Ekaina. Hilabete kargatua izan ohi da ekaina. Araba Euskaraz, San Joaneko suak, udaren hasiera, musikaren besta, EHZ, eta beste hainbeste ekimenez bustia. Ikasleontzat, ordea, hilabete hau kezka iturri da. Izan ere, ekaina azterketa garaia da. Euskal Herri osoko batxilergo eta terminaleko ikasleok goi mailako ikasketetako sarbide proba pasatu behar dugu. Izan selektibitatea hegoaldean, nahiz baxoko azterketa iparraldean. Bestalde, horrez gain, Ipar Euskal Herriko ikasleok Parcoursup plataforman izena eman ondoan, formazio ezberdinen erantzunak eskuratzen ditugu.
Frantzian, goi mailako ikasketak egiteko orduan, plataforma batetik egiten da sarbidea: zehazki Parcoursup-etik. Ikasleok goi mailako ikasketei begira xedeak egiten ditugu plataforma horretan, Frantzia osoko unibertsitate eta eskola ezberdinek proposatzen dituzten formakuntzen artean. Hainbat etapatan egiten da bidea. Lehenik, urtarriletik aurrera eskaintzen katalogoa ikus dezakegu. Ondotik, martxotik goiti, xedeak adieraz ditzakegu. Azkenik, ekainaren 2tik aitzina erantzunak errezibitzen ditugu. Ikastetxeek gure azken bi urteetako eskola-txostenak eta eskolaz kanpokoak aztertu egiten dituzte, eta, haien arabera, baiezkoa edo ezezkoa ematen. Baxoak, Parcoursup-en pare, balio gutxi du. Azterketa pasatu aurretik dakigulako, usu, zein formakuntzatan segituko dugun hurrengo urtean.
Plataformak alde positibo ugari ditu. Frantzian eskainitako formakuntzen gehiengo handia ikus daiteke, guti gorabehera 25.000 prestakuntza mota. Bakoitzaren xehetasunak ikus daitezke, besteak beste, informazio orokorra, aitzineko urtean sarturiko ikasleen kopurua eta lehenetsitako kriterioak. Plataformak, kanpotik ikusirik, ez du inolako beldurrik eragiten. Baina galde iezaiozu Ipar Euskal Herriko edozein terminaleko ikasleri zer iritzi duen Parcoursup-i buruz! Harry Potter pelikulan bezala, badakizu nor delakoaren izena bezala, ezin entzuna da azken hilabete hauetan. Kezka iturri handia bilakatu da Parcoursup plataforma ikasle ororentzat.
Nola jakin hain adin goiztiarrean zer egin etorkizunean? Iduriz jakin beharko genuke. Baina ez da hala. Urteak pasatu arau, maratoi baten prestaketan bezala, saiakerak, hutsak eta entrenamenduak egiten dira. Etorkizuna ez da erabakitzen, eraikitzen baizik
Izan ere, ikastetxeek guk egindako nahiak begiratzeko orduan, milaka eta milaka ikasleren artean sailkapen bat sortu behar dute. Erranen didazue: «Baina nola aztertu ditzakete hainbeste kasu?». Hori da arazoa: sailkapen bat egiteko orduan, algoritmo edo AA baten bitartez, aurretik selekzio bat egiten dute. Ondotik soilik, gizaki bat lanean hasten da, eta, diotenez, minutu eta erdi eta bi minutu artean pasatzen ditu kasu bakoitzeko.Â
Arazoak arazo, larriena da denek ber profilak ditugula. Horretaz ohartu nintzen pasa den otsailean, Tolosako Unibertsitateko ate irekietara hurbildu ondoan; denek ber notak eta gaitasunak genituen. 1.200 kandidatura dituzte ekonomia ikasketetarako eta soilik 100 leku. Hots, guti gorabehera, leku bat hamar pertsonarentzako. Baina nola egin? Nola egin berdinak garen oro ezberdintzeko. Nola egin sailkapen bat, bakarrik nota batzuk eta ohar batzuk irizpide hartuz? Agerikoa da sistema honek, hoberenak, hobeki erranik eskolarrenak, saritzen dituela. Sistema elitista bezain egoista da Parcoursup plataforma. Egoismo puntu hain handira iritsiak gara, non usu entzun izan dudan: «C’est chacun pour soi». Norbera bere buruaren alde, norgehiagoka. Geure burua saltzen ari gara ea nork erosiko duen. Nor bere gerran, besteen kontra, indibidualismoaren mesedetan. Non gelditu da kolektiboa?
