 milioi euroko ustezko «inbertsio historikoa» aurkeztu dute, baina, finean, 220 milioi ingurukoa da urtean, azken urteetakoen oso antzekoa.
Inbertsio horien banaketa argigarria da: berrehun milioi baino ez lehen mailako arretarentzat, gaixotasunean oinarritutako ospitale eredu bat sendotuz, osasunaren prebentzioaren eta sustapenaren kaltetan. Gainera, inbertsio horien %67 2028tik 2032ra bitartean burutuko dira. Hala, Gasteiz hegoaldeko auzoetarako osasun-zentro berria bezalako premiazko beharrak, gutxienez, 2031ra arte atzeratuko dira. Eskualdeen arteko ezberdintasunak larriagotzen dituen atzerapen justifikaezina.
Halaber, 2026rako 5.425 lanpostuko LEP bat iragarri da, eta horietatik 2.160 berriak direla ziurtatu du sailburuak. Profesional gehiago ekarriko dituela dio, egonkortasun gehiago. Ez da egia. Ustezko postu berri horietako bat ere ez da benetakoa: 240 Onkologikoaren integrazioagatik subrogatutako langileei dagozkie; beste 1.920 lanpostu koderik gabekoak dira (aspaldidanik aldi baterako langileek betetzen dituztenak, ezinbestekoak izanik ere egiturazkotzat aitortuta ez daudenak); gainerakoak behin-behineko langileek estaltzen dituzten lanpostu estrukturalak dira, baina ez berriak. Ondorioz, behin-behinekotasun tasak gora egiten jarraituko du, Europako Batasunak eskatzen duen %8tik oso urrun. LEPak ebazteko geldotasunak, aplikatu den birjarpen tasa txikiak, gaur egun erretiroa hartzen duten langileen kopuru handiak eta Osakidetzak beste 1.463 postu kodetzeari uko egiteak behin-behinekotasuna mantentzea dute arau eta helburu.
Gainera, betetzen zailak diren lanpostuetarako LEParen porrota kudeaketa txarraren adibide nabarmena da. Osakidetzak ez du jakin lanpostua lortu duten langileen %45 Osakidetzan bertan mantentzen. Lan baldintza duinik gabe, pertsona askok lanpostu horiek eszedentzian uztea erabaki dute. Ildo beretik, lehen mailako arretan psikologiako lanpostu batzuk sortzea ez da nahikoa, eta ez dio erantzuten egungo gizartearen premien azterketa zorrotz bati. Ez dute osasun mentaleko langileen edo pazienteen iritzirik jaso. Gainera, legeztatutako prestakuntzarik gabe sortu ziren, epaitegietan lege errekurtsoak aurkeztea eragin duena.
Horrez gain, osasun mentala ESIen kontrolpean jartzeko proposamena egin da, osasun mentaleko langileen artean ezinegona sortuz; baliabideak (ekonomikoak eta langileenak) ospitaleen alde gutxituko diren beldur dira, horrek arreta komunitarioa, kalitatea eta irisgarritasuna are gehiago ahulduko dituelakoan.
Bestalde, sailburuak azpimarratu du zentro pribatuetarako aurrekontua %5,6koa dela, baina ez ditu kontuan hartu beste 250 milioi zerbitzu pribatizatuetarako jartzen direla: sukaldeak, garbiketa, segurtasuna, informatika, garbitegia, osasun garraioa, aholkularitzak... Guztira, pribatizazioa %11ra iristen da. Eskualdekoa izango ez den ospitale bat iragarri da Tolosan, eta Asuncion klinika publiko egitea baztertu, nahiz eta aukera horrek gizartearen babes handia izan. Erabaki horrek sei urte atzeratuko luke behin betiko konponbidea. Plan funtzionalik eta bermerik gabe, Donostia ospitalearen hedapen gisa jardungo lukeen eta bere zerbitzuak Gipuzkoako herritar guztiei zabalduko lizkiekeen erabakimen handiko zentro baten itxura du, Tolosaldeko herritarrei erantzun beharrean. Konpromiso irmoak eskatzen ditugu, gainontzeko eskualdeetako ospitale publikoen pareko arreta bermatuz eta Tolosaldeak jasan duen diskriminazio historikoarekin behin betiko amaitzeko.
Izan ere, deigarria da sailburuak publikoki prebentzioan, osasunaren sustapenean eta gizarte-determinatzaileetan oinarritutako eredu baterantz biratzea defendatzen duen bitartean, aurrekontuek osasun publikoa baztertzea gastu sanitario globalaren %1,5 eskas batekin, eta lehen mailako arreta %14,2 inguruan mantentzea, Europako Batasunak gomendatutako gutxieneko %25etik oso urrun.
Porrot egin duten arren, lehen mailako arretako plan estrategikoak mantendu dira, eta berriro ere aparteko orduak erabili dira itxaronaldi gehien dituzten osasun zentroak betetzeko. Formula zaharkitu eta ez eraginkor honek arretaren iraupenerako (familia mediku bera urteetan zehar) joera ahultzen du, prekarizazioa geldiaraziko duten lantalde eta lan baldintza duinen aldeko apustua egin beharrean. Eraldaketa eta osasun digitalean ehun milioi inbertitzeak ere kezkatzen gaitu, pazienteen datuak aseguru-etxeen eta beste enpresa pribatu batzuen esku ez geratzeko berme nahikorik ez dagoen heinean.
Azken finean, sailburu jauna, osasun publikoak ez du propagandarik behar, baizik eta egoera kezkagarri bat zuzentzen duten egitateak. Gaur egungoa, funtsean, zuk kargua hartu zenueneko egoera tamalgarri berbera da. Gelditasun honen aurrean, gizarte mobilizazioak soilik behartu ahal izango ditu oraindik iritsi gabe dauden konponbideak.