PKK eta PJAK-eko presoak gose greban espetxe turkiarretan

2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aspalditik munduko ezkerrean urriak dira Turkiako aldian aldiko gobernuek herri kurduaren kontra egin dituzten eta egiten ari diren asimilazio eta txikizio politikak kritikatu dituztenak. Ahots are gutxiago entzuten dira HDP alderdiko diputatuen atxiloketa eta espetxeratzeei buruz, ezta alkate, zinegotzi, erakunde sozialetako kide, kazetari, legegile eta irakasleen atxiloketa eta espetxeratzeei buruz ere. Guztiak pilatzen ari dira erregimen turkiarraren kartzela doilorretan. Horrez gain, ez dago instituzioetan ia ahots bakar bat ere PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta PJAK Kurdistanen Aske Bizitzeko Alderdiko presoen egoera salatzeko.

Turkian 2019tik AKP eta MHP alderdiek osatzen duten koalizio gobernuak —CHP talde kemalistaren oposiziorik gabe— parte hartu du Libiako erasoaldian, gerra itsasontziak bidali ditu Mediterraneoan gasa bilatzeko, Nagorno-Karabagheko gerran aritu da Azerbaijan babesten Armeniaren kontra, eta, herri kurduari eraso eginda, Irak eta Siriako zonaldeak inbaditu ditu, Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren onespenarekin.

Ez da ahaztu behar agenda turkiarraren helburua, oraindik ere, Alepotik Kirkukera doan lurraldea okupatzea dela, berriro ezartzeko inperio otomandarraren mugak, 1920ko Misak-Milli manifestuan jasota daudenak, zeinean Errepublika Turkiarrak barne hartzen zituen Siria zein Irakeko iparraldeak. Edonola ere, plan horiek egikaritzeko, beharrezkoa da txikitzea hobekien antolatuta dagoen Ekialde Hurbileko indar politiko eta gerrillaria: PKK Kurdistango Langileen Alderdia.

Erdoganek badaki ez duela indar nahikorik bere kabuz hori egiteko, eta horretarako beharrezkoa du nazioartearen babesa. Turkian, AKP eta MHPren arteko gobernuak ekin dio genozidio politikoari, HDPko 20.000 kideren atxiloketetan islatu dena. Horietako 10.000 espetxeratu egin dituzte.

Legearen eta gizartearen esparruan, Erdoganen politikek garatu dute feminizidio sistematikoa. Turkiako presidenteak jarraitzen du bere mentalitate matxistan eta arrazistan oinarritzen, modu planifikatuan emakume kurduen aurka eginez. AKPk gobernuan egin dituen hemezortzi urteetan, Erdogan bilakatu da emakumeak sarraskitzen, hiltzen eta bortxatzen dituen sistemaren egile nagusia. Aipatzekoa da emakumezkoen aurkako indarkeriak %1.000 egin duela gora, eta euren lan akademikoa, artistikoa eta profesionala kriminalizatzen ari dela.

2020ko azaroaren 27an PKKeta PJAK —Irango Kurdistanen borrokatzen du— erakundeetako presoek gose greba abiatu zuten txandaka,Abdullah Ocallanen isolamenduaren amaiera aldarrikatzeko, zeina Imraliko espetxean dagoen duela 22 urte. Erdoganek eta bere gobernuak ondo dakite Imralin gertatzen dena marra gorria dela kurduen askapen mugimenduarentzat, eta Ocallanen bakartzea, herri kurdua zigortzeko modu bat. Giza eskubideen urraketak eta Imraliko kartzelako isolamenduak preso orori eragiten diete. Izan ere, Ocallanen planteamenduak Zibilizazio demokratikoaren aldeko manifestua-n gorpuzturik daude, eta oso garrantzitsuak dira Ekialde Hurbileko zein munduko gatazken konponbiderako.

Dudarik gabe, Ocallani ezarritako isolamendua lotuta dago arazo kurduaren irtenbidearekin eta «konponbide ezaren» politikarekin. Berez, Ocallanek proposatutako ideiek (Rojavako iraultzan abian jarritakoak) estatu-nazioen sistemak sortutako tentsioak arindu ditu, hango herri eta talde etniko ugariren artean. Baina, zalantzarik gabe, proposamen horiek kalte egiten diete gerra politikak sustatu eta baliatzen dituzten indarrei.

Plan horietan guztietan, Turkiak badauka KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoaren babesa, zeinak gero eta autonomia gutxiago duen Hegoaldeko Kurdistango gobernuan, Irakeko estatuan. KDPren sistema tribal eta feudalak lehentasuna eman dio Turkiako Errepublikarekin dituen harremanei, eta naturaren kontrako bikote horrek boterean jarraitzeko balio izan dio Barzani klanari.

Elkarlan horrek ez du Erdoganen grina inperialista murriztu Irakeko iparraldean, eta gero eta eskualde gehiago okupatu ditu han. Are gehiago, urtarrilaren 18an Defentsa ministro turkiarrak Bagdad bisitatu zuen, okupazioa handitzeko. Irakeko Gobernuak ez die, momentuz, asmo horiei oniritzia eman, eta horrek eraman du Turkia Europa eta Amerikaren babesa bilatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.