Elixabet Etxandi.

Osasuna eta askatasuna

2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Urrun dira koronabirusa aipatu eta irri egiten genuen garaiak. Gauza anitz aldatu dira urte hastapenetik, pandemiaren zabalpenak jadanik egonkortua zen krisi kapitalista garatu duenetik. Gure osasuna estakuru gisa hartuz, neurri politiko autoritarioak aplikatu dituzte burgesiaren tresna diren estatuek, gure egunerokoa beharrezkoa zaien erritmora egokituz. Bigarren konfinamendu honen erabakia ikustea besterik ez da ulertzeko langileen osasuna bermatu beharrean, kapital handiaren jabeek nahiago izan dutela beren irabazien akumulazioa segurtatu, produkzioa segituz. Horretarako, esplotatzen duten langile klasea lanera joatea obligatzen dute, proletarioaren osasunari gaina hartzen baitio irabazi-tasaren egarriak.

Krisi garaiek gizartearen berregituratze sakonak ekartzen dituzte. Burgesiak lehen zuen akumulazio gaitasuna atxiki nahi du, eta, hori gauzatzeko, beharrezkoa zaio lanaren gaineko esplotazioa azkartzea. Etxeratze agindua, konfinamenduak eta, orokorrean, kontrol sozialerako beste neurri murrizgarriak ezin ditugu testuinguru honetatik kanpo ulertu eta borrokatu. Azkenaldian, ofentsiba kapitalista honek nagusiki bi fenomeno ezarri ditu gure biziaren erdigunean: pobretzearen zabaltze orokortua eta askatasun zibil eta politikoen urraketa.

Pobretzeari dagokionez, klase ertainaren desartikulazioa krisi sanitarioa baino lehenago hasia zen, kapitalismoaren krisi orokorraren baitan. Bigarren Mundu Gerraren ondotik ongizate estatuaren baitan lortu ziren eskubide eta erosotasun batzuk pixkanaka desintegratu dira—eman dezagun, erretreta erreformen bidez, lorpen sozial minimo batzuk ezabatu nahi dituzte agintariek, langilea muturreraino esplotatuz eta bizi baldintza ezegonkorretan utziz—. Hortik, masa zabal bat proletarizatzen da, ezin baitu lehen zuen bizi maila bera atxiki, eta bestea, aldiz, lehen zuen bizimodua mantendu nahian, ofentsiba burgesaren konplize egin da.

Adibidez, politika instituzionalari eskua luzatu diote klase ertaineko kide anitzek, langileon ongizatea bermatuko lukeen antolakuntza sustatu beharrean. Hots, krisi kapitalistak eta bere COVID-19aren testuinguruko aldaketek bi klase antagonikoen arteko arrakala sakontzea dakarte. Batetik, badira politikari profesionalak, kapital finantzarioak eta enpresari handiak, hots, mundua dominatzen duen ekoizpen eredu kapitalistaren gidariak. Bestetik, gehiengoa izanik ere, gutxi batzuen erabakiei men egin behar dien langile klasea.

Dena den, pobretzearen fenomeno orokortu hau ez da esparru ekonomikora hedatzen bakarrik. Izan ere, pobretzeak baliabideen galera suposatzen duenez, langilea bizi hautu konkretu batzuen hartzera darama, askatasunez urrunduz eta subjektu mugatu bilakatuz. Finean, pobrezia eta askatasunik eza txanpon beraren bi aurpegi dira.

Gainera, langileari bere gaitasun iraultzaile eta organizatibo guziak kentzen dizkio burgesiak, bulta honetan hartu medioek askatasun politikoak urratzen baitituzte. Etxeratze aginduarekin edo konfinamenduen bidez, biltzeko askatasuna arrunt mugatu dute, eta horrek lan politikoa aitzinera eramateko aukera ezabatu du, antolakuntza proletarioaren gauzatzea oztopatuz. Politika egitea bera ekintza kriminal gisa saltzen digute sistema kapitalistatik at antolatu nahi dugunoi, adierazpen zein biltzeko eskubideak noiznahi zapalduz. Honen adibide lirateke polizia-indarren irudi eta bideoen hedatzea debekatzeko pasatzeko bidean den legea Frantziako Estatuaren mailan, kazetariei egin mehatxuak, eta mobilizazioetan gauzatu identifikazio edo kartzela kondenak.

Gure askatasun zibilak ere baztertuak dira momentu honetan: mugitzeko eskubidea murriztua da, eta kontrol soziala handitua, atestatuen derrigortzea eta polizia indarren etengabeko presentziarekin, izan bideetan zein mugan. Ostatuak eta «beharrezkoak ez diren» komertzioak hetsi dituzte, eta sozializatzeko genituen esparruak kendu, gure arteko distantzia soziala elikatuz. Argi da pandemiaren kontra egin behar dela, baina hartu dituzten neurriek, osasuna babestu beharrean, langile klasea zapaltzen dute, gabezia fisiko eta psikologikoak sortuz. Adibidez —Ipar Euskal Herriko datutik ukan ezean— Frantziako Estatuko depresioen kopurua doblatu da irailetik hona.

Egoera larri honetan ere, zilegia da denontzako osasuna eta oinarrizko askatasunen zein eskubideen bermea aldarrikatzea. Osasuna jende guztiari zabaltzeak oinarrizko eskubide batzuen bermea suposatzen du, eta gure askatasunen defentsa irmoki aldarrikatzen segitu beharra dugu, inposatzen dizkiguten neurri eta legeetatik at, askatasun erreala proletariotzaren emantzipazioa delako. Bizi dugun diktadura burgesa gelditzea ezinbestekoa dugu, kapital akumulazioak ez dezan gure bizia kontrolatu, osasuna, askatasuna edo gure oinarrizko beharren gainetik. Horregatik, langile klasearen batzea utopia izatetik urrun, ekoizpen eredu kapitalista honek zapaldutako ororen eginkizun izan behar luke, proletariotza subjektu politiko eta iraultzaile gisagara dadin, klase antolakuntzari bidea irekiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.