Maiatzaren 13an berri paper honek argitaratu zuen Ibai Iztuetak idatzitako Pentsamendu inpuroak iritzi artikulua. Bere asmoa izan da atera berri dudan Ni la mitad te creas (Athenaica, 2024) liburua aitzakiatzat hartuta, beste egunkari batean egindako elkarrizketari buruzko (eta ez liburuan eskaintzen diren ideiei buruzko) iritzia ematea.
Elkarrizketak beti geratzen dira motz; liburuak beti ematen du aukera lasaiago hitz egin eta ideiak nahi beste garatzeko. Beraz, Ibai, gonbidatu nahi zaitut, ez baduzu egin, liburua irakurtzera eta bertako ideiak eztabaidatzera. Eta eztabaidatuko dugu —nahi eta behar beste—, baina beti ere ikuspuntu eta irizpide zientifikoak aurrean ditugula.
Ni la mitad te creas euskararen historiari buruz idatzitako liburutxoa da (ez ditu 200 orrialde) eta gure hizkuntzari buruz pentsatu izan diren ideia eta uste okerretatik abiatu nintzen horretarako. Liburuak ere hartzaile jakin bat du: ez da hizkuntzalaritzaz edo filologiaz jakin behar liburua ulertzeko, liburu dibulgatiboa dela alegia. Eta hain zuzen dibulgazioaz halaxe dio hitzez hitz Iztuetak: «Eta, esango nuke, zientzia eta zientzia-dibulgazioa egiterakoan, hobe genukeela desmitifikazio borondatea alde batera uztea, borondate honek kalitatean eragin txarra izan ohi duelako».
Ez naiz nire liburuaren kalitatean sartuko —hori irakurleek eta adituek esango dute—, baina larria iruditzen zait, oso, Iztuetak mahai gainean jartzen duena, eta hemendik galdetzen dizut, Ibai: ikertzaileok zer egin behar dugu? Mitoak eta uste okerrak nola zabaltzen diren begira egon eta isilik geratu? Ez, horixe! Unibertsitateko irakasleon lana da gure ikerketen emaitza horiek gizarteari helaraztea, eta horrek uste okerrak zapuztuko (edo zuzenduko) baditu, ba, egingo dugu. «Dotorezia apur bat» falta zaigula esango duzu edo «inpertinentea» dela, baina ez dago beste aukerarik. Langile publikoak gara, gure soldata diru publikotik dator eta gizarteak merezi du unibertsitatean ikertu dugunaren berri izatea, inor ergeltzat hartu gabe. Hor ez dago eztabaidarako aukerarik.
Elkarrizketa hartako ideia bat hartzen du hizpide Iztuetak bere artikuluan eta dio «hizkuntzaren adinak pertinentzia» hartzen duela hizkuntza komunitate bat ere badelako, elkarrizketan esaten baitut euskara ez dela beste hizkuntzak baino zaharrago. Liburuan gehiago garatzen dut ideia hori eta bertara jo dezake interesa duen edonork, baina hemen han esandakoa errepikatuko dut: hizkuntzek ez dute adinik. Hizkuntzak ez dira ez amaren sabeletik erditzen, ez arrautzatik ateratzen. Hizkuntzak eboluzionatu, garatu eta aldatu egiten dira; ez dira euria egiten duenean sortzen diren onddo edo udaberriko zizak bezala agertzen. Noiztik datorren gaurko euskara? Ba, ez dakit. Dakiguna da XV. menderako euskara euskalkitan banatuta zegoela (gaur baino desberdintasun gutxiagorekin, bide batez); badakigu Erdi Aroan gaurkoa ez bezalako hedadura bat izan zezakeela euskarak eta orduko mintzoaren ezaugarri batzuk ere badakizkigu (hasperena adibidez Euskal Herri osoan zegoela dirudi); badakigu erromatarrak iritsi zirenean bazela akitaniera deitzen diogun hizkuntza bat euskararekin lotua dagoena; badakigu Irulegiko baskoiek idazten zutela, baina ez dakigu oso ziur euskararekin lot ote daitekeen beren hizkuntza, beharbada bai. Horrek guztiak, baina, ez digu adin absolutuaren berri ematen.
Gaztelania noiz jaio zen? Noiz frantsesa edo galegoa? Badakigu hizkuntza horiek latin eboluzionatua direla. Ez zen latina hizkuntza horiez erditu: tokian-tokian erromatarrek ekarritako hizkuntza hark hartu zuen itxura da horietako bakoitza, eta egun izen desberdinak erabiltzen ditugu hizkuntza horietako dokumentazio ugari dugulako (besteak beste), baina Europa mendebaldeko latina edo Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko latina ere dei diezaiekegu frantsesari eta galegoari.
Euskararekin ere gauza bera dugu: gaur egungo euskara beste hizkuntza batetik dator edo, nahiago bada, beste hizkuntza-egoera batetik. Euskara deitu nahi diogu orduko hizkuntza horri? Ez dago arazorik horretarako, baldin eta onartzen badugu ordukoa eta gaurkoa desberdinak direla, aldaketa egon dela. Noiztik hasten diren euskaldunak «euskaldun» direla esaten? Irulegin? Akitanian? Ez dakit. Hori ez dakigu, lekukotzak falta zaizkigu jakiteko eta ez naiz sartuko eztabaidan —hori bai, ziurrenik ez zuten «euskaldun» horrela ahoskatuko, gaur Hegoaldekook esaten dugun bezala—. Liburuaren asmoa euskaraz eta bere historiaz dakiguna kontatzea da eta ez dakiguna aitortzea, bestelako suposizioetan sartu gabe. Hizkuntzalariok hizkuntza denboran aldatzen ari den objektu moduan aztertzen dugu, baditugu horretarako baliabideak eta horien berri ematen dugu zabalkunde lanetan ari garenean.
Iztuetaren artikuluan ez zait oso garbi gelditu kreazionismoaren edo darwinismoaren aldekoa den eta zeren aurkakoa. Baina garbi izan behar dugu ondokoa: gauza bat da fedea eta beste bat zientzia. Lurra laua dela uste dutenak eta lurra biribila dela diotenak ez daude maila berean. Batzuek (Iztuetak aipatzen dituen magufoek) uste eta fedean oinarritzen dute beren ezagutza, zientziari muzin eginda; besteek zientzia eta ebidentzia zientifikoa dute ardatz. Euskaraz idatzitako lekukotasunetan oinarritu eta hizkuntzak ikertzeko metodo zientifikoa erabiltzea da ikerlarion lana, hori eta ikerketa gizarteratzea ere bai.
Oharra: Ondoko ikertzaileok ere babesa eskaini diote idatzi honi: Borja Ariztimuño, Ibai Iriarte, Iñigo Urrestarazu eta Manu Padilla.