Pilotak arazo dira; arazoa ez dira pilotak

Miren Larrañaga, Ibai Iriarte eta Antzine Biain
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Euskal gatazkaren edo protesta sozialen testuinguruarekin zerikusirik ez duen hilketa bat gertatu behar izan da urte gehiegitan premiazkoa izandako eztabaida behingoz emateko, edo, behintzat, horretarako aukera zabaltzeko. Zeren eta lehenago ere egon dira larriki zauritutako pertsonak eta hildakoak. Hamaika kasu, baina guztiek dute zerbait komunean: ez da egon ondorio edo erantzukizun politikorik, ezta administrazioan edo auzitegietan ere.

Iñigo hil eta jarraian, egun batetik bestera, aurretik gutxi batzuek baizik zalantzan jartzen ez zuten arma hori aho batez gaitzesten hasi ziren guztiak —baita ERNE gisako poliziaren sindikatuek ere!—. Agintari politiko edo polizien ahotik entzun genuen bezala, «hilgarria», «ez-selektiboa» eta «apuntatzeko ezgauza» zelakoan, besteak beste. Eztabaida beti da ongi etorria, jakina, baina gogoan hartu behar da Ertzaintzak 30 urte daramatzala 720 km/h-ko abiaduran tirokatzen duen arma hori erabiltzen; Europako estatu gehienek, aldiz, debekatu egiten dituzte, oso arriskutsuak direlako. Eta ez hori bakarrik, errepresioa ezartzeko modurik erabiliena izan da, bai talde txikien aurka bai jendetzaren aurka.

Edonola ere, piloten erabilera murrizteari —eta ez bertan behera uzteari— buruz ari dira hizketan. Murriztu? Utziko diote pilotek arma «hilgarri» izateari Iñigoren hilketatik zentzuzko denbora tarte bat igarotzen denean, ala? PNVk izendatutako Ertzaintzaren buru berriak, Gervasio Gavirondok, berriki baieztatu du hori, argi utziz zer den «zentzuzkoa» poliziaren iritzian. Hain zentzuzkotzat jotzen du non egokia iruditzen baitzaio publikoki adieraztea, lasai asko eta Iñigoren erailketaz ari den dokumentalean. Horren arrisku maila eta apuntatzeko ezintasuna aitortu bai, baina segidan esaten dute erabiltzen jarraituko dutela. Hori bai, Talde Mugikorrak baino ez ditu erabiliko. Arma hilgarria polizia berezi biolentoenaren eta hilgarrienaren esku, zer eta errepresioa helburu. Zer-nolako lasaitua.

Nolanahi ere, arazoa ez dira pilotak. Egin dezagun urrats bat atzera. Zer-nolako polizia eredua daukagu? Polizia biolento bat, errepresioa lehentasun duena, ez gizartearen zerbitzura egotea, baizik eta polizia guztiz militarizatua, herritar oro susmopean duena, eta bizi dugun eredu sozialarekiko kritikoa den pertsona oro etsaitzat hartzen duena. Birpasatu ditzagun egun hartan Bilbon izandako lekukoen testigantzak. Ertzaintzaren biolentzia ez ezik, Iñigori burutik odola dariola jada erakusten duten ankerkeria eta umore beltza agerian uzten dituztenak. Arartekoak, berriz, bereziki poliziari zuzenduriko gomendio sorta bat egin zuen urte horretan bertan, oinarrizko gabeziak antzematen zituelako, honako gai funtsezko hauetan: poliziaren gehiegikerien aurrean barne kontrol mekanismoak, jarrera arrazistak, atxilotuen eskubideen zaintzea eta indarraren erabilera justifikatu eta neurtua, besteak beste. Baina esanguratsuena ez dira oinarrizko gabezia horiek, baizik eta gomendioa egin beharra, hain zuzen, aipatutakoak bete ez direlako eta proposatutako hobekuntzak egin ez direlako. Eta kontua da oinarrizko gomendio horiek errepikatu egiten direla Arartekoaren lehenengo txostenetik hona, lehena 1998koa izanik ere, duela hamalau urtekoa. Poliziak Arartekoaren gomendioei behin eta berriz muzin egiteaz gainera, eskatutako informazioa ukatu egin izan dio, eta eskatze hutsagatik oldarkor kritikatu ere egin du publikoki. Poliziak modu horretan tratatzen badu herritarron eskubideak babestea ardura duen EAEko instituzio ofiziala, eta jarrera aldatzeko inolako presio politikorik jasotzen ez badu, zer ez du ba egingo herritar xumeokin?

Hori guztia esan eta gero, Bilboko gertakariak eta horien ondorio larriak ikusita, posible da horiek «istripu» izendatzea, Gervasio Gavirondok aste honetan bertan egin duen moduan?

Beraz, arazoa ez dira pilotak, polizia eredua baizik. Baina egin dezagun beste urrats bat atzera. Polizia eredu jakin batek gizarte eredu jakin bati erantzuten dio. Zer gizarte ereduri erantzuten dio urte hauetan guztietan politikariek eta instituzioek sustatutako baskongadetako poliziak? Gizarte injustu bat, alor sozial, ekonomiko zein identitarioetan; eta, hain zuzen, Ertzaintzaren lehentasun gorena da eredu hori iraunaraztea eta bermatzea, herritarrek sustatu ditzaketen alternatiben aurrean.

Esandako hori hala bada, hori bada gure gizartean poliziak duen funtzioa, inoiz baino premiazkoagoa da egungo polizia ereduaren inguruan eta beren interesen inguruan eztabaidatzea. Bi pareten artean itotzeko arriskuan gaude. Alde batetik, gure oinarrizko eskubideen aurkako eraso etengabeak —hezkuntza, osasuna, enplegua, zerbitzu sozialak…—. Bestetik, gizarteko bidegabekeriak salatzeko eta horiei aurre egiteko aukera ematen duten eskubide zibil eta politikoei erasoa, zigor kodearen erreformaren bidez —Euskal Herriko salbuespenezko legeak Estatu osora zabaltzea, mobilizazioetara deitzeagatik edo erresistentzia pasiboa egiteagatik kartzela zigorrak ezartzea, tarta bat jaurtitzeagatik espetxeratzea…—. Gizarte Estatutik —sekula iritsi gabea— Zigor Estatura —sekula desagertu gabea—. Estatuak bazter uzten ditu funtzio sozialak, eta errepresiboak indartzen. Poliziak du ardura proiektu biolento hori aurrera jarrai dezan, beharrezko bake soziala bermatuz, kapitalak bere bideari jarraitzeko. Horregatik da Barne Ministerioa 2012ko aurrekontuetan murrizketarik izan ez zuen bakarra.

Pilotak arazo dira, baina ez dira arazoa. Arazoa da ordena sozial geroz eta injustuago bat dugula, zeinak gizarte gatazkak areagotu daitezkeela aurreikusiz, disidentziak isilarazteko eskubide zibil eta politikoak murrizten baititu, eta bake soziala bermatzeko asmoz polizia gehiago inpunitate handiagoz askatzen baitu kaleetan zehar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.