Bestalde, elkarrekilako lehiaketaz gain, geure buruarekin gerran ari gara ikasleok ere. Denek gauza bera pentsatzen dugu: gure geroa jokoan dela. Hurrengo urteko ikasketek baldintzatuko dute nire bizia. Ez badut nota ona lortzen azterketan, ez naiz medikuntzako ikasketetan hartua izanen. Nota ona lortu behar dut, bai ala bai, burasoak harro izan daitezen nitaz. Eta ez badut lortzen, zer? Ez dut lanik aurkituko, ez dut etorkizunik ukanen, ez dut bizitzarik ukanen… Stop.  Bizitza osoa azterketa hauetan jokatzen bagenu bezala da, baina bizia luzea da, aukeraz betea. Ez lortzeak ez du erran nahi ate guziak itxi egingo zaizkigunik. Naski, itxiko dira batzuk, baina hobeak irekiko. Sekula ahantzi ezingo ditugun aukera horietarikoak.
Guri, baina burasoei ere kezka sortzen die. Urtarriletik ekainera, xedeak hautatzeari, dosierrak betetzeari, motibazio gutuna idazteari eta geroa pentsatzeari ekin behar dio familia orok. Amak behin baino gehiagotan erran dit: «Gure garaian, txostena betetzen genuen eta berehala bidali ikastegira… ez zen bestelako txintximariarik». Bai, baina hala, garaiak aldatu dira.
Ipar edo Hego Euskal Herrian, ikasleon gain presioa handiegia da. Arazorik handiena notaren balioan da. Gehiegizko balioa du. Gainera, konpetentzia guziak behar den heinean ebaluatuak ote dira? Ikasitakoa errezitatu baina deus ulertu gabe. Ez ote gara desikasten ikasten ari
Azkenean, sei hilabeteko maratoiaren ondotik, onenak irabaziko du. Berdin du besteak pusatu edo zangarteka ariturik izana. Irabazi du bere lekua, «azkarrenaren legea» da. Ziurrenik ospatuko du. Alta, beste batzuk helmuga pasatu nahian dabiltza oraindik hurrengo irailaren 10a arte. Nahiz ez anitz izan epez kanpo, gehien-gehienak bide bazterrean geldituko dira; ez dira aski erregularrak izan entrenamenduetan, azken bi urte hauetan.
Hots, Ipar edo Hego Euskal Herrian, ikasleon gain presioa handiegia da. Arazorik handiena notaren balioan da. Gehiegizko balioa du. Gainera, konpetentzia guziak behar den heinean ebaluatuak ote dira? Ikasitakoa errezitatu baina deus ulertu gabe. Ez ote gara desikasten ikasten ari. Nota hau filtro sozialerako mekanismoa da; ez ditu errealki norbanakoaren gaitasunak adierazten. Bestalde, nota baten menpe izateak besteekiko lehia pizten du. Parcoursup bezalako plataformek bultzaturik.Â
Hezkuntza sistemak iraultza behar du. Presioa ikasleon espalden gainetik kendu behar da. Ikasturtea kausitu eta etorkizuna erabaki beharra hain epe laburrean gehiegizkoa da. Nola jakin hain adin goiztiarrean zer egin etorkizunean? Iduriz jakin beharko genuke. Baina ez da hala. Urteak pasatu arau, maratoi baten prestaketan bezala, saiakerak, hutsak eta entrenamenduak egiten dira. Etorkizuna ez da erabakitzen, eraikitzen baizik.