Anekdota bat da, eta anekdota bat den heinean igual ilustratuko du zerbait ala ez, baina tira, iraila iritsi dela eta irailarekin batera PISA txostena atera dela eta txostenarekin batera gauza batzuei buruzko hausnarketa egin behar dela eta, hona hemen, ba, anekdota. Geure nerabezaro millenial goiztiarra izango zen, oraindik milurteko berria iritsi gabe edo iritsi berritan, baina apuntatu ginen ikasgelako baten batzuk ikasketa teknikak izena zuen ikastaro batera. Apuntatu ginen, apuntatu gintuzten, apuntatu nahi izan genuen, presionatu gintuzten: ez dakit oso ondo zein aditz edo laguntzaile erabili. Kontua da joan ginela Bilbora autobusean, eta bertan eman zizkigutela geure ikasketa prozesuan erabilgarriak izango ziren hainbat tresna eta baliabide, nik neuk gaur egun oraindik erabili erabiltzen ditudanak. Ordukoa da informazioa sistematizatzeko eskemak egiteko daukadan fazilidadea.

Anekdota bat igual, baina bai ikasketa prozesuei eta hezkuntzari buruz hausnartzeko bestekoa. Azken PISA txostenaren arabera, irakurmenean, matematikan eta zientzian «inoiz ikusitako mailarik txikiena» atzeman da aurten: joera orokorra da, eta herrialde gehienetan gertatzen ari da —OCDEk gero zein irizpiderekin neurtzen duen kalitatea, hori ere kuestionagarria izango da, baina ez goaz horretara gaurkoan—. Hiru urtean behin ateratzen den txostenak ez du leku onean uzten geure hezkuntza sistema, eta atera dira arrapaladan geure lurraldeetako hezkuntza arduradunak erreakzio erreaktiboegiekin, erreaktibidaderako prest baleude bezala. Ei, gaizki ari gara, bai, baina besteak ere bai.
Nik ez dakit horrek zer daukan kritikatik, eta ez dakit zer daukan kritikatik Nafarroako hezkuntza arduradunak immigrazioan eta arrakala sozioekonomikoan azpimarra egin izanak; edo Euskal Autonomia Erkidegoko arduradunak hauek ez direla nahi ditugun datuak esan izanak, ikasketa gaitasuna galtzen ari garela. Beste lurralde batzuek baino baliabide material eta ekonomiko gehiago izanda ere, beste lurralde batzuetakoak baino okerragoak dira Hego Euskal Herriko datuak. Noski ari garena ikasketa gaitasuna galtzen.
Ez dakit zer daukan kritikatik Nafarroako hezkuntza arduradunak immigrazioan eta arrakala sozioekonomikoan azpimarra egin izanak; edo EAEko arduradunak ikasketa gaitasuna galtzen ari garela esan izanak
Ariko zarete ikasketa gaitasuna galtzen, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak berak abian jarritako segregazioaren aurkako mahaia 2025eko irailean eratu eta 2026ko ekainean eman bazen bukatutzat, eragile sozial eta sindikal guztiak altxa zitzaizkizuelako mahaitik, mahaiaren antzuaren nabarmenagatik. Kontatzen hasita, ariko zarete ikasketa gaitasuna galtzen, baldin eta irakasleei Irale programa kendu baldin badiezue, ikasturte honetan ez baitira eskainiko irakasleak euskararen eta euskal kulturaren inguruan trebatzeko egiten ziren murgiltze ikastaroak. Ariko zarete ikasketa gaitasuna galtzen, baldin eta sostengua duten eta sostengarriak diren eskola txikiak ixten ari bazarete, edo gelak murrizten, azaldu beharko duzuen zerbaiten mesedetan. Izan ere, eta PISA txostenaren arabera, «ikasleek zentroari edo taldeari atxikimendua diotenean, hezkuntzaren balioa aitortzen denean, ingurune seguruetan ikasten dutenean, irakasleekin eta familiekin harreman estuak dituztenean, eta beharrezko baliabideak jartzen direnean, emaitzak hobeak izan ohi dira».
Behar dugu, oro bat, guk geuk geure ikasketa prozesuari buruzko ardura hartu —heldu garen heinean geure ikasketa prozesu orotarikoena—; behar dugu geure seme-alaben ikasketa prozesuari buruzko ardura hartu —zaintzea eta akonpainatzea eta eskua ematea eta bidean laguntzea—; baina behar dugu, eta asko eta nabarmen eta balorazio konplazenteetatik harago, geure seme-alaben ikasketa prozesuari buruzko ardura har dezazuen, horretarako ardura duzuenok. Hori da politika egitea, ez beste ezer.