Joxe Austin Arrietak Palinpsestoa liburuan irabazleak Euskal Herriari inposatu dion errelatoaren kontrako jarrera azaltzen du, eta, horretarako, bi arlo aztertzen ditu, besteak beste: zapalketaren errealitatea, alde batetik, eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan gertatu ziren astakeria handiak eta estrategia baten porrota, bestetik. Aurrekoan, Morlansen gertatu zena azalduz, sakon aztertu nuen lehen arloa, eta orain aztertuko dut bigarrena: ETAk eta ezker abertzaleak euskaldunon borrokaren izenean egindako huts handiak eta estrategiaren porrota, gure herrian gertatu denari buruz ahalik eta memoria zintzoena izan dezagun guztiok. Herriaren aldeko borroka omen zen horretan gertatu ziren aldrebeskeriak azaltzeko, zenbait adibide ipintzen ditu Arrietak. Haietaz hitz egingo dut hemen eta, geroago, Euskal Herrian gertatu dena azaltzeko Joxe Austinen gogoeta batzuk adieraziko ditut.
Lehenik eta behin, Gregorio Ordoñezen hilketaz mintzatuko naiz. Liburuko 336-338. orrietan kontatzen duenez, Arrieta argi eta garbi agertu zen Ordoñez hiltzearen kontra. 338. orrian ezin ederkiago azaltzen du ETAren izugarrikeria horrek eragin zion barne zauria: «Kontua da, esanak esan eta eginak egin, atsekabe handia hartu nuela —zinezkoa— gutarrek hil zutenean... Eta ez irizpide estrategiko ustezko hantuste hutsengatik. Bestela baizik... Nik ez nuke sekula esango berarengatik, berak Morlanseko gudariengatik esan zuena, 'zakur horiek'... eta abar». Eskerrak eman behar dizkiot Joxe Austini bere portaeran erakutsitako adorearengatik eta nobleziaz jokatu izanagatik. Ordoñezen etsai amorratua zen arlo politikoan; hala ere, argi ikusi zuen pertsona bat, desberdin pentsatzeagatik, ezin zela hil, eta, hilketa salatzeko, artikulu kritiko bat idatzi zuen. Berriro diot: txapela kentzeko modukoa da Joxe Austinen jarrera etikoa, eta gehiago esango dut: Ordoñez hiltzea bezalako gaiztakeriek, moralki gaitzesgarriak izateaz gain, Espainiak Euskal Herriari inposatu nahi zion errelatoa indartu besterik ez zuten egin, herri libre bat izateko gure borroka eta ahaleginak ahuldu zituztelako.
Bigarrenik, Perturren eta Yoyesen hilketez hitz egingo dut. Jokin Urain lagunak Txomin Iturberi buruzko liburu bat oparitu zion Arrietari. Honek eskertu zion oparia, baina barruan bi arantza zituela ere esan zion: Pertur eta Yoyes. Honetan ere ezin argiago hitz egiten du Joxe Austinek, eta hemen haren hitzak, 353-354. orrietakoak: «Une hau beharbada ez duk arantza ezin mingarriago horiez mintzatzeko aproposena. Ez une hau, ez agian beste ezein une ere. Nik neuk behintzat, indarrik ez zaukaat, ez diat sekula eduki. Orain, pare bat zertzelada bakarrik: lehenaz, poema batean hitz egin nian —Pertur lagun handia nian, gaztetako lagun mina—... Bigarrena [Yoyesi buruz ari da], berriz, gutun sutsu mindu bat idatzi nioan antonomasiazko erakundeari... Nola zitekeen, nola zen posible, Yoyes hiltzea, eta hala hiltzea, gainera, bere ume txikiaren aurrean... Hik... Estatuaren gerra zikinaren egiletza aipatzen duk, duda izpirik gabe, Edortaren kasuan. Lopez Adan Beltza-k, ordea, zalantzaren susmopean baino areago ia erabateko ukoan egiten ziok aurre hipotesi horri. Eta Yoyesi dagokionez, berriz, bada, ez, hi, ez duk nahikoa pare bat lerrotan aferari kito ematea esanez ezen bazekiela, jakinaren gainean zegoela, abisatua ziotela behin eta berriro Hegoaldera ez pasatzeko...». Lekukotza zirraragarri hori irakurri ondoren, dena esanda dagoela uste dut. Guztiok hunkitzeko moduko egiak esan ditu Arrietak, eta hitz batzuk besterik ez ditut gehituko: Yoyesi dagokionez, hilketa krudela egin zuen ETAk, eta, besteak beste, Euskal Herriko pertsona asko euskal erresistentzia eta ETA bera desberdin ikusten hasi ginen. Perturren kasua dela eta, benetan nork hil zuen ez dakigun arren, gauzak ez daude ezker abertzaleak uste duen bezain argi. Gehiago ikertu beharko da, baina nik ez dut gaur hilketa horren egiletzari buruzko inolako ziurtasunik.
«Egia aitortu. Denok ditugula eskuak odolez zipriztinduak. Ez garelako kapaz izan gure Drama handi hau behar bezala gainditzeko. Eta izan behar dugu. Bakea askatasunean, eta askatasuna bakean, eraikitzeko gauza». Arrietaren hitz horietan herri eta komunitate gisa nola gauden argi ikusten da, eta ziklo berri honetan ez gara, oraingoz, gure herriaren arazo larri horri bukaera emateko gauza izan
Hirugarrenik, Fernando Buesaren hilketaz hitz egingo dut. Joxe Austin, berriz ere, argi mintzatzen da eta 466. orrialdearen behealdean hau adierazten du: «Berau ere eraila. Eufemismorik ez, otoi. Hots, gure ENAMen Erakunde Armatuak, gure Askapen Prozesuko Abangoardia deitzen genuenak, eraila...». Hemen ere ez dut ezer gehitu behar. PSOEren eta Buesaren euskararen kontrako jarrera argi azaltzearekin batera, Buesaren hilketa guztiz onartezintzat jotzen du Arrietak, eta bat nator harekin erabat. Gainera, esaten du bi aldeetan gertatu direla basakeriak, aurreko ohar batean Torrealdai ere torturaren ondorioz hil zela adierazten baitu. Euskal Herrian guztiek egin dituzten izugarrikerien kontra argi mintza gaitezen, beraz!
Azkenik, Joxe Austinek egiten dituen bi gogoetarekin eman nahi diot artikulu honi bukaera. Lehenean, Lasa eta Zabalaren hilketak oso gogor salatu ondoren, hau dio 423. orrian: «Gerra guztiak dira latzak, eta bando guztiek egiten dituzte izugarrikeriak; beraz, gureak ere bai...». Gogoeta horren bidez, nire ustez, Arrietak aditzera eman nahi du euskal gatazkan alde guztietan gertatu direla giza eskubideen urraketa larriak. Bigarren gogoetan, 440. orrian hitz hauek esaten ditu: «Egiaren Batzordeak eratu, zabaldu, gihartu. Hori egin beharko genuke, nik uste. Hego Afrikan-eta egin zuten bezala. Egia aitortu. Denok ditugula eskuak odolez zipriztinduak. Akzioz nahiz omisioz. Ez garelako kapaz izan gure Drama handi hau behar bezala gainditzeko. Gaur arte behintzat ez, ez gara izan. Eta izan behar dugu. Bakea askatasunean, eta askatasuna bakean, eraikitzeko gauza». Arrietaren hitz horietan herri eta komunitate gisa nola gauden argi ikusten da, eta ziklo berri honetan ez gara, oraingoz, gure herriaren arazo larri horri bukaera emateko gauza izan.